euskaraespañol

Eguneko irudia

Noelia Aldai irakaslea, ALPAren eta SOCHIPAren biltzarreko gonbidatu

Hausnarkari jatorriko trans gantzen ekoizpenaz eta garrantziaz mintzatu zen

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/08

Irudia

Noelia Aldai Elkoro-Iribe Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko irakasle eta ikertzaileak hizlari gonbidatu gisa parte hartu zuen XXIV Congreso de la Asociación Latinoamericana de Producción Animal (ALPA) biltzarrean eta XL Congreso de la Sociedad Chilena de Producción Animal (SOCHIPA) biltzarrean, Puerto Varasen (Txile). Hitzaldian, animalien elikadurak hausnarkarien okelaren ezaugarri lipidikoetan zer eragin duen azaldu zien bertan zeudenei. Bereziki nabarmendu zituen trans motako gantz azidoak; ikerketa lerro horretan dihardu 2012an UPV/EHUko Lactiker ikertaldeari Ramón y Cajal ikertzaile gisa batu zitzaionetik.

Hausnarkari jatorriko gantzak (rTFA esaten zaie: ruminant trans fatty acids) espezie hausnarkarien (behiak, ardiak eta ahuntzak, besteak beste) errumenean sortzen dira, eta alde handiak izan ditzakete industria jatorriko trans gantzekin (iTFA, industrial trans fatty acids), azken horiek partzialki hidrogenaturiko landare olioetatik sortzen baitira. Animalien errumeneko mikroorganismoen jarduera dela eta, animaliaren dietatik sortzen diren gantzak prozesu horretan metabolizatzen dira (dieta kontzentratua, bazka edo nahastea izan daiteke, gehigarriduna edo gabea), eta trans motako hainbat gantz azido sortzen dituzte. Gantz azidoak kontzentrazio desberdinetan egon ohi dira espezie horietatik eratorritako elikagaietan (haragia, esnea eta produktu eratorriak), eta nagusiki animaliaren dietaren araberako ezaugarriak izaten dituzte; neurri handiagoan edo apalagoan, iTFA gantzen antza izaten dute, elikadura horren oinarria kontzentratua edo bazka den.

Biltzarraren ondoren, Aldai irakasleak, Agriculture and Agri-Food Canadako ikertzaile ohi John K.G. Kramerrekin batera, gantz azidoen nahaste konplexuak aztertzeari buruzko bi asteko prestakuntza ikastaro bat egin zuen. Ikastaroa ikertzaileentzat, teknikarientzat eta INIA Remehue Instituto Nacional de Investigaciones Agropecuarias institutuko Abere Haragien eta Elikagaien Kalitaterako Laborategiko ikertzaileentzat antolatu zen, Osornon (Txile). Txileko Nekazaritza Ministerioak diruz lagundu zuen ikastaroa; izan ere, Txileko Gobernuaren nekazaritza programan lehentasunezko lan lerroa da haragiaren kalitatea aztertzea eta bereizteko estrategiak ezartzea.

 

Argazkiak: UPV/EHU