UPV/EHUren 'Giza Eskubideei Begiradak' erakusketak ireki du aldarrikapenaren 70. urteurrena ospatzen duen kanpaina
Unibertsitatea 'Eskerrak Giza Eskubideei' ekimenari lotu zaio, 2018an zehar oroitzapena egiteko antolatu den programari
Lehenengo argitaratze data: 2018/01/15
Euskal erakundeek martxan jarriko dute 'Eskerrak Giza Eskubideei' kanpaina, horien sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko. Ekimen horren bidez, Euskadik bat egiten du Nazio Batuek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko sustatzen duten “Defenda dezagun giza duintasuna, zuzentasuna eta justizia” kanpainarekin. Horretarako, euskal erakundeek baterako ekitaldi-programa irekia aurreikusi dute; 2018an garatuko da.
Ekimena Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, hiru hiriburuetako udalek, Eudelek eta UPV/EHUk sustatu dute, eta gaur goizean aurkeztu da, UPV/EHUren Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos erakusketa ibiltariaren inaugurazioarekin hasten den kanpainaren abiaraztearekin batera. Erakusketa hori urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik Bizkaia Aretoan - UPV/EHU (Abandoibarra 3, Bilbo).
Aurkezpenean honako hauek parte hartu dute: Jonan Fernández Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia, María Guijarro BFAko Berdintasuneko, Aniztasuneko eta Lankidetzako zuzendari nagusia, Maribel Vaquero GFAko Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendaria, Nekane Zeberio AFAko Kabineteko zuzendaria, Iñigo Pombo Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko zinegotzi ordezkaria; Juanra Viles Donostiako Udaleko Presidentetza, Gardentasun, Giza Baliabide eta Berrikuntzako zinegotzi ordezkaria, Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko Udaleko Bizikidetzarako eta Aniztasunerako zinegotzi ordezkaria, Josune Irabien, Eudeleko ordezkaria, eta Jon Landa, UPV/EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendaria.
Arduradunek azaldu dutenaren arabera, kanpaina hiru helbururekin sortu zen:
- Herrialdeko proiektua. Giza eskubideekiko konpromisoa euskal gizartearen eta nazioarteko erakundeen aurrean herrialdeko proiektu partekatu gisa aurkeztea.
- Pluralismoa eta adostasuna. Balio nagusiaren inguruko adostasuna oinarri duen giza eskubideei buruzko adierazpenen aniztasuna sustatzea.
- Giza eskubideen kultura. Giza eskubideen balioa zabaltzea eta haren sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko pedagogia zibikoa sustatzea.
Programa horren barruan egin daitezkeen jardueren aniztasunak bi elementu ditu zentzu-batasun. Lehenengo eta behin, gai nagusia eta kanpainarako partekatutako erakunde-irudia; eta, bigarrenik, kanpainaren diskurtsoaren baterako oinarrizko ikuspegia.
Kanpainaren jarduerak batuko dituen mezu nagusia eskerrik asko hitzaren ingurukoa izango da: Eskerrak giza eskubideei. Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena. Mezu nagusi horren bidez, eduki polisemikoa hiru diskurtso-ildotan batu daiteke:
- Giza eskubideak egoteak dakarren onura azpimarratzen duen eta horrelakorik ez egoteak ekarriko lukeen ziurgabetasuna azpimarratzen duen mezua. Eskerrak giza eskubideak ditugula… Nolakoa izango litzateke mundua, bestela, giza eskubiderik gabe?
- Giza eskubideei esker lortu den guztia eta horiei esker oraindik egiteko dagoela dakigun guztia nabarmentzen duen mezua. Giza eskubideei esker, libre eta berdin jaio diren pertsona guztien giza duintasuna defenda dezakegu.
- Giza eskubideek esan nahi duten guztiagatik eskerrak emateko mezu xumea, besterik gabe eskerrik asko! esateko. Eskerrik asko Giza Eskubideei.
Partekatutako oinarri horretan, jarduerak urte osoan zehar banatuko dira; horrela, erakunde bakoitzak –edo horietako batzuek, proiektu baten inguruan elkartu badira– bere gain hartuko du hura autonomiaz eta aurreikusitako gainerako ekitaldiekin koordinatuta garatzeko erantzukizuna.
Programarekin batera, beste ekimen batzuk antolatu ahalko dira eta, gainera, kanpainaren mezu nagusia partekatu nahi duen beste edozein erakundek edo entitatek egin ahalko du bat.
Erakundea | Jarduera |
---|---|
UPV/EHU |
|
EUDEL |
|
Arabako Foru Aldundia |
|
Bizkaiko Foru Aldundia |
|
Gipuzkoako Foru Aldundia |
|
Vitoria-Gasteizko Udala |
|
Bilboko Udala |
|
Donostiako Udala |
|
Eusko Jaurlaritza |
|