euskaraespañol

Ana Bernalek Glia Zelulen Biologiako III. Laia Acarín Saria irabazi du

Neurozientzien Espainiako Elkartea Granadan bilduko da egunotan, gazte ikertzaileak saritzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/30

Irudia
Ana Bernal doktorea

Ana Bernal Chico Neurozientzietan doktoreak irabazi du aurten Laia Acarín Saria. UPV/EHUko Neurozientziak Sailean eta Achucarro zentroan egin du doktorego tesia, Susana Mato ikertzaileak eta Carlos Matutek zuzenduta.

Sari horrek glia biologiaren ikerkuntzako lanak aitortzen ditu, eta Red Glial Españolak ematen du, Elkartearen atal batek. Bernal doktoreak irailaren 22an jaso zuen saria, Granadan, hilaren 23tik 25era Neurozientzien Espainiako Elkartearen bi urtean behingo 16. kongresua egin baitzen han.

Esklerosi anizkoitza nerbio sistema zentraleko gaixotasun inflamatorioa da; mielina zorroak eta oligodendrozitoak suntsitu eta axoiak degeneratzen ditu. Zenbait azterlanek erakutsi dute agonista kannabinoideak eraginkorrak direla gaixotasun horren tratamendu gisa; hala ere, terapia horrek mugak ditu, ondorio kaltegarriak ekar baititzake. Gaur egun, konposatu endokannabinoideak degradatzen dituzten entzimak blokeatzea proposatzen da alternatiba gisa, nahi gabeko efektu horiek minimizatzeko. MAGL da 2-AG substantzia degradatzen duen entzima nagusia, eta jakinekoa da entzima hori inaktibatzeak konposatu horren maila fisiologikoak areagotzen dituela.

Ana Bernalen lan sarituak azaltzen du MAGL entzimaren inaktibazio farmakologikoak kalte eszitotoxikotik babesten dituela in vitro oligodendrozitoak, CB1 errezeptore kannabinoidea aktibatuta. Gainera, MAGL entzimaren inhibitzailea den JZL184 substantzia terapeutikoki emanda, murriztu egiten dira sintoma motorrak, desmielinizazioa eta gaixotasunaren eredu autoimmune baten (EAE) inflamazioa. Era berean, MAGL blokeatuta, mielina oso-osorik kontserbatzen da, eta murriztu egiten da kuprizonaren eredu toxikoaren inflamazioa (desmielinizazio primarioaren eredu bat da). Horrek guztiak erakusten du MAGL inaktibatzea estrategia baliagarria izan daitekeela nerbio sistema zentraleko gaixotasun desmielinizatzaile eta inflamatorioen tratamendurako.

Lan horri beste sari bat ere eman zioten aurretik: SEIC 2014ren Doktorego Ondoko Argitalpen Onenaren Saria.

Orain, Ana Bernal doktorea doktorego ondoko egonaldia ari da egiten Hungarian Academy of Scienceseko Institute of Experimental Medicine institutuan (Tamás Freund ospetsua da hango zuzendaria), Istvan Katonak zuzenduriko laborategian.

Erreferentzia bibliografikoa

"Blockade of monoacylglycerol lipase inhibits oligodendrocyte excitotoxicity and prevents demyelination in vivo."

Bernal-Chico A, Canedo M, Manterola A, Victoria Sánchez-Gómez M, Pérez-Samartín A, Rodríguez-Puertas R, Matute C, Mato S.

Glia. 2015 Jan;63(1): 163-76. doi: 10. 1002/glia. 22742.