euskaraespañol

UPV/EHUk gradu bikoitz bat ingeles hutsean eskainiko du: Business + Economics

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/12

Irudia
Datorren ikasturtean (2020-2021) gradu bikoitz berri bat eskaintzea onartu da: Double Bachelor's degree in Business and Economics, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko). Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran, datorren ikasturtean (2020-2021) gradu bikoitz berri bat eskaintzea onartu da: Double Bachelor's degree in Business and Economics, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko). Gradu bikoitz hori izango da, gainera, osorik ingelesez emango duen lehena.

Baterako prestakuntza ibilbide bat da, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko eta Ekonomiako Graduko ikasketa planetako irakasgaiak ikasteko aukera ematen duena, eta hori gainditzeak bi tituluak lortzea ekarriko du. Ikasketen iraupena lau urte eta erdikoa izango da, eta horietatik gutxienez sei hilabete atzerriko unibertsitate batean egin behar izango dira. Lehenengo ikasturtean, ikasleek egiaztatu beharko dute gainditu dutela ingeleseko B2 maila edo gutxienez 8 puntuko kalifikazioa lortua dutela unibertsitatera sartzeko ebaluazioko ingeleseko proban. 

Ekonomia eta Enpresa Fakultatean ingeles hutsezko gradu bikoitz hori eskaintzea ez da kasualitatea; izan ere, gaur egun, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan eta Ekonomiako Graduan atzerriko hizkuntzaren mailaren zehaztuta dago eta ezinbestekoa da hori lortzea titulua lortzeko. Bestalde, Ekonomiako Graduaren kasuan, titulazio horrek prestakuntzaren nazioartekotze zigilua du, Unibasq agentziak emana.

Titulazio berri honekin bederatzi izango dira datorren ikasturtean UPV/EHUk eskainiko dituen gradu bikoitzak. Graduko ikasketetan dagoen ingelesezko eskaintzari dagokionez, 2019-2020 ikasturte honetan 661 irakasgai egin daitezke hizkuntza horretan, eta urtez urte kopuruak goraka doa. Gainera, ingelesez ikas daitezkeen irakasgaiei 339 English Friendly Courses (EFC) gehitu behar zaie, hau da, gaztelaniaz irakatsitakoak izan arren, irakaskuntza gida, tutoretzak, hainbat zeregin, azterketak eta abar ingelesez egiteko aukera ematen duten irakasgaiak. Modalitate hori Euskal Herriko Unibertsitatean dauden atzerriko unibertsitateetako ikasleentzat da, gaztelania maila ertaina izan arren, ingelesez hobeto moldatzen diren ikasleentzat, hain zuzen ere.