euskaraespañol

XXIX. Euskadiko Kimika Olinpiada, Zientzia eta Teknologia Fakultatean

Noiz eta non

Noiztik: 2016/02/26 Noiz arte: 2016/02/25, 16:00 - 10:10

Irudia

Deskribapena

Ostiralean, otsailak 26, 16:00etan, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Sarriena auzoa z/g, Leioa), Euskadiko Kimika Olinpiadaren fase autonomikoa egingo da. Hain zuzen, 10 ikastetxetako batxilergoko 37 ikaslek parte hartuko dute bertan. Pascual Román irakaslea da Kimikaren Espainiako Errege Elkarteak (RSEQ) eta Kimikarien Euskadiko Elkargo Ofizialak antolatutako Olinpiadaren Euskadiko koordinatzailea.

Olinpiada EAEko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzendua dago. Ikasleen artean zientzia hau sustatzea eta ikasleak zientzia honen garapenean inplikatzea du helburu, baita egungo munduan kimikak duen garrantzia nabarmentzea ere, arlo honen aurrerapena eta dibulgazioa bultzatuz. Olinpiadako koordinatzaileak adierazi duenez, "gaur egungo eta etorkizuneko zientzialarien erronkek ezin izango dute arrakastarik izan kimika arloan, eta zientzian orokorrean, prestakuntza egoki bat eduki gabe, oinarrizkoa etorkizuneko belaunaldientzat".

Ikasleek proba teorikoak (kimika arloko galderak eta problemak) gainditu beharko dituzte ikasgelan. Punturik gehien lortzen dituzten ikasleek olinpiaden fase nazionalean parte hartuko du ondoren; hain zuzen, Madrilen, apirilaren 2an. Aurten, segurtasun arrazoiengatik, irabazleek ez dute parte hartuko 48. Nazioarteko Olinpiadan, uztailaren 20tik 29ra bitartean Karachin (Pakistanen) egingo dena. Bestalde, XXI. Kimika Olinpiada Iberoamerikarra Kolonbian ospatuko da, oraindik zehaztu gabe dauden egun eta tokian.

Sari akademikoarekin batera, Euskadiko Kimika Olinpiada irabazten duten hiru ikasleek tokiko instituzio eta erakundeek eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak emandako sari eta aintzatespen diplomak jasoko dituzte.

Deialdi honetara ikasle gehien ekarri dituzten ikastetxeen artean daude Julio Caro Baroja institutua (9 ikasle) eta Padre Andrés Urdaneta ikastetxea eta Esclavas del Sagrado Corazón ikastetxea (5 ikasle bakoitzak). Lurraldeka, nabarmentzekoa da Bizkaiko ordezkaritza. Pascual Románek adierazi duenez, "Zientzia eta Teknologia Fakultateak datozen edizioetan olinpiadetako parte hartzaile kopurua handitzea lortu nahi du".