euskaraespañol

Europako hedabide eta hizkuntza gutxituei buruzko azterlan bat aurkeztu dute Atlantan

UPV/EHUko Kazetaritzako katedradun Iñaki Zabaletak HEKA ikerketa taldeak 18 urtez bildutako datuen berri eman du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/08

Irudia

Europan, 4.800 kazetari ari dira lanean, lanaldi osoan, guztia hizkuntza autoktonoan egiten duten 1.070 hedabidetan. Datu horiek eta beste batzuk aurkeztu ditu Iñaki Zabaletak, Kazetaritzako katedraduna eta UPV/EHUko ‘Europako Hizkuntza Gutxituetako Hedabideak eta Kazetaritza‘-ri buruzko HEKA ikerketa taldeko zuzendaria denak, Atlantan Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Elkartearen (AAAL) urteko kongresuan emandako osoko konferentzian.

Ikerketa taldeak 18 urtez bildutako datuak jasotzen zituen ikertzailearen hitzaldiak; zehazki, Europako hamar hizkuntza gutxitu hauetan aritzen diren kazetaritza eta komunikabideei buruz: euskara, galiziera, katalana, irlandera, gaeliko eskoziera, bretoiera, korsikera, frisiera eta samiera (laponiera).

Zabaletak, era berean, azaldu zuen hizkuntza komunitate horiek 37 milioi lagun dituztela orotara, eta horietatik 12 milioik bertako hizkuntza baliatzen dutela. HEKA taldearen ikerketen arabera, komunikabide horien urteko bolumen ekonomikoa –diru sarreren batura, alegia– 1.219 milioi eurokoa da; horietatik, 712 milioi euro katalanez aritzen diren hedabideei dagozkie, eta 103 milioi euro, berriz, euskarazko hedabideei. Halaber, ikerketen arabera, dauden 1.070 hedabideetatik % 87k webgunea dute eta % 75ek sare sozialetarako jauzia eman dute.

Hitzaldi horretan bertan, Zabaleta irakasleak Hedabideen Garapen Indizea ere aurkeztu zuen, bere ikerketa taldeak egindakoa; indize horrek hizkuntza gutxituetako indar mediatikoaren maila neurtzen du, zenbait aldagai aztertuta.

Lehenengo aldia izan da hau, AAAL elkarteak Espainiako unibertsitate baten ordezkari bat osoko hizlari gisa gonbidatu duena. HEKAko zuzendariaren esanetan, “AAAL elkarteak egindako gonbidapena, kongresuko kideen aurrean (gehienak Estatu Batuetako eta Kanadako hizkuntzalariak) osoko hitzaldi bat emateko, gure taldearen eta unibertsitatearen beraren lanaren aitormena” da. Hori horrela, Zabaletak nabarmendu duenez, “ez genuen inolako harremanik elkarte horrekin; haiek eskatu ziguten Atlantara joateko, aspalditik ari zirelako gure ikerketak jarraitzen”; eta hau ere gehitu du: “antolatzaileek adierazi ziguten hitzaldiak oso onarpen ona izan zuela”. Erakunde entzutetsu horretan, 5.000 unibertsitario baino gehiago ari dira Hizkuntzalaritzaren alderdi teorikoak aztertzen. Martxoan egindako kongresuan, 1.500 kide inguruk hartu zuten parte.