euskaraespañol

Espainiako Biosegurtasun Elkarteak unibertsitateko ikerkuntzaren arriskuaren ebaluazioari buruz eztabaidatu du

3. biltzarra egin du Bizkaia Aretoan erakundeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/21

Irudia

AEBioS Espainiako Biosegurtasun Elkarteak 3. estatu biltzarra egin zuen Bizkaia Aretoan urriaren 17an eta 18an. Ehun bat pertsonak parte hartu zuten: UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta administrari ugarik, alde batetik, eta unibertsitateetan, ikerguneetan nahiz enpresa pribatuetan biosegurtasunaren, bioeuspenaren eta segurtasun biologiko handiko instalazioen kudeaketaren arloan jarduten duten hizlariek, bestetik.

Biltzarrean eztabaidagai izan zuten unibertsitate ikerkuntzaren eta irakaskuntzaren arriskuaren ebaluazioa: nola antolatu arrisku biologiko hori eta arriskua kudeatuko duten langileak egongo diren eraikina; teknologikoki nola aurre egin bioeuspenean kontrolatzen diren hausturek dakarten arriskuari (materialen sarrerak eta irteerak, ekipoak, langileak); biosegurtasuna nahitaez nola aldatzen den esku artean bestelako material bat dugunean (ospitaleko biosegurtasuna, landareena, akuikultura, artropodoen erabilera); zenbateko arrakala dagoen gizarteak arrisku biologikoaz duen pertzepzioaren eta biosegurtasuna teknikoki kudeatzeko moduaren artean, batik bat krisialdietan, eta nola lotu elkarrekin bi alderdiak; eta, azkenik, nola osatu biosegurtasunaren eta bioeuspenaren inguruko prestakuntza jarraitu bat.

Biltzarraren amaieran, elkartearen batzarreko kide berriak izendatu zituzten; hala, UPV/EHUko SGIker Ikerketa Zerbitzu Orokorretako Iñaki Echeverríak AEBioSeko zuzendariaren kargua hartu du.

"Batzar berri honen helburuetako bat izango da elkarteak ahalegin handiagoa egitea gizartea eta lan mundua biosegurtasunaren arloetan kontzientziatzeko, arlo horiek presente baitaude bai lan esparru ugaritan, bai eguneroko jarduera askotan", esan dute elkartekideek.