euskaraespañol

Arabako Foru Aldundia, UPV/EHU eta Teknalia batera jardungo dira Araban biozientziak sustatzen

Hiru erakundeek hitzarmen bat sinatu dute Farmazia Garapeneko Zentro bat sustatzeko Europako maila gorenekoa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/29

Irudia

Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Tecnaliak elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute, Arabako Lurralde Historikoan biozientziak sustatzearren farmazia garapeneko zentro baten bitartez. Asmoa da laguntzea lurralde historikoan RIS3 Euskadi izeneko espezializazio inteligenteko lehentasun estrategikoetako bat hedatzen, alegia, biozientziak. Biozientzien aldeko apustua da Euskadiren esparruan dibertsifikazioaren alde egitea, duela zenbait urtetatik hona bezala, eta, berari esker, zientzia eta teknologiako sare bat sortu da, goi mailako gaitasunekikoa.

Apustu horren ondorioz, Araban sektore bat ari da sortzen nazioartean ospea duten enpresekin. Era berean, badira botikak garatzeko ahalmen nabarmenak, Euskadin ez beste inon aurkitu ahal direnak, eta aukera bat ematen dute RIS3 estrategia hori garatzeko. Lidergo horren zati bat UPV/EHUren Arabako campuseko farmazia fakultateari dagokio, bai eta Tecnaliari ere, zeren, bien artean, Farmazia Garapeneko Zentro bat sustatzeko proiektu berri bat ari baitira lantzen, zeinaren bidez unitate berria negozio bihurtuko baita, estatu barruan eta nazioartean proiekzioa izango duena, lehendik ezarrita dauden gaitasun itzelak eta proiektuan parte hartzen ari diren pertsonen ezagutzen maila baliatuz.

Proiektu berri hori bermatuta dago bost jarduera lerrotan: negozio galeniko eta analitiko bat, merkatura zuzendua; I+G+b-ko jarduera bat, farmazia molde berrien araberakoa; profesionalak farmaziaren arloan prestatzeko jarduera bat; oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko bultzaden segida bat; eta saiakuntza klinikoen unitatearekiko elkarlan estuko lerro bat, ikerketa klinikoa garatzeko.

Farmazia Garapeneko Zentroaren ekimen berri honen xedea da negozio errentagarri eta iraunkor bat erdiestea, Araban aberastasuna eragingo duena eta goi mailako kualifikazioko lanpostuak sortuko dituena, baina, aldi berean, tresna bat izatea, hala gaur egun gertuko ingurunean kokatuta dagoen farmazia industria garatzeko nola enpresak erakarri eta sortzeko.

Helburu horrekin bat egin dute Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko foru diputatuak eta Iñaki San Sebastián Tecnaliako zuzendari nagusiak nahiz Javier Garaizar UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak, zeinek hitzarmen bat sinatu baitute, 245.000 euro inguru bideratzeko Saiakuntza Klinikoen Unitatea handitzera eta Farmazia Fakultateko laborategia hornitzeko ekipamenduak elkarrekin finantzatzera.