euskaraespañol

Eguneko irudia

Haur obesitatearen tratamendurako programak lehenengo urtea bete du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/21

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (Farmazia Fakultatea eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea), Osakidetzako (Eskola Osasuna, Pediatria, Lehen mailako Arreta, Haur Endokrinologia, Medikuntza Nuklearra), Osatek-eko eta Tecnaliako ikertzaileek Osasun Ministerioak finantzaturiko ikerketa proiektu batean dihardute, gehiegizko pisua duten 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzako 6 hilabeteko tratamendu integral baten ondorioak aztertzeko; tratamendu horrek bizimoduei buruzko familia heziketa, psikohezkuntza eta gehiegizko pisua duten 9 eta 11 urte arteko haurren osasunerako jarduera fisikoa biltzen ditu. Programak urtebete egin du orain, eta helburu du haurren osasun hepatikoa eta kardiobaskularra hobetzea, jardunbide horiek ezarrita.

Herritarren ehuneko handi batek du obesitatea, eta haurrei arazoak eragiten dizkie osasun fisikoan eta psikologikoan, gurasoen kezkagarri. Programa horrek, berritasun modura, diziplina asko jorratzen ditu; izan ere, haurren obesitatea tratatzeko eta prebenitzeko aintzat hartu beharreko alderdi guztiak lantzen ditu, eta familia osoari aplikatzen zaio. Gainera, Vitoria-Gasteizko ikerketa horrekin lotutako erakundeen laguntzari esker, proba exhaustiboak egiten dira haurrek programa hasi aurretik eta ondoren duten osasuna aztertzeko; horrela, programaren ondorioak ebalua daitezke.

Haurrak gurasoekin edo tutoreekin joaten dira bizimodu osasungarriari buruzko heziketa saio eta tailerretara; nutrizionistek antolatzen dituzte, eta asmoa da dibertitzen ari diren bitartean ikastea. Saio horietan hitzaldiak, jolasak, sukaldaritzako tailerrak eta abar egiten dira, elikadura osasungarriaren garrantziaren kontzientzia hartu eta apurka-apurka dieta ohiturak alda ditzaten. Gainera, haurrek eta haiekin datozen helduek hezkuntza psikologiako laguntza jasotzen dute, proposaturiko bizimodu aldaketetan laguntzeko eta autoestimua zein gizarte ongizatea hobetzeko. Programaren barruan, jarduera fisikoan graduatutakoek ariketa fisikoak ikuskatzen dituzte, astean hiru egunetan. Saio horiek antolatzeko, haurrek ezagutzen dituzten jolasak hartzen dira oinarri gisa, dibertitzen ari diren bitartean osasuna hobe dezaten.

Programa amaitu duten lehen haurren osasun azterketek emaitza oso oparoak eman dituzte: ikusi da murriztu egin dela gorputzeko gantza eta nabarmen hobetu dela osasun kardiobaskularra. Programa abian egongo da datozen bi urteotan. Inork bat egin nahi badu, Lehen mailako Arretarako Zentroko pediatrek eskura dute proiektuarekin lotutako informazio guztia.