euskaraespañol

Hilerri eta Goi Erdi Aroko jauregi bat aurkitu dira Torrentejon

UPV/EHUko Kultura Paisaien eta Ondarearen Ikertaldeak indusketa arkeologikoen hirugarren kanpaina egin du Arabako eremu horretan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/01

Irudia

Uztailean zehar, Euskal Herriko Unibertsitateteko Kultura Paisaien eta Ondarearen Ikertaldeak indusketen hirugarren kanpaina egin du Torrentejoko eremuan, Bastidan, Santa Luzia izena duen lekuan. Indusketek Arabako Foru Aldundiaren finantziazioa izan dute, eta baita Bastidako Udalaren laguntza ere. Bestalde, indusketa lanetan Javier Fernández Erasok zuzentzen duen Historiaurreko ikertaldeak ere parte hartu du. Talde horrek eremuko alderik zaharrenak aztertu ditu.

Torrentejon egindako lanek berretsi dute aztarnategiaren balio arkeologikoa. Eremu hori erabilia izan da Historiaurretik gaur egunera arte. Kanpainaren aurkikuntzen artean nabarmenena izan daiteke Kalkolitoko aroaren garrantzia. Eskila-formako keramika eta hezur batzuk aurkitu direnez, K.A.ko III. milurteko hilobi bat zegoela ematen du.

Bestalde, herrixka Goi Erdi Aroan erabiltzen hasi zireneko aurkikuntzak egin dira. Adibidez, Andra Mariren elizak sortu aurretiko hilerri bat eta eraikuntza batzuk. Beraz, Arabako Errioxako lehen herrixketan Erdi Aroko etxebizitzak aurkitu dira lehenengoz.

Indusketek botere feudalaren eta monarkia nafarraren garrantzia erakutsi dute. Hortaz, oso interesgarriak dira Andra Mariren lehenengo eliza, XI. mendekoa, eta berari lotutako egitura batzuk, jauregi bat izan daitezkeenak. Arkeologiari dagokionez, garrantzi eta kalitate horretako egiturak lehendabizikoz aurkitu dira.

Bestalde, San Millan de la Cogolla monastegiak herrixka erosi ondoren, oraingo eliza erromanikoa eraikitzeak eremua guztiz aldatu zuela egiaztatu da. Behe Erdi Aroan herrixka utzi zuten.

Torrentejo berriro okupatu zuten XVII. mendean, oraingo eliza eraiki zen eta bizitzeko eta lanerako eraikin batzuk egin ziren. Gero berriro utzi zuten, Bastidak berreraiki zuen eliza, eta izena aldatu Santa Luzia deituz.

"Azpimarratu behar dugu -adierazi du Juan Antonio Quirós irakasle eta proiektuaren zuzendariak- Arabako Errioxaren ondare arkeologikoa nola dagoen ezin hobeto adierazten duela. Aztarnategi guztian aurki daitezke arestiko esku-hartzeak, kontrol arkeologikorik gabe eginak. Gol Erdi Aroko hilerria ia erabat suntsitu zen, Behe Erdi Aroko terrazak asko aldatu dira, Kalkolitoko aroko okupazioaren zati nabarmena suntsitu da, eta aztarnategiaren ingurua aldatu da. Eta horiek dira Torrentejon hamar urtean eman diren suntsipen prozesuak. Aireko argazkiek, aztarnategiaren estratigrafiak eta ahozko iturriek uzten digute ondorioztatzen suntsipenaren atal nabarmena 2005ean egin zela, jabego publikoko lurrak okupatu zirenean mahastiak zabaltzeko. 2014an ere suntsipenak egon dira, ureztatzeko sareak egiteko. Beste batzuk ezin izan dira datatu, baina erabilitako makinak direla eta, oso berriak dira. Zer geratuko da Arabako Errioxako herri aztarnategietan hamar urte barru? Paradoxa da hau guztia gertatzea eta, aldi berean, Arabako Errioxako Ardo eta Mahastien paisaiak ondare kultural izendatzea. Arkeologiak tresna kritikoak ematen dizkigu ondarea eraikitzeko eta Arabako Errioxaren paisaiak berriro konzeptualizatzeko, oinarri historiko sendoetatik abiatuta. Paisaia hauei sakontasun historikoa ematen ez badiegu, ondareari dagokionez, deskapitalizatzen ditugu eta nortasun berria ematen diegu, zeinak paisaia hauen muina definitzen duten muina traizionatzen duen".