euskaraespañol

Txillardegi omenduko dute Korrikak, UPV/EHUk eta Jakinek ekitaldi, film eta liburu bildumarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/06

Irudia

Txillardegiren ekarpenari aitortza egiteko elkar hartu dute Korrikak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) eta Jakinek. Izan ere, Txillardegi aitzindaria izan zen hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, irekia, ez esentzialista, eta hizkuntza naziotasunaren erdigunean kokatu zuen nazioarteko pentsalariak gurera ekarriz; euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen; euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen eta Europako moldeetara ekarri zuen euskal literatura Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin; soziolinguistikan ikuspegi berritzailea txertatu zuen UPV/EHUn, soziolinguistika matematikoarekin, besteak beste. Ekin eta ETAko sortzaile, politikan ere jardun zuen gaztetatik, ondoren ESB, HB eta Aralar alderdiekin militatzeko. Eta euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua izan zen, hala nola Euskal Herrian Euskaraz taldearekin.

Hori guztia kontuan izanik, norbere ertzetik baina elkarlanean omendu nahi izan dute hiru erakundeek Txillardegi. Hala adierazi dute prentsaurrekoan Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak, Miren Rubio Txillardegiren biografiaren egileak eta Kote Camacho dokumentalaren zuzendariak.

Korrikaren omenaldi-ekitaldia

Euskara batuaren 50. urteurrena bete berri dela eta, Txillardegi omentzea erabaki du 21. Korrikak, «gorazarre egiteko hainbat arrazoi izanagatik ere, bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko», zehaztu du Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak. «Arantzazuko Biltzarraren 1968ko euskara batuaren sorrera-agiritzat jotzen den txostenaren aurrekariak Txillardegik jarri baitzituen, 1964an egindako Baionako Bileran».

Omenaldi-ekitaldia antolatu du Korrikak otsailaren 9an, Donostiako Musikene goi-mailako musika-ikastegian. Jakin eta UPV/EHUrekin batera, Txillardegi Liburutegia Herri-ekimeneko kideek ere hartuko dute parte, Txillardegiren gustuko ziren piano-piezek lagunduta. Era berean, oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Amaitzeko, Kote Camachok osatutako Txillardegiren KLIKA ikus-entzunezkoa proiektatuko da.

Sarrera doakoa da, gonbidapen bidez; etorri nahi duen orok honako helbidean eskatu behar du gonbidapena: ekitaldiak@korrika.eus

Dabilen pentsamendua bilduma

XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko osatu dute Jakinek eta UPV/EHUk elkarlanean Dabilen pentsamendua izeneko liburu bilduma berria. Elkar Fundazioak saritutako XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa izeneko Jakinen proiektuaren baitan kokatzen da, eta egilekako eta gaikako antologiekin osatuko da.

Txillardegiri eskaini diote bildumaren aurreneko saila. «Txillardegik unibertsitatetik euskararen alde egindako ikerketa-lan oparoaz gain, goraipatzekoa da egindako lan militantea eta gizartea sentsibilizatzeko zuen gaitasuna», gogorarazi du Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak. Jakinekin Txillardegik zuen harreman estua gogoan, hala dio Lorea Agirre Jakineko zuzendariak: «Jakinen obsesioa izan da eta da euskal kultura eta pentsamendua sortzea, lantzea, plazaratzea eta transmisioa egitea. Eta, nola ez, lehenak Txillardegi behar zuen izan».

Txillardegi kokatzeko, biografia idatzi du Miren Rubio kazetariak: Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. Asmo dibulgatiboz idatzia, Txillardegiren hari-muturrak josi ditu kronologikoki, bere pentsamenduak eta bizipenak nola gurutzatzen diren ulertarazteko. «Euskal Herriko azken hamarkadetako historian zehar egindako kontaketa ere bada biografia hau», dio Rubiok. «Garaian garaiko auziei erantzuten aitzindari izan baitzen Txillardegi». Jone Forcada emaztea, Joxe Azurmendi filosofoa –hitzaurrea ere osatu duena–, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzalea, Patxi Zabaleta abokatua eta Aralarreko koordinatzaile ohia, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria eta euskaltzaina, eta Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez UPV/EHUko irakasle ohiak elkarrizketatu ditu, besteak beste. AEK eta Korrikaren babesa jaso du argitalpen honek, omenaldiarekin bat eginez.

Txillardegiren testu hautatuekin eman diote sailari jarraipena. Euskara batua, nazio auzia eta hizkuntzaren filosofia ardatz hartuta beste hiru liburu argitaratu dituzte. Testuen hautaketaz Alaitz Aizpuru Joaristi arduratu da. Filosofian lizentziaduna da Aizpuru, eta Txillardegiren ekarpena berariaz ikertu du. Horrekin batera, liburu bakoitzak bere hitzaurrea du, gaia kokatu eta Txillardegiren ikuspegia aletzeko: Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari eta euskaltzainak idatzi du euskara batuarena, Joxe Manuel Odriozola idazle eta euskara irakasleak osatu du nazio auziari eskainitako atarikoa, eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategi UPV/EHUko filosofia irakasleak heldu dio hizkuntzaren filosofiaren hitzaurreari.

Dabilen pentsamendua bildumaren aurreneko lau liburuak dira, Txillardegiren sailak jarraipena izango baitu testu hautatuekin, eta beste autore batzuk ere gaineratuko zaizkio bildumari etorkizunean.

Txillardegiren klika irudietan

14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho Txillardegiren KLIKA filma osatzeko. Hori oinarri hartuta josi ditu ondoren irudietan Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren zein Joxe Azurmendiren hitzak, besteak beste. Baita bestelako dokumentuak ere: «ETBko zintetatik Euskadiko Filmategiko apaletara, artxibo pribatuetan barrena ere ibili gara Txillardegiren bila», dio egileak. «Desagertutzat emandako materiala eta inoiz argitaratu gabeko grabazioak ere topatu ditugu tartean».

Dokumentalak Korrikaren «Klika» leloarekin bat egiten du, Txillardegik berak euskara ikasten hasteko klika noiz sentitu zuen baita elkarrizketa nagusiaren abiapuntua.

Eneko Dorronsoro zinegilearen laguntza ere izan du Camachok. Korrikaren omenaldi-ekitaldian ikusiko da aurrenezkoz, eta ETBn nahiz sarean izango da ondoren ikusgai.