euskaraespañol

Giza Eboluzioko erailketarik antzinakoena

Hezurren Leizeko aztarnategian berreskuratutako gizabanako batek izan zituen lesio hilgarriei buruzko ikerketak, historiako lehen erailketa agerian utzi eta duela 430.000 urteko ezohiko gorpu-metaketaren misterioa argitu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/28

Irudia
Burezurreko bi traumak eta inpaktuen nondik norakoak ikus daitezke (Sala etab.)

Hezurren Leizean (Atapuerca, Burgos) berreskuratutako 17. Burezurra, indusketako 20 urtetan (1990-2010) bildutako 52 zatik osatzen dute. Dagokion gizabanakoa gaztaroaren hasieran hil zen, eta duela 430.000 urte iritsi zen aztarnategira, non, garai bertsuko beste 27 gizabanakorekin batera zetzan. Burgosko Cueva Mayor-eko leize ezkutu batean bildutako ezohiko gorpu-metaketa horren zergatia argitzea, mundu osoko prehistorialarien erronkarik handienetakoa bilakatu da azken hamarkadetan.

Indusketa-taldeko kideen iritziz, gorpu-metaketa hori, beste gizaki batzuek nahita egindakoa izan zen. Beste ikertzaile batzuen esanetan, ordea, animalia haragijaleek edota lokatz eta ur korronteek eragindakoa izan zen. Azken urteotan egindako ikerketei esker, azken hipotesi hauek bazterrean utzi eta bi aukera baino ez dira ontzat hartu gorpu-metaketaren jatorria argitzeko: barrunbe horretarako sarbidea ematen duen 13 metro sakoneko leize bertikal horretan gertatutako ezusteko erorketak, edota nahita egindako gorpu-pilaketa. Alabaina, oso zaila zen bi hipotesi hauen artean bata ala bestea aukeratzea.

17. Burezurrak bi zulo ditu kopeta-hezurrean, ezkerreko begiaren orbitaren gainean. Ikerketak argitu duenez, zulo horiek, seguru asko, objektu gogor baten inpaktuak eragin zituen, gizabanakoa hil baino zertxobait lehenago edo geroago (artean ehun biguna zuela). Inpaktu hau aztarnategirako sarbidea ematen duen 13 metroko leizean erortzean gerta zitekeen, ezusteko erorketaren hipotesiarekin bat eginez.

Hala ere, lesioen izaerak ustekabeko ederra eman die ikertzaileei. Teknika forentserik modernoenen laguntzaz, bi lesioak, objektu berak eta ibilbide desberdineko bi inpaktutan eragindakoak izan zirela frogatu ahal izan da, ezusteko erorketa batean gertatu izanaren aukera baztertuz. Lesio motak, hauen kokapena eta objektu berarekin eta bi inpaktutan eragindakoak direla gogoan hartuta, beste gizabanako batek egindako eraso hilgarri batean gertatu zirela pentsarazten digute, eta ondorioz, Gizateriaren historian ezagutzen den lehenengo erailketa-kasua izango litzatekeela.

Datu hauei jarraiki, 17. Burezurraren gizabanakoa, hilda baldin bazegoen, ezin izan zen oinez iritsi Hezurren Leizera, baizik eta, seguru asko, gorpua beste gizaki batzuek eraman behar izan zuten haraino. Hipotesi honek iradoki duenez, gizakiak izan ziren Hezurren Leizeko gorpu-metaketaren egileak, Gizateriaren historian ezagutzen den lehenengo hileta osatuz.

Giza Eboluzio eta Portaerari buruzko UCM-ISCIII Zentro Mistoko Nohemi Salak zuzendutako ikerketa honetan, Asier Gómez-Olivencia Giza Paleontologiako doktoreak parte hartu du, Alcalá de Henareseko Unibertsitateko eta University of Binghamton-eko beste ikertzaile batzuekin batera. Asier Gómez Olivencia ikertzaile ibili da Camdridgeko Unibertsitatean eta Frantziako Historia Naturalaren Museo Nazionalean, harik eta, 2014an, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean Ikerbasqueko ikertzaile gisa lan egiten hasi zen arte.

Erreferentzia

Sala N., Arsuaga JL., Pantoja-Pérez A., Pablos A., Martínez I., Quam R.M., Gómez-Olivencia A., Bermúdez de Castro JM., Carbonell E., 2015. Lethal interpersonal violence in the Middle Pleistocene, PLOS ONE. http://dx.plos.org/10.1371/journal.pone.0126589