euskaraespañol

Eguneko irudia

César San Juan Guillén

Gure portaera hondamendi naturaletan eta larrialdietako psikologiaren garrantzia

Irakaslea Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailean

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/11

César San Juan Guillén
César San Juan Guillén. Argazkia: UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Larrialdietako psikologia deritzonaren zeregina ageriago gelditu da La Palmako uharteko sumendiaren erupzio suntsitzaileak eragindako egoera latzaren ondorioz. Batez ere, labaren jarioa aldakorra, etengabea eta etenezina delako, eta horren hedapenaren kontra ezin delako ezer egin.

Ikerketa batek zalantzan jarri ditu gizartean hondamendietan pertsonek izaten ditugun jokabideei buruz zabalduta dauden usteak (izu irrazionaleko erantzunak, jokabide antisozialak, arpilatzeak, etab.).

Ziurrenik, hondamendiei buruzko zinemaren arrakastari zor diogu larrialdietan edo hondamendietan gizakiek dituzten jokaerei buruz dugun irudi hori. 'Kolosoa sutan', 'Poseidon', 'Earthquake' eta 'Volcano' filmek, besteak beste, puztu egin dute gizakien portaeraren alderik ilunena eta irrazionalena. Kasu gutxi batzuetan soilik azaldu dute alderdirik duinena: burua galdu duen jendetzaren aurkako norabidean korrika agertzen diren heroiak ateratzean.

Ebidentzia enpirikoak dionez, hondamendi naturalen kaltetuek badituzte horiei aurre egiteko nahikoa baliabide psikosozial. Hala ere, askotariko kasuak izango dira jasandako ondorioen arabera, noski. Beste era batera esanda, ez da gauza bera maite dugun norbait galtzea, etxebizitzarik gabe gelditzea edo, beste plano batean, laba eztandei kezkaz begiratzea urrutitik.

Koadro kliniko ohikoenak

Edonola ere, administrazioak bermatu egin behar ditu bai kaltetuen oinarrizko behar materialak, bai askotariko arrazoiengatik laguntza zuzenekoagoa edo babes psikologikoa beharko duten pertsonei arreta ematea. Izan ere, halakorik eman ezean, garrantzi klinikoko koadroak agertuko dira. Honako hauek dira ohikoenak:

  • Trauma osteko estresaren sindromea: trauma eragin duen gertaera berriz bizitzea. Gertaerari lotutako estimuluak saihestea. Aktibazio motorra handitzea. Ideia suizidak agertzeko arriskua.
  • Hondamendiaren ondoriozko atsekabearen sindromea: galera nabarmenak izan dituzten pertsonen kasuan, litekeena da mina sentitzea maite duten norbait, beren gauzak edo bizigaia galdu izanagatik, eta hori azaleratzea tristura, sumin, antsietate, nostalgia, atsekabe, eta abar moduan.
  • Bizirik irten denaren sindromea: hondamendietatik bizirik ateratzen diren pertsona batzuek suminkortasuna, haserrea eta agresibitatea sentitzen dituzte (handitu egiten dira gertaeraren hurrengo urteetan), ezin baitute kudeatu ingurukoek “zorte ontzat” jotzen duten egoera hori. Bizirik ateratzen direnek, gainera, arazo fisiko gehiago eta heriotza-tasa handiagoa dituzte.
  • Ondorioak haurrengan: hondamendiak jasaten dituzten haurrengan ohikoak dira portaera erregresiboak eta mendekotasuna handitzea.

Kaltetuen baliabideak

Azken batean, subjektuari –ezohiko egoera bat bizi du– planteatutako eskari batzuen eta horri behar bezala aurre egiteko dituen baliabideen eta gaitasunen artean gertatzen den desoreka da halako krisi baten eragin psikologikoa ulertzeko funtsezkoa. Oso tipikoa da inpotentziaren eta efikazia ezaren sentsazio mingarria, hondamendietako arazoak konpontzeko eta emozioak kontrolatzeko ezintasunaren ondorioz.

Dena den, kontu handiz interpretatu behar dira hondamendi-egoera baten aurrean ematen diren erantzunak. Adibidez, hondamendia gertatu bitartean (hizketagai dugun kasuan bezala) edo justu ondoren beldurra, antsietatea, haserrea, frustrazioa edota erruduntasuna sentitzea normala da, egoera ezohikoa baita, gertaerarekiko erreakzioaren alderdi dinamizatzaile moduan. Horrenbestez, egokitzapenezko erantzun bat da. Pronostiko okerragoa dute, ordea, erantzun katatonikoek, pasiboek edo gehiegizko mendekotasunezkoek.

Oso ohikoa da ere hausnarketarik egin gabe irtenbideak bilatzea etengabe. Izan ere, subjektuak arreta handiegia jartzen dio arazoari, eta, ondorioz, ez die behar besteko arreta jartzen bere ingurukoen ongizatearekin edo are bere segurtasunarekin lotutako ezinbesteko beste alderdi batzuei.

"Zergatik gertatu zait niri?"

Subjektuak ere bere buruan biltzen du jarduera kognitiboa eta aztertzailea. Galderak egingo ditu, itxuraz oinarrizkoak baina objektiboki logikarik gabeak, adibidez: zergatik gertatu zait niri? Zer egin dut hauxe merezi izateko? Halako erreakzioez ari ginen arestian aipatu dugunean zenbaitzuek laguntza eta babes psikologikoa jaso behar dutela, epe luzean arazoa ez handitzeko.

Hori kontuan izanik, ageriko jardunbide okertzat jo behar dugu egunotan etengabe entzuten den eztabaida bat; alegia, aktibo edo potentzialki aktibo dauden sumendien magaletan etxebizitzak eraikitzea egokia ote den.

La Palmako uharte ia osoa sumendien magalek osatzen dutela alde batera utzita, unerik desegokiena da orain hortaz hitz egiteko, atsekabe eta inpotentzia handiagoak baino ez baititu eragiten.

Orain kaltetuen behar material eta psikosozial guztiei erantzuteko momentua baino ez da. Luze gabe egin behar dugu gainera, sumendiak ez baitu atsedenik ematen.