euskaraespañol

Joko murriztuak futbol entrenamenduan

Jarduera horiek egunero erabiltzen dira hainbat kiroletako entrenamenduetan, hasiberrien zein profesionalen artean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/10

Liburuak joko murriztuen egungo egoera jasotzen du futbol entrenamenduko metodo gisa, dituen abantailekin eta mugekin, eta jokalarien eskaeretan dituen ondorioak eta aplikazio aukerak eskaintzen ditu. Helburu bakarra jokalariak eta taldeak gero eta hobeak izatea da. David Casamichanak, Jaime San Románek, Julio Callejak eta Julen Castellanok gaur egunera arte dagoen informazioa bildu dute, eta elkarrekin argitaratutako azterlanak gehitu dituzte; zehazki, doktorego tesien, master amaierako graduen eta ad hoc azterlanen emaitza izan dira.

Joko murriztuak (literaturan "abilezian oinarritutako egokitzapen" edo "jokoan oinarritutako entrenamendu" ere esaten zaie) egoera ludikoak eta kirolaren ingurukoak dira, non jokoaren elementu guztiak malgutasunez elkartzen baitira. Jarduera horiek futbol entrenamenduetan zabal aplikatzen dira, eta funtsezkoak dira jokalari gazteen garapen programetarako.

Badirudi jatorria egitura gutxiko kaleko jokoetan dagoela. Are gehiago, jokalarien ekintza aukerak egoki daitezke; beraz, azken urteotan entrenamendu metodo oso ezaguna bihurtu da adin eta/edo maila guztietarako. Hori dela eta, esan daiteke metodo bereziki abantailatsua dela gazteentzat, aintzat hartuta trebetasun espezifikoen garapenak zerikusi handia duela praktikaren maiztasunarekin.

Liburu honekin, egileek erakutsi nahi dute nola aplikatu joko murriztuak entrenamenduaren egunerokoan. Halako jarduerak nola gauzatu proposatzen dute, eta jokalarien artean eragin ditzaketen ondorioak aurreikusten dituzte. Modu horretan, halako zereginen bidez planifikatzen eta esku hartzen lagun dezakete. "Egituraz, norgehiagoka kolektiboak dira (laguntza-osposizioa), eremu partekatu batean eta aldi bereko partaidetzarekin gauzatzen direnak. Sarri, eremu txikietan egiten dira, zenbait arau aldatuta eta, 11ko futboleko irizpideen aldean, jokalarien kopurua ere murriztuta" azaldu dute. Azken batean, joko murriztuen egoerak entrenamendu prozesuan erabiltzeari buruz dagoen ezagutza zientifikoa laburtzen eta harilkatzen saiatu dira.

Egileak

David Casamichana Gómez doktorea da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. Masterra du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Ikerketan, Malagako Unibertsitatean egina, eta futboleko kirol teknikariaren titulua du (II. maila). Zientziaren arloan, ehun bat hitzaldi eman ditu hizlari gonbidatu gisa, nazioko eta nazioarteko biltzarretan; halaber, hainbat zientzia argitalpen egin ditu futbol entrenamenduari buruz. Gaur egun, irakasle lankidea da Gimbernaut Fisioterapia Eskolan, irakaslea Atlantikoko Europako Unibertsitatean, irakaslea Sevillako Pablo Olavide Unibertsitateko Prestakuntza Fisikoa eta Lesioak Berregokitzea Masterrean, eta irakaslea Futbol Liga Profesionaleko Futboleko Prestakuntza Fisikoa eta Berregokitzea Masterrean. Kirolaren esparruan, kirolari profesionalen prestatzaile fisikoa da. Gaur egun, Santanderreko Real Racing Club taldearen prestatzaile fisikoa da.

Jaime San Román-Quintana doktorea da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. Masterra du Kirol Errendimendu Handian, Espainiako Batzorde Olinpikoak eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak emana. Halaber, Futboleko teknikari titulua (II. maila) eta 1. mailako ISAK Nazioarteko Antropometria Ziurtagiria ditu. Laguntzailea da Santanderreko Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko ikerketa unitatean. Zientziaren arloan, berrogeita hamar bat argitalpen egin ditu kirol entrenamenduari eta errendimenduari buruz; halaber, hizlari aritu da nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Kirolaren esparruan, kirolari profesionalen prestatzaile fisikoa da. Gaur egun, 2. B mailako Sestao River Club taldearen prestatzaile fisikoa eta Espainiako Nacra 17 bela taldearen prestatzaile fisikoa da, eta Rio de Janeiroko 2016ko JJOOak prestatzen dihardu; orobat, Pedreña arraun taldearen prestatzaile fisikoa da.

Julio Calleja-González doktorea da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. "Degree in Human sports movements" titulua lortu zuen Cardiffeko Unibertsitatean, eta masterra du Kirol Errendimendu Handian, Espainiako Batzorde Olinpikoak eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak emana. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketa Masterra egin zuen. Goi mailako entrenatzailea da saskibaloian, atletismoan eta igeriketan. 400 hitzaldi baino gehiago eman ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan, eta 30 herrialdetan izan da hizlari gonbidatu. Lau liburu, 47 liburu atal eta 93 zientzia artikulu argitaratu ditu, eta 6 doktorego tesi zuzendu. Journal of Fundamental and Applied Kinesiology (ISI) nazioarteko aldizkariko argitalpen batzordeko kidea da, eta gaur egun UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle dihardu; orobat, Zagrebeko (Kroazia) Kinesiologia Fakultateko irakasle emeritua da.

Julen Castellano Paulis doktorea da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean, eta goi mailako futbol teknikaria da (III. maila). UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak Saileko irakasle eta ikertzailea da, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak Masterreko arduraduna, baita unibertsitate horretako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Doktorego Programakoa ere. Hamar bat doktorego tesi zuzendu ditu, eta 6 libururen, 48 liburu atalen eta nazioko nahiz nazioarteko 70 zientzia artikuluren editore, koordinatzaile eta egile izan da. Kirolaren esparruan, hamabi bat urtez izan zen futbol jokalari 2. B mailako taldeetan, eta 3. eta 2. B mailetako taldeen entrenatzaile ere izan zen, aldi berean, hamabost urtez. Azken bi urteotan (2013/2014 eta 2014/2015 denboraldiak) Deportivo Alavés taldeko talde nagusiaren aholkulari aritu da (Espainiako futboleko 2. mailan dihardu).

 

Argazkiak: UPV/EHU