euskaraespañol

Xabier Hualde Amunarriz, Historia Garaikideko doktorea

«1945 eta 1953 arteko aldia erabakigarria izan zen Francok botereari eusteko»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/27

Irudia

Estatu Batuen, Britainia Handiaren eta Frantziaren jokabideak (II. Mundu Gerrako aliatuen bandoa) irauteko bide eman zion diktadura frankistari. Horixe da Xabier Hualde Amunarriz historialariak ‘El «Cerco» aliado' izenburupean argitaratu duen ikerketaren ondorioetako bat. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak plazaratu du liburua.

'El «Cerco» aliado' liburuan, aztertu du herrialde horiek nolako harremana izan zuten diktadura frankistarekin 1945 eta 1953 artean (II. Mundu Gerra amaitu zeneko urtea eta Espainiak AEBrekin eta Vatikanoarekin itunak sinatu zitueneko urtea, hurrenez hurren). Aldi horretan, Washingtongo kanpo politika Gerra Hotzak baldintzatua zegoen, eta Frantzia eta Britainia Handia erregimen frankistarekin harremanak normalizatzera behartu zituen horrek. "'Espainiako auzia ito' egin zen mundu osoko xake taula ezin korapilatsuagoan".

Zein da liburuaren ekarpen nagusia?
Azterlanak elkarrekin gurutzatu eta lotzen ditu Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak 1945 eta 1953 artean Espainiako auziaren gainean izan zituzten barne eta kanpo jokabideak. Ikerketa egiteko, aintzat hartu dira hainbat lan ildo: Estatu Batuen, Britainia Handiaren eta Frantziaren barne egoera (politikoa, ekonomikoa, soziala eta nazioartekoa), eta Espainiako auziaren inguruan bakoitzak izandako eztabaida politikoak; herrialde horiek garai hartako Espainia frankistarekin izandako alde biko harremanak; hiru herrialde horiek Espainiaren inguruan izandako elkarrizketa politikoak eta kanpo harremanak; Espainia frankistak nazioarteko jokalekuan izan zuen jarrera; eta nazioarteko egoera historikoak auzia ebazteko orduan izan zuen garrantzia.

«Aliatuen barne politikak irauteko bide eman zion erregimen frankistari»

Azken batean, helburua izan da argitzea zein izan ziren kanpoko arrazoi nagusiak erregimen frankistak II. Mundu Gerraren ondoren iraun zezan, eta zergatik joan zen pixkanaka-pixkanaka nazioarteko agertokian "finkatuz", Espainiak 1953an AEBrekin eta Vatikanoarekin itunak sinatu zituen arte.

Zergatik aztertu duzu 1945 eta 1953 arteko diktadura frankistaren garaia?
Liburuaren denbora tartea funtsezko bi data horiek markatzen dute: hots, II. Mundu Gerra amaitu zen urteak, batetik, eta itunak sinatu zirenekoak, bestetik. 1945eko abuztuak bukaera eman zion hogeita hamarreko urteetako erregimen faxistek baldintzaturiko munduari, non erregimen frankista anakronismotzat jotzen baitzen bere ezaugarriengatik eta II. Mundu Gerran Ardatzeko bandoarekin (Alemania, Italia eta Japonia) izan zuen harreman dudagabeagatik. 1945 eta 1953 arteko aldia (orduan, AEBrekin eta Vatikanoarekin eginiko kanpo akordioek munduaren aurrean "legitimatu" eta finkatu zuten erregimena), beraz, garai erabakigarria da aztertzeko Francok zergatik eutsi zion botereari II. Mundu Gerraren amaiera bezalako sasoi kritiko hartan.

Zein ezaugarri ditu garai historiko horrek?
Zalantzarik gabe, munduko historiaren aparteko garaia izan zen II. Mundu Gerraren ondorengoa (lehenago, gainera, I. Mundu Gerra eta gerra arteko garai liskartsua igaro ziren). Garai hartako mugarriak izan ziren Estatu Batuak behin betiko munduko lehendabiziko indar bilakatu izana; nazioarteko harreman sistemaren berrantolaketa; Europako herrialde gehienetako berreraikuntza ekonomikoa, soziala eta politikoa (eta mundu osoko beste leku batzuetakoa ere bai); Britainiar Inperioaren desegite progresiboa; Estatu Batuen eta Errusiaren arteko harremanen hasiera eta hondatze progresiboa (horrek munduko historiaren hurrengo berrogeita sei urteak markatu zituen, Gerra Hotza ekarri baitzuen), etab. Hori horrela, "Espainiako auzia ito" egin zen egoera ezin korapilatsuago hartan, Espainiakoaren aldean mundu mailan askoz ere erronka handiagoak zituen xake taula hartan alegia.

