euskaraespañol

Argiaren eta materiaren arteko indarrik handienaren inguruko workshopa

Noiz eta non

Noiztik: 2016/09/19 Noiz arte: 2016/09/21, 09:00 - 19:00

Irudia

Deskribapena

Irailaren 19tik 21era bitartean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologiako Gradu Aretoan (Bizkaiko Campusa, Leioa), Ultra-Strong Light-Matter Interactions: theory and applications to quantum information izeneko nazioarteko workshopa ospatuko da, UPV/EHUko Quantum Technologies for Information Science (QUTIS) ikertaldeak antolatua.

Biltzar horretan izango dira argiaren eta materiaren arteko lotura akoplamendu ultragogorra deritzon erregimen berrian ikertzen duten arloetako munduko aditu nagusiak. Oinarrizko ikuspuntutik, ikerketa horiek optika kuantikoaren esparruan daude; praktikari dagokienez, ordea, teknologia kuantikoko aplikazio garrantzitsuetan eragina izan dezakete.

Zientzia erakunde aurreratuenek urte gutxi daramate akoplamendu ultragogorraren erregimena aztertzen maila teorikoan nahiz esperimentalean. Erregimen horren bidez, beste interakzio mota bat ezarri nahi da laserren, atomoen eta material supereroaleen artean. Hainbat aplikazio posible ditu: konputazio kuantiko ultraazkarra egitea eta metrologiaren aldetik askoz zehatzagoak diren sentsoreak diseinatzea, besteak beste. Argiaren eta materiaren arteko akoplamendu ultragogorra mugako ikerkuntza gaia da, eta Europako Batasunak XXI. mendeko teknologia kuantikoak garatzeko egin duen milioi ugariko inbertsioari esker jorratu da.

QUTIS taldea munduko liderretako bat da optika kuantikoa eta konputazio kuantikoa garatzeko bide ematen duten proposamenak egiten, eta Bizkaiko Campusean (Leioa) jarduten du. Campus horrek, hain zuzen ere, hogei urte eman ditu antzeko arloetako zientziak lantzen, eta ehunka zientzia artikulu esanguratsu argitaratu ditu izen handiko aldizkarietan. QUTIS taldeak gonbidatutako kontinente guztietako hamarnaka hizlarik, nazioartean ospe handiko ikertzaileak asko, hitzaldiak emango dituzte workshop honetan euren emaitza zientifiko eta teknologiko berrienak aurkezteko.

Informazio gehiago:
www.qutisgroup.com/workshop-on-ultra-strong-light-matter-interactions/