euskaraespañol

Harkaitz Zubiri Esnaola

Genero indarkeriaren biktimei laguntza ematen dieten pertsonak nola babestu

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/12

Harkaitz Zubiri Esnaola
Harkaitz Zubiri Esnaola. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Joan den abenduaren 22an, Kataluniako Parlamentua bigarren mailako genero  indarkeriaren lege bat aho batez onartu duen munduko lehenengo ganbera legegile bihurtu zen. Araudiaren arabera, honako honetan datza bigarren mailako indarkeria: «Indarkeria matxistaren biktimei laguntzen dieten pertsonen aurkako indarkeria fisiko edo psikologikoa, errepresaliak, irainak eta jazarpena. Barne hartzen ditu halako egoerak prebenitzea, hautematea eta indarkeria matxistako egoeran dauden emakumeei arreta ematea eta suspertzea eragozten duten ekintzak».

Funtsezko pausoa da, genero indarkeriari buruzko isiltasuna apurtzeko beharrezkoa baita biktimek beste pertsona batzuen elkartasun aktiboa sentitzea. Oraindik ere, gehienetan, biktimek ez dute babesik sentitzen, eta gutxitan salatzen dute. Eta, oraindik ere, salatu ondoren, hala biktimek nola lagundu dieten pertsonek erasoak jasaten dituzte. Horrek guztiak isiltasunaren legea sustatzen du, eta biktimak gero eta isolatuago geratzen dira.

Aldiz, laguntza sareei esker, biktimak bizirik atera diren pertsona bihurtzen dira, eta genero indarkeriari buruzko isiltasuna hausteko baldintzak sor daitezen laguntzen dute. Horregatik, ezinbestekoa da genero indarkeriaren biktimei laguntzen dieten pertsonak babestea. Indarkeria erabiltzen dutenek badakite laguntza sareei esker biktimek egoera salatu dezaketela eta, horregatik, ahal dutenean, biktimak babesten dituzten pertsonei erasotzen diete.

Eragin sozialeko ebidentzia zientifikoetan oinarritutako lege bat

Bigarren mailako indarkeriaren legea hainbat urteko ikerketa zientifikoan oinarritzen da. Duela gutxi, Ramón Flechak bigarren mailako sexu indarkeriaren edo, ingeleseko siglen arabera, SOSH delakoaren inguruko artikulu bat argitaratu zuen Violence Against Women aldizkarian. Argitalpen hori emakumeen kontrako indarkeriari buruzko maila goreneko aldizkari zientifikoa da. Artikuluan, mota horretako indarkeria definitzeko gakoak zehazten dira eta indarkeria horri aurre egiteko formula azaltzen da.

Ramón Flecha Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna da eta ikaskuntza komunitateak eta CREA ikerketa zentroa sortu ditu. CREA zentroak bigarren mailako sexu indarkeriari buruzko lehenengo kongresua antolatu zuten Bartzelonan, 2016an. Zenbait hamarkadaz genero indarkeria prebenitu eta gainditzeko moduak identifikatzeko ikertzen aritu ondoren, Flecha da Google Scholarren arlo horren inguruan aipamen gehien jaso dituen ikertzailea, mundu osoan.

Genero indarkeriaren funtsezko osagai bat

1970eko eta 1980ko hamarkadetan, eraso fisiko eta sexualak soilik jotzen ziren genero indarkeriatzat, eta hitzezko erasoak eta eraso ekonomikoak ere kategoria horretan sartu behar ote ziren eztabaidatzen ari ziren. Alabaina, gaur egun, Europan, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta horri aurre egiteko Hitzarmena dugu, zeina Europako Kontseiluak onartu zuen 2011n eta 2014an jarri zen indarrean.

Hitzarmen horren arabera, genero indarkeriak barne hartzen ditu nola indarkeria fisikoa, psikologikoa eta sexuala hala mutilazio genitala, ezkontza behartua, sexu jazarpena, abortu behartua eta esterilizazio behartua.

Arau hori oso baliabide eraginkorra da genero indarkeriaren kontra borrokatzeko. Nolanahi ere, orain arte legeek ez zuten jasotzen biktimei laguntzen dieten pertsonak babesteko modurik, eta lege horrek ere ez zuen halakorik egin. Ikerketak arazoa aurretiaz aipatu zuen arren, ez zitzaion behar zuen garrantzirik eman, kasu zehatz batzuetan izan ezik, eta kasu horietan ere Flecha irakaslearekin hainbat urtez lan egin duten ikertzaileen eskutik izan da.

Genero indarkeriaren lekukoak

Genero indarkeriak lekukoak uzten ditu, hala gertakariak ikusten dituztenak nola gertatutakoari buruzko informazioa jasotzen dutenak. Nazioarteko esku hartzeetan, lekukoen esku hartzearen eredua lehenesten da indarkeria gainditzeko. Ramón Flechak erakutsi du lekukoen biktimenganako elkartasunak duen oztoporik handiena beldurra dela, biktimei laguntzeagatik errepresaliak pairatzeko beldurra, hain zuzen.

Bigarren mailako indarkeria askotariko harreman, modu eta testuingurutan ager daiteke. Sarritan, lehen mailako indarkeria gauzatzen duen pertsona izan ohi da bigarren mailako indarkeria baliatzen duena, baina beste norbaitek ere egin dezake. Hala emakumeek nola gizonek jasan dezakete, biktimari laguntza ematera ausartzen den edonor izan baitaiteke xedea.

Batzuetan erasoa fisikoa izaten da baina, askotan, erasotzaileak mehatxatzen eta gezurrak zabaltzen saiatzen dira, biktimen izen ona zikindu eta haien sinesgarritasuna ahultzeko. Bereziki, pertsona horiek lehen mailako biktimak gehiago ez babestea lortu nahi dute erasotzaileek halako erasoen bidez. Eta gainerakoentzat eredu izatea, biktimekiko elkartasun aktiboa izaten ausartu ez daitezen.

Genero indarkeria jorratzen duten erakunde politikak erabilgarriak izan daitezke biktimak babesteko, baina ez dute bermatzen bigarren mailako indarkeriaren aurkako modu eraginkorrean jardungo denik. Batzuetan, biktimak zaintzeaz arduratzen direnek ez dakite benetan zer gertatu den eta biktimei laguntzera ausartu direnei erasotzen diete. Babesik jasotzen ez denean, indarkeriaren ondorioak areagotzen dira.

Aldiz, bigarren mailako indarkeriaren biktimek babesa jasotzen dutenean, lehen mailako biktimek beren kasua jendaurrean azaltzeko aukerak handitzen dira. Horregatik, elkartasun sare informalak erasoetatik babestuta egon daitezen bermatu behar da. Hori gertatzeko, beharrezkoa da biktimei laguntzen dieten pertsonen segurtasuna bermatzeko estrategiak lantzea, elkartasun sareen sorrera sustatzea eta genero indarkeriaren kontrako politikak praktikan jar daitezen ziurtatzea.

Bigarren mailako indarkeriaren legearen etorkizuna

Gero eta ganbera legegile gehiagok sartuko dute bigarren mailako indarkeria beren legerian, baina hori bezain garrantzitsua da legea zabaldu eta aplikatzea, fenomeno hori benetan gelditu dadin. Genero indarkeriaren biktimei laguntzeak ez luke ekintza heroiko bat izan beharko. Asko lagunduko luke, genero indarkeria prebenitu eta gainditzeko, legerian halako urratsak egitea. Horregatik, bigarren mailako genero indarkeriaren aurkako legeak onartzea eta benetan aplikatzea lagungarria izango litzateke.

The Conversation