euskaraespañol

Teknologia zaharkituta gelditzea hazkunde ekonomikoarekin lotuta dago

UPV/EHUko ikertzaile batek eredu ekonomiko bat sortu du hobeto islatzen duena herrialde jakin baten bilakaera ekonomikoa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/29

Irudia

Herrialdeen Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea hein handi batean aurrerakuntza teknologikotik dator, produktibitatea hobetzen laguntzen duelako. Aurrerakuntza teknologiko hori kapitalari atxikirik dago askotan, makina eta ekipoen berritzea ekartzen baitu. Horrek bi eragin ditu: batetik, kapitala bera metatzeak herrialdeko BPG haztea, eta, bestetik, kapitalak balioa galtzea, aurretik zeuden makinak zaharkituta gelditu direlako. Hala, ikusten da kapitalaren balio-galera handia duten herrialdeek hazkunde-tasa handia izan ohi dutela epe luzera. Korrelazio positibo hori kontuan hartzen duen eredu ekonomiko bat eraiki du UPV/EHUko ikertzaile batek, eta Economic Modelling aldizkarian argitaratu du ikerketa.

Hazkunde ekonomikoa zein fluktuazioak aztertzeko erabili ohi diren eredu ekonomiko estandarrek ez dute behar bezala islatzen kapitalaren balio-galeraren bilakaera. Hain zuzen, "eredu tradizionalek kapitalaren balio-galera konstantetzat jotzen dute", dio Ilaski Barañano, Ekonomia Analisiaren Oinarriak I saileko ikertzaileak. Hau da, jotzen dute herrialde guztien makina, teknologia, eraikin, lantegi, ekipamendu zientifiko eta halakoak modu eta abiadura konstantean zaharkitzen direla. Alabaina, "herrialde ezberdinetako datuek erakusten dute kapitalaren balioaren galera-tasa denboran aldakorra dela", gaineratu du.

Are gehiago, 101 herrialdetan balio-galeraren eta hazkunde-tasaren artean korrelazio positiboa dagoela aurkitu du ikertzaileak, Pablo de Olavide Unibertsitateko ikertzaile batekin elkarlanean egindako ikerketan. Korrelazioa bai, baina ez kausalitatea. Argi utzi du Barañanok: "bi aldagaien artean korrelazio positiboa egoteak ez du esan nahi batak bestea eragiten duenik. Bi aldagaien arteko erlazioa positiboa da, besterik ez".

Eredu estandarrek, halaber, emantzat jotzen dute herrialde jakin baten Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkunde tasa edo joera. Aurresuposizio hori ere okerra dela dio Barañanok, eta joera fluktuazio ekonomikoen araberakoa dela. Hala, "fluktuazio ekonomikoak faboragarriak direnean, produktibitatea sustatu egingo da herrialde horretan, eta horrek BPG modu iraunkorrean handitzea ekarriko du".

Bada, epe luzeko hazkunde-tasaren, iraunkortasun mailaren eta kapitalaren balio-galeraren arteko korrelazioen atzean egon daitekeen azalpen teorikoa bilatu du Barañanok. Horretarako, eredu ekonomiko sinple bat proposatu du, zeinetan hazkunde ekonomikoa fluktuazio ekonomikoekin batera gertatuko den, eta balio-galera zaharkitzeari lotuta egongo den. Hala, inbertsio-sektorean produktibitatearen hobekuntza handiak dituzten herrialdeek BPGaren hazkunde-tasa handia izango dute, kapitala metatzea sustatu baitute. Aurrerakuntza teknologiko horrek, gainera, eragingo du kapitalaren balioaren galtze-tasa handia izatea, zaharkitzea dela medio. "Ereduak sortzen dituen aurreikuspen teorikoak bat datoz datuetan ikusten diren korrelazio horiekin. Zentzu horretan, sinesgarritasuna ematen diote ereduari", adierazi du ikertzaileak.

Aurreikuspen teorikoak egiteko tresna

Proposatutako eredua sinplea da eta erraz maneiatu daiteke. Alabaina, ez ditu barne hartzen ekonomia errealean eragiten duten faktore guztiak. Esate baterako, kapitala ez da aldagai homogeneo bat, zenbait osagaik eratzen dute, baina ereduan aldagai bakartzat hartu dute.

Iraunkortasunari, epe luzeko hazkunde-tasari eta kapitalaren balio-galerari buruzko ebidentzia enpirikoarekin bat egiten duen eredu bat izanda, "politika ekonomikoek hazkundean eta epe luzeko BPGan izan dezaketen eragina aurreikus daiteke, inbertsioaren sektorean eragin zuzena dutelako, aurrerakuntza teknologikoak egiten duelako posible produktibitatea hobetzea, eta, hartara, BPG handitzea", azaldu du ikertzaileak.

Aurrera begira, eredua doitzeko bideak jorratu nahi ditu Barañanok: "Gure ereduan kapitala aldagai homogeneotzat hartu dugu, baina badakigu ez dela horrela. Bada, kapital-mota desberdinak bereizita, alegia, eraikinak, makinak, ekipamendu zientifikoak, garraiorako ekipamenduak eta abar, bakoitza bere aldetik aztertuta, gustatuko litzaiguke ikustea zer pisu hartzen duen mota bakoitzak balio-galera horretan".

Bibliografia-erreferentziak:

I. Barañano, D. Romero-Ávila: "Long-term growth and persistence with obsolescence", Economic Modelling, Volume 51, December 2015, Pages 328–339. doi:10.1016/j.econmod.2015.08.014

Argazkiaren egilea: Tere Ormazabal.-UPV/EHU