euskaraespañol

UPV/EHUk aztertu du cyborgek nolako eragina izango duten medikuntzaren etorkizunean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/21

Gorka Orive
Gorka Orive. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Advanced Science aldizkari entzutetsuaren azken zenbakiko azalean UPV/EHUko irakasle Gorka Oriveren artikulu bat argitaratu dute, non medikuntzaren eta bioteknologiaren alorrean gizakiak eta makinak bateratzeko prozesuan egin diren aurrerapenak deskribatzen baitira. Analisi horretan, planteatzen da cyborgek gizakiaren eta makinaren arteko nahasketa nolako eragina izango duten medikuntzaren etorkizunean; besteak beste, gure osasuna zuzenean monitorizatzeko gailu eramangarriak, ehun edo organo kaltetuak ordezkatuko dituzten protesi hibridoak edota gizakiaz gaindiko propietateak dituzten inplante adimendunak egingo dira.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gorka Orive irakasleak, Danimarkako Unibertsitate Teknikoko Alireza Dolatshahi-Pirouz irakasleak zuzenduriko taldearekin batera, medikuntza zibernetikoaren esparruari buruzko azterketa oso eta eguneratu bat egin du, eta zientzia artikulu batean jaso. Artikulua berriki argitaratu dute Advanced Science aldizkari ospetsuaren azken zenbakian, azalean gainera.

Artikuluan (‘Blending electronics with the human body: a pathway toward a cybernetic future’), egileek azaltzen dute zer pauso eman diren zientzia-fikziozko filmak gogora dakarzkiguten lorpen zientifikoak egin ahal izateko; esate baterako, gaixotasun kronikoak detektatuko dituzten azal eta tatuaje bioelektronikoak, edota gure gorputzeko giharrak nahierara mugitzeko gai diren garunean ezarritako txipak. Martxan dira beste ikerketa batzuk ere: ikusmena lehengoratzeko begi bionikoak, eta gure ahalmenetatik harago doazen propietate fisiologikoak izango dituzten inplanteak, besteak beste.

Aurrerapen horietako batzuei esker, gaur egun erabiltzen diren zenbait produktu sanitario sortu dira, eta, oraingo bidetik jarraituz gero, cyborgek gure bizi kalitatea hobetuko dute etorkizunean, berandu baino lehen. MIT Massachusetts Institute of Technologyko ikertzaileek, esaterako, laborategi batean neuronak hazi dituzte, eta gerora robotak kontrolatzeko erabili ahal izango dira, baita gure belarrien antzeko propietateak dituzten entzungailu hibridoen inplanteak garatzeko ere.

“3Dko bioinprimatze teknologiak aurrera egiten duen heinean, oraingo proiektuak ere gehiago aurreratuko dira, eta etorkizunean posible izango da biologia eta elektronika konbinatzen dituzten egitura hibridoak bizkor eta modu zehaztean inprimatzea”; azaldu du Gorka Orivek. Ildo horretatik, gehitu du cyborgen garairako aurrerabidea zirraragarria dela baina berekin dakartzala arriskuak, zailtasunak eta eztabaida etikoak ere.

Espero da argitaratu berri den artikulua ‑40 orrialde inguru‑ baliagarria izatea medikuntza zibernetikoaren aurrerapenean eta etorkizunean interesa duten mediku eta ikertzaileentzat.

 

Informazio osagarria

Gorka Orive doktorea UPV/EHUko Farmazia eta Farmazia Teknologia Laborategiko NanoBioCel ikertaldeko kidea da, eta talde hori, era berean, CIBER-BBN Bioingeniaritzaren, Biomaterialen eta Nanomedikuntzaren Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroaren barruan dago. Orive, gainera, University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology unibertsitateko irakaslea da. Bestalde, 230 zientzia argitalpenetik gora ditu, eta 54tik H indizea (google scholar).

Erreferentzia bibliografikoa