euskaraespañol

Isabel Larrakoetxea, ingeniaria eta UPV/EHUko irakaslea

«Emakumezkoen komunik ez zuen Eskolak»

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/08

Irudia
Bilboko Ingeniaritza Eskolan matrikulaturiko lehenengoetariko emakumea izan zen

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin da ekitaldi instituzionala ‘Ingeniaritza <=> andrazkoak + gizonezkoak' leloa hartuta. Isabel Larrakoetxeak, Eskolako irakaslea 31 urtean zehar eta aurretik bertako ikaslea izandakoak, 'Emakumea ingeniaritzan' izenburupean hitzaldia eman du bertan.

Bilboko Ingeniaritza Eskolan matrikulaturiko lehenengoetariko emakumea izan zen; hala, bere lehen kurtsoan, 1966/67koan,  klaseko emakume bakarra izan zen. "Beste talde batean ere bazegoen beste andrazko bat, baita aurreko kurtsoetan ere bakan batzuk. Oso gutxi ginen. Garai hartan Eskolak ez zuen emakumezkoen komunik ere. Eraikina diseinatu zuen arkitektoak ez zuen aurreikusi beharrezkoa izango zenik", kontatu du.

Larrakoetxearekin batera parte hartu dute baita ere, besteak beste, Enrique Amezua Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak. Amezuak gogoarazi du gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen artean emakumezkoak gehiago direla gizonezkoak baino, baina Ingeniaritzako titulazioen artean kopurua %33ra ozta-ozta heltzen  direla esan du atsekabez. Goirizelaiak, Larrakoetxeak egin duen moduen, Eskolan ikasle bezala izandako esperientziak kontatu ditu, hala, 1975ean bere lehen kurtsoan 100 lagunetik 2 baino ez zirela emakumeak gogoratu du. Halaber, urte haietan emakumeek diskriminazioa jasan izan zutela salatu du, eta adibide gisa kontatu  du  garaiko Eskolako irakasle baten pasadizoa, zeinak emakumezko ikasle bati arbelera atera ostean galdetu zion: "señáleme dónde tiene el seno".

Larrakoetxeak, ostera, ikasle garaiko urte haietan ez zuela diskriminaziorik jasan adierazi du, "besteak bezalakoa nintzen"; aitzitik, jakinarazi du kautxuarekin eta PVC-arekin lan egiten zuen enpresa kimiko batean ingeniari kimiko bezala aritu zenean lankide baten aldetik sentitu zuela diskriminazioa. "Gaur egun enpresen pentsamoldea desberdina da, lan munduan emakumeen presentzia gora joatea aintzat hartzen dute", azpimarratu du baikor.

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko egindako ekitaldia instituzional horren baitan gradu amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzearen II. Francisca de Aculodi Saria, master amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzearen IV. María Goyri Saria eta ikasketa feministei edo genero Ikerketei buruzko tesi onenaren III. Micaela Portilla Saria banatu dira.


Irabazleen zerrenda:

  • II Francisca de Aculodi saria: Aitziber Ramírez de la Piscina Arrillaga, Lucía Loayza Heredía, Iñigo Galdeano Pérez, Aitziber Calleja Satrustegui, Nagore Arzallus Alustiza, Maialen Lehane Lezaun, Nora Arenas Zabaleta, eta  Iraide Foronda Chueca.
  • IV. Maria Goyri saria: Ana Fernández Cubero
  • III Micaela Portilla saria: Miren Begoñe Burgoa Etxaburu


‘ad libitum' kuartetoak Vivaldi, Bizet edo Haendel musikagileen lanak interpretatu ditu  UPV/EHUko  ekitaldi instituzionala ixteko.