euskaraespañol

CAF-Elhuyar sarietan UPV/EHUko kideak eta proiektuak nabarmendu dira

Kepa Altonaga, Antton Alberdi eta Enrique Hurtado aitortu dituzte kategoria ezberdinetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/12

Irudia
Antton Alberdi (1. ezk.), Enrique Hurtado (3. ezk.) eta Kepa Altonaga (5. ezk.) beste bi saridunekin batera

CAF-Elhuyar sarietan Euskal Herriko Unibertsitateko kideak eta proiektuak nabarmendu dira. Alde batetik, Kepa Altonaga Sustatxa UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologiako irakasleari eta ikerlariari Merezimendu Saria eman zioten atzo, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aintzatetsi dute.

Bestetik, Antton Alberdik jaso du doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, "Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarraren arrastoari jarraika" artikuluarengatik, hain zuzen.      

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen dute Caf-Elhuyar sariek, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan  Enrique Hurtado Mendietak jaso du Zientzia gizartean sorkuntza-beka, "Txalaparta digitala eta interaktiboa" proiektuarengatik. Hurtadok doktoretza UPV/EHUn egin du, txalaparta digitala gai hartuta, hain zuzen. Hainbat sari irabazi ditu, Euskal Herrian zein nazioartean.

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak argitara ematen dituzten artikuluak, kazetaritza-lanak eta gizarteratzeko proiektuak aitortzea eta bultzatzea du helburu sariketak.