euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Arkitekturaren Munduko Eguna ospatuko du beste erakunderekin batera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/29

Irudia
Mugak 2019 edizioko parte-hartzaileak. Argazkia: Euskadiko Arkitektura Institutua

Urriaren 4an, hilabetearen lehen astelehenean, Arkitekturaren Munduko Eguna ospatzen da, diziplina horri eskainitako aste oso bati hasiera ematen dion eguna. Euskadiko arkitektura-eragile nagusiek hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte, arkitekturak pertsona eta hirien egunerokotasunean duen garrantzia eta gizarte- eta kultura-mailan duen esanahia nabarmentzeko.

Erakunde horiek honakoak dira: Euskadiko Arkitektura Institutua, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (EHAEO), UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa (AGET), Peña Ganchegui Artxiboa, Atari, Habic eta Moduz. Guztiak datorren astean izango dira.

Arkitekturaren Astearen barruan, nabarmentzekoa da Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren programaren aurkezpena, hilaren 8an Euskadiko Arkitektura Institutuan. Azaroan izango da Mugak/ -en hirugarren edizioa, Donostian, Gasteizen eta Bilbon.

Duela aste batzuk, Bienalak edizio honetarako baieztatutako lehen hizlarien berri eman zuen. Christian Kerez, Carme Pinós, 6a Architects eta Óscar Tusquets bezalako nazioarteko erreferenteak izango dira Mugak/ 2021en kartelaren izenetako batzuk; datorren ostiralean, hilak 8, gainerako jarduerei, erakusketei, tailerrei eta abarri buruzko xehetasunak emango dituzte antolatzaileek.

Aste horretan bertan, urriaren 5etik 7ra, Euskadiko Arkitektura Institutua Espainiako lehen Hiri Foroan izango da, Sevillan. José Ángel Medina zuzendariak New Bauhausi buruzko mahai-inguru batean parte hartuko du, Mies van der Rohe Fundazioa bezalako beste erakunde batzuekin batera. Foroan, gainera, hainbat pertsona ezagunek parte hartuko dute, hala nola, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Shipra Narang Suri NBE-Habitateko Hiri Praktiken departamentuko buruak.

Birgaitzea eta ondarea

Urriaren 4an bertan, Arkitekturaren Munduko Egunean, EHAEOk eraikinak birgaitzearen eta hiri-berroneratzearen garrantzia azpimarratuko du,  Europan ere egiten ari diren apustua, hain zuzen ere, Next Generation EU funtsekin. Horretarako, bisita gidatua antolatu du Otxarkoaga (Bilbo) eta Txonta (Eibar) auzoetara. Bertan, 'Opengela' izeneko auzo-bulegoak jarri dira, auzotarrei eraikinak birgaitzeko prozesu osoan laguntzeko. Autobusa Donostiatik abiatuko da eta doakoa izango da, aldez aurretik EHAEOren webgunean izena emanda. Lehenik Bilbon egingo du geldialdia eta antolakuntzaren eskutik hamaiketakoa egin ondoren Txontan amaituko da.

Egun berean, EHAEOk hiru DOCOMOMO plaka jarriko ditu Bizkaian, jartzen den eraikinaren ondare-balioa nazioartean egiaztatzen duen ikurra, alegia: 10: 00etan, Bilboko Ercilla kaleko 43. zenbakiko etxebizitza-eraikinean; 11:00etan, Bilboko Echaniz Suhiltzaile Osasun Zentroan; eta 12:30ean, Abrako Itsas Klubean eta Getxoko Real Sporting Klubean.

Bi egun geroago, hilaren 6an, beste plaka bat jarriko da Donostiako Portuko Eraikin eraberritu berrian (Portavionesen), Luis Tolosaren 1943ko obra eta Mugimendu Modernoaren Arkitekturaren adibidea. Ekitaldiak 17:15ean hasiko dira Euskadiko Arkitektura Institutuan eta plaka 18: 00etan jarriko da.

Peña Ganchegui Saria Euskal Arkitektura Gazteari

Euskadiko Arkitektura Institutuan bertan, hilaren 7an, Peña Ganchegui Saria emango zaio Euskal Arkitektura Gazteari. Egun horretan jakingo da Peña Ganchegui Artxiboak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak antolatutako sariaren hirugarren edizioko irabazlea, diziplinako profesional gazte baten ibilbidea aitortzea helburu duena. Arkitekto irabazleari edo, hala badagokio, estudioari erakusketa bat egingo zaio Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalean. Aurreko edizioko irabazleek diseinatuko dute erakusketa, Iñigo Berasateguik eta Ane Arcek.

Erakunde gehiago batuko dira programazio propioarekin. Aurreko asteburuan, urriaren 2an eta 3an, Atarik Donostiako Artzain Onaren Katedraleko dorrera bisitaldiak antolatuko ditu. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak (AGET) hitzaldi bat antolatu du hilaren 4an Bartzelonako 300.000km/s estudioko kideekin. Egun berean, Habicek gune berri bat inauguratuko du fakultatean bertan: Habic enpresa-ikasgela, hamaika ekipamendu- eta diseinu-enpresaren partaidetzarekin, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana, ikerketa eta arkitektura jasangarriaren garapena sustatzeko helburua duena. Bestalde, Moduz Kultur Elkarteak erakusketa bat irekiko du hilaren 8tik aurrera Cristina Enean, parkean instalatutako bederatzi altzari piezaz osatua, bisitariek piezaz eta haren bidez inguruneaz gozatzeko aukera izan dezaten.