euskaraespañol

Ibaietako sedimentuak, poluitzaile-erreserba dinamikoa

Deba ibaiko sedimentuetako metalen jatorria aurkitu du UPV/EHUko ikertzaile-talde batek, eta uholdeek haietan duten eragina aztertu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/07

Estilita Ruiz Romera buru duen ikerketa-taldea (E. Ruiz Romera hirugarrena da ezkerretik hasita).
Estilita Ruiz Romera buru duen ikerketa-taldea (E. Ruiz Romera hirugarrena da ezkerretik hasita).

Metal-eduki handiarekin lotutako arrisku potentzial handieneko tarteak aurkitu ditu UPV/EHUko Hidrologia eta Ingurumena ikerketa-taldeak Deba ibaian eta haren adarretan, kutsadura-iturriak atzeman ditu, eta uholde-mota batzuek sedimentuen eta haiei itsatsitako metalen arrastean eta banaketan duten eragina aztertu.

Kontrolpean eduki beharreko kutsatzaileak dira metalak, uretako sistemen kalitate-egoeraren ikuspegi osoa eduki nahi bada behintzat, luzaro irauten baitute ingurumenean. Kutsatzaileen hustubide gisara jarduten dute sedimentuek, baina kutsatzaile-iturri ere bihur daitezke ingurumen-egoera jakin batzuetan; besteak beste, uraren konposizioa aldatzen bada edo uholde batek sedimentuak mugitzen baditu. Deba ibaia eta haren adarrak ikertzen jardun da UPV/EHUko Hidrologia eta Ingurumena Taldea, sedimentuei itsatsitako metalen banaketan uholde handiek eta ekarpen antropogenikoek zer eragin duten jakiteko.

Garrantzitsua da kutsatzaileek ibaietako fase disolbagarrian (ura) eta partikulatuan (sedimentuak) zer banaketa duten jakitea. Materia organikoaren araberakoa izaten da, hein handi batean, banaketa hori. Aipatutako taldeko ikertzaile den Estilita Ruizek dioenez, "aldaketaren bat izaten bada, fase partikulatutik (sedimentuari dagokiona) parte disolbagarrira (ura) alda daiteke sedimentuetan dagoen metal hori, eta ingurumenerako eta izaki bizidunentzako arriskua areagotu".

Gipuzkoa osoko kutsatuenetako bat da Deba ibaiaren arroa; horregatik, hain juxtu ere, hautatu zuten ikerketarako. Industria- eta populazio-garapen handia jasan du, eta inguruan dituen herri eta industrietako efluente kantitate handiak hartu. Beste alderdi hau ere aztertu zen ikerketa-lan horretan: garraio-azpiegituren eraikuntzak eragindako sedimentu-kantitate handien mugimendua. Izan ere, prezipitazio handiek aise arrastatu zitzaketen sedimentuak.

Zer dago ibai hondoko sedimentuetan, eta nola aldatzen da?

Deba ibaiaren eta haren adar diren Ego eta Oñatin kutsatzaileen aldaketak iturburutik bokaleraino aztertzeaz gain, 2011n eta 2012an, bi urte horietan arro horretan hondakin-uren kudeaketak, inguruko obrek eta uholdeek eragindako aldaketak ere ikertu zituen taldeak eta, horri esker, bi urte hidrologiko desberdinetako laginen arteko aldea zehaztu.

Ibaiaren ibilguan jasotako sedimentu finaren laborategiko azterketak, bestalde, hau frogatu zuen: tratatu gabeko edo partzialki tratatutako herrietako eta industriako efluenteak direla materia organikoaren eta metalen iturri antropogeniko nagusia. Ego errekako sedimentuetan aurkitutako karga organiko handia da horren adierazle garbia. Ermuko tratatu gabeko hondakin-urak jasotzen zituen erreka horrek 2014ra arte. Bestalde, onuragarria izan zen sedimentuen kalitaterako Oñatiko udaleko efluente organikoak Epeleko araztegira bidaltzen hasteak (2012), nabarmen gutxitu baita haien karga organikoa eta, horren eraginez, konplexu organiko horiei itsatsitako metalena. Hori dela eta, metal horietatik gutxiago iristen zen uretara, eta murriztu egiten zen bizitza urtarraren toxikotasun potentziala.

Hondakin-urak ez ezik, ehun bat enpresa ertain eta handitako efluenteak ere iristen dira Debara. Metaletan aberatsak izaten dira efluente horiek, galvanizazio-, metalurgia- eta galdaketa-lantegiak ugariak baitira inguruan. Ibaiaren baldintza fisikokimikoak aldatuz gero ingurune urtarrera errazen irits daitezkeen frakzioen artean daude industria horiek jaregiten dituzten metalak. Uholdeetan sortzen diren ur-fluxu zurrunbilotsuek, berriz, sedimentu horiei itsatsitako metalak mugiarazi eta askatu egin ditzakete. Horregatik, kontrolpean eduki behar lirateke metal horiek uholde-garaietan.

Azkenik, beste hau ere ondorioztatu dute: materia organikoaren eta metalen kontzentrazio-hazkunde nabarmena dagoela Deba ibaiaren arroan, sorburutik bokaleraino. Ruiz ikertzaileak dioenez, "sorburuko erreken nolabaiteko izaera ez-kutsatua adierazten du horrek, ibai horren erdiko eta beheko aldeetako jatorri antropogenikoko kutsadura handiari kontrajarririk. Garbi erakusten dute Ego errekaren sedimentu guztiz kutsatuek zein urruti dagoen lats horren egoera lurrazaleko ur-laster batek behar lukeen kalitate optimotik. Bestalde, Deba ibaiko uraren kalitateari ere kalte egiten dio erreka horrek, zeina han amaitzen baita".

Informazio osagarria

Eusko Jaurlaritzaren talde bateratu bat da UPV/EHUko Hidrologia eta Ingurumena ikerketa-taldea (IT598-13), eta Hidrogeologiako katedradun den Iñaki Antigüedad du ikertzaile nagusi. Jakintza-alor ugariko taldea da, eta zenbait espezialitatetako ikertzaileak ditu: biologoak, geologoak, kimikariak, ingeniari kimikoak eta ingurumen-kimikariak. Ikerketa-lerro horietako baten buru da Estilita Ruiz Romera, sedimentuetako eta materia partikulatuko metalen ikerketakoa, hain zuzen ere, non lankide dituen Miren Martinez-Santos ikertzailea eta Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Kimikoko eta Ingurumeneko doktoretza-aurreko zenbait bekadun.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatu du proiektu lanetako bat ("Efecto de las avenidas en el transporte de material particulado y contaminantes asociados hacia aguas litorales en cuencas del País Vasco", CGL2011-26236), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, beste hauek, 2012-2014 epean: "Cuantificación de la tasa de sedimentos exportados de las cuencas del Territorio Histórico de Gipuzkoa durante el año 2012 y caracterización de los contaminantes del sedimento de las cuencas del Oria y Deba" eta "Cuantificación de las tasas de sedimentos exportados de las cuencas del Territorio Histórico de Gipuzkoa. 2013".

Bibliografia-erreferentzia

M. Martínez-Santos, A. Probstb, J. García-García, E. Ruiz-Romera. ‘Influence of anthropogenic inputs and high-magnitude flood event on metal contamination pattern in surface bottom sediments from the Deba River urban catchment'. Science of the Total Environment (STOTEN) 514, 10-25. 2015.