euskaraespañol

Maratoi errekorra aurki?

UPV/EHUren azterlan batek ezeztatu egiten du epe laburrera maratoian bi orduen mugatik jaitsi daitekeela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/21

Irudia

UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Jordan Santos-Concejero irakasleak ezeztatu egiten ditu aurreko azterlanen ondorioak aurki gizonezkoen maratoi proban bi orduetatik jaistearen inguruan. Ikerketa, Hegoafrikako Free Satate Unibertsitateko Ross Tucker-ekin batera egindakoa, argitaratu du Journal of Sports Physiology and Performance aldizkariak.

Maratoian, bi orduko muga gori-gorian dagoen gaietakoa da kirol errendimendu handiaren arloan. Indarrean dagoen munduko errekorra —2:02:57, Dennis Kimetto kenyarrarena (Berlin, 2014ko irailaren 28a)— urtez urte mehatxupean dago (2016an, Kenenisa Bekele etiopiarrak, Berlinen, eta Eliud Kipchoge kenyarrak, Londresen, 10 segundo baino gutxiagora geratu ziren). Horrek pentsarazten du gauza ez dela hainbeste muga hautsi daitekeenik, baizik eta hori “noiz” lortuko den. Ildo horretatik, zenbait azterlanetan saiatzen ari dira ea egiaz muga hori haustetik hain gertu omen garen iragartzen edota, aitzitik, kirol mugarri hori lortzeko hamarkadak beharko ote diren.

Bada orain argitaratutako International Journal of Sports Physiology and Performance aldizkariak argitaratutako azterlan bat —‘The Unlikeliness of an Imminent Sub-2-Hour Marathon: Historical Trends of the Gender Gap in Running Events’ izenekoa—, Jordan Santos-Concejero doktoreak argitaratua (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntzakoak, Hegoafrikako Free State Unibertsitateko Ross Tucker-ekin batera), ezeztatu egiten duena aurreko artikulu baten ondorioak. Horren arabera, maratoiko emakumezkoen mundu errekorra baliokidea da bi ordutik beherako gizonezkoen errekorrarenarekin; eta, hortaz, bi ordutik beherako muga berehala hautsiko da. Analisi berriak baliogabetzen ditu ondorio horiek, metodologia bera baliatuta.

Egun, munduko errekorraren egingarritasuna iragartzeko zenbait metodo daude: marka hoberenen aurrerabide historikoa analizatzen duten eredu matematikoetatik hasita (giza muga 1:59:37 eta 2:01:53 artean kokatzen dute), errendimenduko zehaztapen fisiologikoei buruzko analisira iritsi arte (horrek, esaterako, 1:57:58an ezartzen du “giza muga teorikoa”).

Modan dagoen beste joera bat da gizonezko eta emakumezkoen arteko markak alderatzea. Adibidez, berriki egindako Hunter eta lankideen azterlan batek —The two-hour marathon: What's the equivalent for women? Hunter SK, Joyner MJ, Jones AM. J Appl Physiol (1985). 2015 May 15;118(10):1321-3— alderatu egin zituen gizonezko eta emakumezkoen munduko errekorrak (emakumeena: 2:15:25, Paula Radcliffe, Londres, 2003ko apirilaren 13a); eta emakumezkoen marka hori gizonezkoen proban bi orduetatik behera dago. Hortaz, bi orduen muga berehala eror daiteke.

Ikertzaile horiek, beren kalkulua egiteko, % 12-13 arteko alde hipotetikoa hartu zuten aintzat atletismoko gertakari guztietarako. Horrek berekin dakar gizonezkoen egungo errekorrak (emakumezkoen errekorrarekiko ia % 10 besterik ez da) hobetzeko marjina izango lukeela portzentualki “ahulagoa” delako beste errekor batzuekiko beste distantzia batzuetan. Dena dela, Hunter eta laguntzaileen ustez, bi ordutik beherako errekorrak ezarriko luke gizon eta emakumezkoen arteko aldea, maratoiarako, % 12,9an (hau da, proposatutako urkilan). Beraz, denbora gutxi beharko litzateke gizonezkoen errekorra hobetzeko.

Ezeztatutako ondorioak

Dena dela, atletismoko probetako mundu errekor guztien inguruan Santos-Concejero eta Tucker-ek egindako analisiak (100 m-tik hasita maratoiraino iritsi arte) ezeztatu egiten ditu ondorio horiek. “Lehenik, alde globala ez delako Hunter eta lankideek proposatzen duten % 12-13koa, % 11koa baizik. Bigarrenik, gizon eta emakumezkoen artean errekorren bilakaerak ahalbidetzen duelako lasterketa probetan emakumezkoen errekorrek bilakaera azkarragoa dutela gizonezkoenek baino (gizon eta emakumezkoen arteko alde % 11,7 izatera pasatu da 1990ean, egungo %11ren aldean). Agian arrazoia da emakumezkoak geroago sartu direla, gutxiago parte hartu dutela eta beste faktore batzuk daudela, haien hobekuntza tartea handiagoa izatea eragiten dutenak gizonezkoekiko. Horien artean, atletismoko gertakariek askoz sakonera handiagoa dute” nabarmentzen dute ikertzaileek.

Gizonezkoen maratoian munduko errekorra bi ordutatik bat-batean jaistea joera eta aurrerabide historiko guztien aurkakoa izango litzateke. Gaur egun, gizonezkoen maratoia portzentualki bigarren errekor “ahulena” da emakumezkoen aldean (100 m-ko lasterketaren ondoren); eta bi ordutik beherako marka, aldiz, atletismo programa osoaren errekor “handiena” izango litzateke alderatuz gero. Gainera, kontuan izan behar da gizonezkoen errekorra hobetu egin dela azken hamarkadan 2007ko 2:04:55etik oraingo 2:02:57ra. Horrek berekin dakar % 1,6ko hobekuntza 10 urtetan. Beraz, nekez pentsatzekoa da bi orduko muga apurtzeko beharrezkoa den % 2,4ko hobekuntza gehigarria (edo, gauza bera, 2007ko errekorrarekiko % 4ko hobekuntza). Maratoiko munduko errekorra % 4 hobetu zen azken aldian 30 urte behar izan ziren (1984-2014), eta gauza bera gertatu da beste distantzia batzuetan. Adibidez, 100 m-etan, 41 urte behar izan ziren % 4ko hobekuntza lortzeko (1968-2009).

Badirudi datu horiek ezeztatu egiten dituztela Hunter eta lankideen azterlanaren ondorioak, maratoi proban bi orduetatik beherako gizonezkoen errekorra berehala lortzeari dagokionez. “Oinarri hartuta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko alde historikoak, baita errekorrek izandako bilakaerari buruzko analisia ere, nekez pentsaraztekoa da bi orduko muga hori epe laburrera haustea lortuko denik, baldintza homologagarrietan, beste egile batzuek proposatzen duten bezala” ondorioztatzen dute.

Erreferentzia bibliografikoa