euskaraespañol

Euskadiko Lan Txostenak egiaztatu duenez, azken hamabi hilabeteetan gorakada handia izan du enpleguak, eta nabarmen murriztu da langabezia

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/01

• Industria gero eta leku handiagoa berreskuratuz doa enpleguaren arloan • Epe luzeko langabeziak nabarmen egin du behera da azken 12 hilabeteetan, baina Euskadi epe luzeko langabe gehien duten eskualdeen artean dago oraindik ere

FEDEA Lan Behategiak eskualdearen inguruan emandako informazioaren arabera, 2016ko 2. hiruhilekoko Euskadiko Lan Txostenak 16 urtetik gorakoen lan banaketan izandako aldaketak azaltzen ditu, Euskadiko lehenengo hiruhilekoko langabezia tasei zein okupatuei eta langabeei dagokienez. Sara de la Ricak zuzentzen duen ikerketa taldeak egin du txostena, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hala azken 12 hilabeteetan nola krisian sartu aurreko 2007. urteko hiruhileko berean izandako aldaketak jasotzen dira.

EPAren arabera, azken hamabi hilabeteetan 35.000 okupatu gehiago eta 38.100 langabe gutxiago izan dira Euskadin. Halaber, egun nagusi den zahartze prozesu geldiezina dela eta, 16 urtetik gorako 4.000 pertsona inguruko beherakada gertatu da.

Urte batetik bestera, % 16tik % 12,5era murriztu dira langabezia tasak Euskadin. Euskadi da langabezia tasaren beherakadarik handiena izan duen erkidegoa, eta langabezia tasa txikiena du orain. Alabaina, egungo tasa hauek Euskadik krisian sartu aurretik zituen tasak halako bi dira oraindik ere.

Landunak

Gaur egun, Euskadin ia-ia 900.000 enplegatu daude. Kolektibo horretako kideen aldaketei erreparatuta, honako hauek nabarmen daitezke:

Emakumeek Euskadiko 100 enplegutik 47 dituzte orain (2007an, berriz, % 43 zituzten). Enpleguaren arloan, emakumeek intzidentzia handiagoa dute Euskadin estatuko gainerako erkidegoetan baino; dena dela, Madrilen dute emakumeek presentziarik handiena lan arloan.

Era berean, 45 urtetik gorakoek gero eta intzidentzia handiagoa dute landunen artean; 12 hilabete hauetan, % 1 areagotu da hain intzidentzia. 45 urtetik beherakoek, berriz, garrantzi erlatiboa galdu dute. 2007ko hiruhileko berean, 100 landunetik 36 baino ez ziren 45 urtetik gorakoak, eta gaur egun, 9 urte geroago, 100etik 47k dituzte 45 urte baino gehiago.

Azken 12 hilabeteotan, Euskadik % 1,6 berreskuratu du industriaren sektoreko enplegua: enplegu osoaren % 22 hartzen du industriak. Termino absolutuetan, 21.000 pertsona gehiago enplegatu dira sektore horretan, eta horrek, zalantzarik gabe, erakusten du industria poliki-poliki baina modu jarraituan ari dela Euskal Herriko enplegua berreskuratzen.

12 hilabete hauetan, 24.100 pertsona gehiagok izan dute kontratu mugagabea, eta 11.600 langile gehiagok aldi baterako kontratua. Halere, termino erlatiboetan, behin-behineko kontratuak oraindik ere ugarituz doaz arinki, % 23,6tik % 24ra.
Okupazioak lanaldi motaren arabera izan duen bilakaerak erakusten duenez, behera egin du lanaldi partzialaren intzidentziak –% 19,2tik % 18ra igaro da azken 12 hilabeteetan–. Beherakada hori gorabehera, Euskadi lanaldi partzialeko kontratu gehien duten eskualdeetako bat da; Valentziako Erkidegoa bakarrik du aurretik.

Langabeak

Gaur egun, Euskadin 128.600 langabe daude, duela hamabi hilabete baino 35.800 gutxiago. Langabeen kolektiboak hamabi hilabete hauetan izandako aldaketen artean hauek dira aipagarrienak:

Emakumeen presentzia erlatiboa handitu egin da: langabeen % 48 dira. Oraindik ere gizonak dira gehienak langabeen artean, baina sexu bien arteko tartea txikitu egin da.

Azken 12 hilabeteetan ere murriztu egin da epe luzeko langabeziaren intzidentzia, % 69,9tik % 65era. Beherakada nabarmena gertatu bada ere, Euskadik epe luzeko langabezia handiagoa du estatuko eskualde gehienek baino.

Informazio guztia: www.informelaboraleuskadi.org