euskaraespañol

Lucía Gallego

Zergatik da garrantzitsua antibiotikoen erabilerari buruz kontzientziatzea

Mikrobiologia Medikoko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/23

Lucía Gallego
Lucía Gallego. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azaroaren 18a Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Eguna izan zen. Kontzientziazio kanpaina horren helburua da bakterio patogenoek eragindako infekzioak tratatzeko molekula horiek gabe gelditzeak ekarriko ligukeen arriskuaz ohartaraztea.

Antibiotikoen osteko aroa genuke, kontrolpean uste genituen gaitzak berriro ere hilgarri bihurtuko liratekeena. Kirurgiarik ezingo litzateke egin, kirurgia guztiek behar baitute profilaxi antibiotikoa.

Pandemia eta antibiotikoak

Covid-19aren pandemiari begira egon da mundua 2020an. Herrialde guztiak ataka estuan jarri dituen erronka izugarria da.

Ahalegin medikoak, zientifikoak, sozialak, politikoak eta ekonomikoak pandemia kontrolatzera bideratu dira «premiazkoaren tiraniaren» premisapean, eta ondorioz, alboratu egin dira beste arazo sanitario garrantzitsu batzuk.

Bada, hala ere, ezkutuko mehatxu bat, pandemia biki bat, are larriagoa: antibiotikoekiko erresistentzia. Horrek infekzio larri eta heriotza ugari eragiten ditu urtean, eta arriskuan jartzen du egungo osasun sistemen iraunkortasuna.

Ekonomian eragiten dituen kalte larriak gehitu behar zaizkio horri. Hala, bere azken txostenean, Munduko Bankuak herrialdeen pobrezia faktoretzat jotzen du antibiotikoekiko erresistentzia.

Zer harreman dute covid-19ak eta ospitaleek mikrobioen aurkako erresistentziarekin?

Covid-19aren pandemia eragin latza izaten ari da antibiotikoekiko erresistentzian.

Aurten, areagotu egin da antibiotikoekiko erresistentzia hainbat arrazoirengatik. Batez ere, antibiotiko horiek modu masiboan erabili direlako, eta covid-19agatik ospitaleratu diren paziente askori ohiko prozedura gisa eman zaizkielako, bigarren mailako bakterio infekzioak prebenitu nahian.

Jardunbide hori alferrikakoa izan dela egiaztatu da. Pazienteen % 70-100ek jaso dituzte antibiotikoak, baina kasuen % 10ean baino gutxiagotan ziren beharrezkoak.

Paziente kopuruarekin ospitaleek gainezka egin dutenez, eta prozedura inbaditzaileak egin behar izan direnez, antibiotikoak neurriz kanpo erabili dira eta, ondorioz, isolamendu erresistenteak errazago eta bizkorrago agertu eta hedatu dira. Eta horiek dira ospitalizazioan hartzen diren infekzio nosokomial larrien eragileak.

Telemedikuntzako kontsulten kopuruak gora egiteak ere eragina izan du. Egiaztatu da antibiotiko gehiago preskribatu direla aurrez aurreko kontsultetan baino.

Efektua klinikoki frogatu gabeko antibiotikoak

Nabarmendu beharreko beste alderdi bat da efektua klinikoki frogatua ez duten antibiotikoak erabili direla ziurgabetasun eta nahasmen une horietan.

Hori gertatu da, esate baterako, azitromizina hidroxiklorokinarekin batera erabili denean. Horrek, arazoa larriagotzeaz gain, nahastu egin ditu herritarrak, antibiotiko bat infekzio biriko baten aurka «baliagarria» dela ematen baitu, eta horri egin behar diote aurre antibiotikoen erabilera egokirako kontzientziazio kanpaina guztiek.

Gel hidroalkoholikoak eta desinfektatzaile biozidadunak

Eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea edo, ezinezkoa denean, gel hidroalkoholikoak erabiltzea, pandemiaren hasieratik infekzioaren transmisioa kontrolatzeko proposatu diren tresnetako bat izan da.

Mikrobioen aurkako xaboien eta desinfektatzaileen erabilera ikaragarri ugaritu da ospitaleetan eta jendartean. Agerian jarri behar da haien erabilerak kalteak eragin ditzakeela, askok biozidak baitituzte.

Desinfektatzaileetan eta garbigarrietan dauden mikrobioen aurkako substantzia horiek ingurumenean pilatzen dira. Azkenean, kontzentrazio handietan zein txikietan, presio selektiboa egiten dute, eta osasunerako oso arriskutsuak diren andui erresistenteak hautatzen dituzte.

Ingurumen kaltea oso larria da, biozida eta antibiotiko kopuru handiak pilatzen baitira. Ez soilik giza erabilerakoak, baizik baita abeltzaintza eta nekazaritzakoak ere.

Hori dela eta, ez dugu ahaztu behar ikuspegi komun batekin jardun behar dela, One Health kontzeptuarekin, diziplina anitzetan eraginez.

Antibiotikoekiko erresistentziari buruzko ikerketa gain behera etorri da

Arazoa areagotzeko, azken urteotan murrizketak egin dira ikerketa funtsetan, eta, orain, noski, ahalegin guztiak covid-19arekin lotutako proiektuetara bideratu dira. Azterketa asko alde batera utzi dira, baita ospitaleetan ohikoak zirenak ere. Beraz, informazio eta kontrol hutsune bat dugu, eta, ondorioz, ustez kontrolpean genituen erresistentzia asko kontroletik kanpo geratzen hasi dira.

Farmazia konpainiak ikerketa gutxi egiten ari dira antibiotiko berriez, eta horrek alternatiba terapeutiko berri asko gabe uzten gaitu.

Horregatik, irmotasunez jokatu behar dugu, antibiotikorik gabeko mundu bat saihesteko. Pandemiak eragindako nekea gorabehera, behar den guztia egin behar da molekula horiek gabe geratu ez gaitezen.

Horretarako, nahikoa da mundu mailako hainbat erakunde sanitarioren gomendioak jarraitzea:Osasunaren Mundu Erakundea, European Joint Action on Antimicrobial Resistance and Associated Infections, Joint Programming Initiative for Antimicrobial Resistance, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia, eta abar.

Gure esku dago antibiotikoak behar bezala erabiltzea.

The Conversation