Nagusiki zer dela-eta eutsi zion Francok botereari 1945etik aurrera?
Francoren beraren eta penintsularen faktore endogeno eta exogenoek sortu zuten aparteko egoera hura. Dena ez zen bukatzen eta hasten diktadorearen figurarekin; izan ere, haren erregimena amaitzeko interesaren edo interesik ezaren zati handiena penintsulak nazioartean zuen garrantzi estrategikoan oinarritu zen. II. Mundu Gerran, funtsezko faktorea izan zen Gibraltarrek Britainiar Inperioarentzat zuen garrantzi estrategikoa; gerraostean (eta Errusiarekiko tentsioa areagotuz zihoan heinean), berriz, penintsula Ipar Amerikako goi agintari militarren aldarrikapen estrategiko bilakatu zen Gerra Hotza gaiztotu izanaren logikan. Franco diktadoreak botereari eutsi izanaren faktore funtsezkoak izan ziren, halaber, oposizioaren batasun falta (hala errepublikanoena nola monarkikoena), Estatu Batuen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren interes dibergenteak eta haien auziaren hurbilketa, eta gerraosteak mundu osora ekarri zuen aparteko egoera.

Nola azal daiteke Estatu Batuen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren jarrera?
1945-53 arteko "Espainiako auzia" kanpoko ikuspuntu batetik aztertu edo ikertu nahi bada, lehenik eta behin aztertu behar da liburuko hiru aliatu protagonistak (AEB, Erresuma Batua eta Frantzia) zein egoeratan gelditu ziren gerraren ondorioz. Sarri ahaztu egiten zaigu herrialde baten kanpo politika bertako barne egoerak berak baldintzatzen duela, barne politikan oinarrituz ebaluatzen baita kanpo posizionamendua.

Hala, bada, gerraosteko Frantzia, erdi suntsituta, behea jotzeko zorian eta barne politika erabat kolokan, frankismoaren kontra gogorren borrokatu zena izan zen, eta 1946ko otsailean, kasurako, Espainiarekiko muga itxi zuen. Alabaina, bakarka hartutako neurri horrek ezin zuen zirt edo zarteko ondoriorik ekarri erregimen frankistarentzat. Washingtonek, bestalde, Londresi eskuordetu zion Espainiako auziaren gaineko nagusitasuna, 1947ko urrira arte, bere agendan gai estrategiko izan ez zen bitartean. Aldi horretan, Londresek ahalegina egin zuen Erresuma Batua-AEB-Frantzia trinomioan Espainia ezegonkortu zezakeen edozein ekintza moldatzeko, eta pixkanaka-pixkanaka merkataritza harreman sakonagoak egin zituen Espainiarekin. Orduko hartan, merkatu hark garrantzi berezia hartu zuen gerraostean eta Britainiar Inperioa zatitzen ari zen garaian.

1947ko urritik aurrera, Gerra Hotza gero eta gehiago ahulduz joan zen, eta, horren ondorioz, berriz ebaluatu ziren Ipar Amerikaren kanpo politikaren nondik norakoak. Hala, Washingtonek aldatu egin zituen Espainiako auzia jorratzeko oinarriak, eta Madrilekin harremanak normaltzeko bideari ekin zion. Horrekin batera, II. Mundu Gerraren amaiera atzean geratuz zihoan heinean, Frantzian indarra galduz joan zen gai hori, eta barneko zein kanpoko beste arazo batzuk sortu ziren. Halaber, penintsularen gaineko merkataritza interesa areagotuz joan zen, Britainiako interesen lehia ikusirik. Horrela, Espainiako auziari dagokionez, Ipar Amerikako dinamikak (ordurako munduko lehen potentzia bilakatua zen) ezinbestean bultzatu zituen Britainia Handia eta Frantzia erregimen frankistarekin pixkanaka harremanak normalizatzera.

Xabier Hualde Amunarrizek (Donostia, 1984) Historia Garaikideko doktoregoa egin zuen UPV/EHUn, nazioarteko aipamenarekin, eta Historiako lizentziatura UPV/EHUko Letren Fakultatean. Nazioarteko eta Mundu Atlantikoko Harremanen Historiako Masterra ikasi zuen Nantesko Unibertsitatean, eta "Asturiasko printzea" ikertzaile bisitaria izan da Georgetowneko Unibertsitateko BMW Center for German and European Studies ikastegian, batetik, eta London School of Economics eskolako Vicente Cañada Blanch Centre for Contemporary Spanish Studies zentroan, bestetik. Historia Garaikidea, Orainaldiko Historia, Nazioarteko Harremanen Historia eta Historia Konparatua ditu ikergai. Gaur egun, Europako proiektuetarako eta mugaz haraindiko lankidetzarako teknikari aritzen da Akitania-Euskadi Euroeskualdeko Lurralde Lankidetzarako Europako Taldean.
 

"El ‘Cerco' aliado. Estados Unidos, Gran Bretaña y Francia frente a la Dictadura Franquista (1945-1953)" liburua erosi ahal da UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuako esteka honetan.

Argazkiak: UPV/EHU