euskaraespañol

DomusVi fundazioak 10.000 euro eman dizkio ELEKIN ikerketa taldeari alzheimerraren aurkako borrokan aurrera egiteko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/10

Irudia
DomusVi fundazioak 10.000 euro eman dizkio ELEKIN ikerketa taldeari. Argazkia:DomusVi fundazioa

Aurten, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ELEKIN ikerketa taldea izan da hautatua DomusVi fundazioaren ‘Kms. para recordar’ ekimen solidarioan bildutako 10.000 euroak jasotzeko. Ekimen horretan, Espainia osoko 12.000 pertsonak 100.000 kilometro egin zituzten 7 egunetan, eta fundazioak kilometro horiek euro bihurtu eta alzheimerraren aurkako borrokan aurrera egitera bideratu zituen.

Talde horren ikerketa lerroetako bat ingeniaritza biomedikoa da. Bioseinaleak aztertzeko sistemak egiten dituzte, medikuntzako profesionalei diagnostikoak egiten laguntzeko. Beste zenbait proiekturen artean, aipatzekoa da bat-bateko hizketaren analisi automatikoa. Diagnostiko teknika hori adimenduna eta ez-inbaditzailea da, eta alzheimerra goiz detektatzeko aukera ematen du. ELEKIN eragile eta unibertsitate askorekin lankidetzan aritzen da, patologia hori eta beste batzuk goiz detektatzeko metodologiak garatzeko helburuarekin. Bertako koordinatzaile Karmele López de Ipiñak fundazioaren txekea jasotzean adierazi zuenez, “dohaintza honek alzheimerra hobeto ezagutzen eta gaixotasuna pairatzen dutenen bizi kalitatea hobetzeko tresna teknologiko berriak garatzen lagunduko du”.

‘Kms. para recordar’ gizarte osoari irekitako ekimena da. Horren bidez, DomusVi fundazioak, elkartasuna eta jarduera fisikoa uztartuz, neuroendekapenezko gaixotasun honen kontra borroka egiten laguntzen du. Ekimena Alzheimerraren Nazioarteko Egunean jarri zen abian, DomusVi zentro eta zerbitzuek antolatutako hainbat ibilaldirekin. Aste bakarrean lortu zen DomusVi fundazioak urte honetarako bere buruari jarritako erronka: 100.000 kilometro egitea. Hortaz, fundazioak hamar mila euro eman ditu Espainian 1,2 milioi pertsonari baino gehiagori eragiten dien patologia horren aurka borrokatzeko.

Aurreko edizioak

Lehen edizioan, DomusVi fundazioak 14.000 euro eman zizkion Donostiako CITA fundazioari. Irabazi asmorik gabeko erakunde hori gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra lortzeko modua ikertzen ari da. Horrez gain, beste 6.000 euro eman zizkien alzheimerra duten gaixoen senideen zenbait elkarteri.

Bigarren edizioan, konpainiak 10.000 euro eman zizkion Pasqual Maragall fundazioari, bere Alfa Azterketa egin zezan. 2.743 boluntariok hartu zuten parte azterketa horretan, gehienak gaixotasunak ukitutako pertsonen ondorengoak, prebentzio estrategiak diseinatzen lagunduko duten biomarkatzaileak eta arrisku faktoreak identifikatu ahal izateko informazioa biltzeko asmoz. Horrez gain, edizio horretan beste 10.000 euro eman zizkion CIEN fundazioari. Diru hori alzheimerra ikertzeko eta goiz diagnostikatzeko Vallecas proiektura bideratu zen.