euskaraespañol

UPV/EHU 50 urte baino gutxiago dituzten 150 unibertsitate onenen artean

Estatuko 10 unibertsitate bakarrik datoz Times Higher Education-ek prestatutako sailkapenean

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/07

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) 50 urtetik behera dituzten 150 unibertsitate onenen artean dago, Times Higher Education 150 Under 50 2016 izeneko sailkapenaren arabera. Estatuko beste 9 unibertsitate bakarrik datoz THE 150 Under 50 2016 delakoan, eta UPV/EHU, 1980. urtean sortutakoa, lehenengo aldiz sartu da sailkapen horretan, 101-150 bitarteko postuen artean.

THE 150 Under 50 delakoak jasotzen duenez, sailkapeneko lidergoan daude ezaugarri hauek bere baitan biltzen dituzten erakundeak: "erakunde gazte, dinamiko eta interesgarriak, britainiar eta amerikar unibertsitateen nagusitasuna kolokan jar lezaketenak". Sailkapenean datozen unibertsitateen erditik gora europarrak dira, 90 zehazki. Sailkapeneko buru dugu Suitzako École Polytechnique Fédérale de Lausanne, 1969. urtean sortutakoa. Espainiako unibertsitateei dagokienez, Times Higher Education Ranking delakoaren Phil Baty editatzaileak nabarmendu duenez, "albiste ona da Espainiarentzat bertako 10 erakunde egotea munduko unibertsitate gazte onenen artean ospe zabaleko zerrenda horretan". Hauek dira sailkatutako unibertsitateak eta horiek lortutako postuak: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (12), Pompeu Fabra Unibertsitatea (15), Madrilgo Unibertsitate Autonomoa (71), Rovira i Virgili Unibertsitatea-Tarragona (83). Bestalde, 101-150 bitarteko postuen artean, betiere sailkapeneko ordena kontuan harturik, Alcala de Henaresko Unibertsitatea, UPV/EHU, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa, Vigo Unibertsitatea. Baty-k azaldu zuenez, Espainiako unibertsitateek gogor lan egin beharko dute sailkapen horretan iraungo badute.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak adierazi duenez, "azkenaldi honetan unibertsitateen sailkapenei eskainitako tarteak amaitu ezinezko txosten eta dokumentu uholdea aurkeztu beharra ekarri du berekin. Hori dela eta, gaia argitze aldera, zerbait azaldu beharra dago. Badira nazioarteko ospea duten hiru sailkapen: Shanghai, QS (Quacquarelli Symonds) eta THE (Times Higher Education). Euskal Herriko Unibertsitatearen lehentasuna da kategoria horietan ahalik eta ongien kokatzea. Hortaz, arrakastatzat jotzen dugu UPV/EHUk, 36 urte dituelarik, THEren sailkapenean postu ona lortu izana, kategoria horretan azken 50 urteotan sortutako munduko unibertsitate onenei eskaintzen baitzaie arreta".

"UPV/EHU bada jada, batez ere ikerketa neurtzen duen Shanghairen sailkapenaren arabera, munduko 500 unibertsitate onenen artean" errektoreak gogorarazi duenez, baina "Times Higher Education delakoan sartu izanak badu erantsi beharreko baliorik, sailkapen horretan hezkuntzak eta berrikuntzak pisu garrantzitsua baitute. Kontuan hartu behar da, baita ere, sailkapen horretan sartu garela azken urteotan ekonomia kontra izan dugularik. Esanak esan, ez dugu aski lortutakoarekin: nazioarteko sailkapenetako kokapena hobetu nahi dugu, horiexek baitira gure xede".

THE 150 Under 50 sailkapena egiteko, Times Higher Education University Ranking (THE) delakoak erabilitako metodologia berberaz baliatu da. Izan ere, horrek errendimendu zerrenda bateko 13 adierazle darabiltza munduko unibertsitate onenak sailkatzeko. Adierazle horiek unibertsitate moderno eta global baten eginkizunak (ikerketa, hezkuntza, ezagutzaren transferentzia eta nazioarteko jarduera) aztertzen dituzte, eta, besteak beste, alderdi hauek hartzen dituzte kontuan: ikerketagatiko diru sarrerak, argitaratutako artikuluek erdietsitako inpaktua, irakasleen eta ikasleen arteko ratioa, nazioarteko ikasleen ehunekoa edo irakasleen ospea. THE sailkapen globalaren azken edizioan ere, UPV/EHU sailkatuta ageri zen 501-600 bitarteko postuetan.

Informazio gehiago: https://www.timeshighereducation.com/150-under-50-rankings-2016