-

"Estos presupuestos llevan a la EHU a la parálisis"
-

Tras el análisis de necesidades, la EHU cifra en 607 millones de euros su necesidad presupuestaria
-

El enemigo invisible que viaja en los barcos
-

Romper el silencio: abusos sexuales contra la infancia y responsabilidad social
-

El Arboretum de la EHU, una aula al aire libre
Jasone Cenoz
Ikerketaren ebaluazioa: irizpide metrikoak soilik?
Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen katedraduna
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 08/04/2016

Este artículo se publica en el idioma en que está escrito.
Ebaluazioa bizitza akademikoaren alderdi garrantzitsua da: ikasleak eta kideak ebaluatzen ditugu, eta gure ikasle eta kideek gu ebaluatzen gaituzte. Ikasleen aurrerapena eta gure irakaskuntza-jardueraren emaitzak ebaluatzen ditugu, eta ikasleek gure irakaskuntza-jarduera ebaluatzen dute. Bestalde, ikasleen proiektuak, masterrak eta doktorego tesiak ebaluatzeko batzordeetako kide gara. Kideen ebaluazio akademikoa gure eguneroko bizitzako parte da, eta ebaluazio horretan sartzen dira, besteak beste, artikuluak, finantzatutako proiektuak, irakaskuntza- eta ikerketa-postuak, bekak, sariak eta gradu eta programen kalitatea.
Urteen joanean makina bat ebaluazio akademikotan parte hartu dut, eta ikerketa-agentzia, unibertsitate eta argitaletxe nazional zein nazioartekoekin lan egin dut. Kideen ebaluazioa egoki eta beharrezkotzat jotzen dut, kalitate zientifikoari eutsi eta hura hobetu nahi badugu. Nire iritziz, ebaluatzaileek ahalik eta zerikusi gutxien izan beharko lukete ebaluatutako kideekin zein lanekin, sor litezkeen interes-gatazkak saiheste aldera. Azken urteetan, ebaluazioan aurrerapen handiak izan dira Gizarte Zientzietan eta Humanitateetan, eta bereziki Hezkuntzan, nik ondoen ezagutzen dudan arloan. Ebaluazio-irizpideak Zientzia Esperimentaletan erabili ohi direnetatik gero eta gertuago daude, eta aldizkarietako artikuluen inpaktu-faktorea irizpide nagusia bilakatzen ari da. Bestelako ekarpenak eta lanak ez dira erabat bazter uzten, baina, ebaluatzaile eta akademiko gisa, "JCR artikuluak" eta "seiurtekoak" ditugu ahotan etengabe.
Ebaluatzaile eskarmentuduna naizen aldetik, badakit zein diren jokoaren arauak, eta saiatzen naiz nire lanak inpaktu handiko nazioarteko aldizkarietan argitaratzen. Alabaina, neure buruari galdetzen hasi natzaio hori ote den hurbilketa bakarra – edo egokiena – Hezkuntzaren arloko ikerketa-emaitzak ebaluatzeko. Ez al gara urrunegi joaten ari? Nik sarritan ez ditut onartzen prestigio handiko nazioarteko argitaratzaileek liburuetan parte hartzeko egiten dizkidaten gonbidapenak, nire denbora murritza artikuluak idazteko erabiltzea erabaki dudalako. Badirudi Ipar Amerika eta Europako nire kide guztiek ez dutela arazo hori – ez neurri berean bederen –, Gizarte Zientzietan eta Humanitateetan inpaktu handiko aldizkarietako artikuluei adinako balioa ematen baitzaie, maiz, kalitate handiko liburuetako kapituluei, eta bereziki monografiei.
Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko nire lankide askok gizartearentzat garrantzi handia duten arloetan dihardute. Eskola-orientatzaileak, gizarte-hezitzaileak eta irakasleak trebatzen dituzte, eta gure gizartearentzat munta handikoak diren gaiak –esaterako, immigranteen integrazioa eta eskolako esku-hartzeak desgaitasun fisikoa edo intelektuala duten ikasleentzat– lantzen dituzten hainbat proiektutan ari dira. Askotan, tankera horretako lanak ez dira sartzen lehia handiko I+G proiektuen edo inpaktu handiko argitalpenen munduan, baina tokiko erakundeek finantzatu egiten dituzte, hain zuzen ere lan horien emaitzak behar dituztelako eta gizarteari begira beharrezkotzat jotzen dituztelako. Unibertsitateak horrelako lanak egin behar al ditu? Erantzuna baiezkoa bada, hona hemen beste galdera bat: bestelako tresna batzuk baliatu behar al ditugu hainbesteko ikusgarritasuna ez duten baina tokian-tokian inpaktu handia duten garrantzi handiko lanak ebaluatzeko orduan? Nola eman aitortza handiagoa lan horiei?
Herrialde batzuk auzitan jartzen hasiak dira irizpide metrikoetan soilik oinarritzen den ebaluatzeko modu hori. Adibidez, Herbehereak. Eztabaida luzeen ondoren, Herbehereetako Ikerketa Kontseiluak (NWO), Herbehereetako Arteen eta Zientzien Akademiak eta Herbehereetako Unibertsitateen Elkarteak erabaki dute ikerketa akademikoan irizpide autonomo gisa ez erabiltzea, ezein arlotan, produktibitate kuantitatiboa. 2015az geroztik, ikerketa-taldeak eta -programak ebaluatzeko erabiltzen diren hiru irizpideak hauek dira: ikerketaren kalitatea (produktibitate kuantitatiboa barne, baina baita ikerketaren emaitzen eragina ere), ikerketak gizartearentzat duen garrantzia eta ikerketa-lerroaren bideragarritasuna etorkizunean.
Norvegiako Ikerketa Kontseilua herrialdeko unibertsitateek Humanitateetan garatutako ikerketa-jardueren ebaluazioa egiten ari da gaur egun. Ebaluazio horrek – zeinean zuzenean parte hartzen ari naizen – aintzat hartu behar du, beste irizpide kuantitatibo eta kualitatibo batzuekin batera, gauzatutako ikerketak gizartean duen eragina.
Erresuma Batuan argitaratutako "The "Metric Tide" (Korronte Metrikoa) txostenak (2015) irizpide metrikoen erabilera aztertu zuen ikerketaren ebaluazioan, eta, besteak beste, gomendio hauek eman zituen: ebaluazio kuantitatiboak jakintzan oinarritutako analisi kualitatiboaren sostengu – baina ez ordezko – izatea, eta askotariko adierazleak erabiltzea sistemaren baitako ikerketa-ildoen eta ikerketa-ibilbideen aniztasuna islatu eta sustatzeko. Txostenak dio, halaber, diziplina batetik bestera izugarrizko aldeak daudela aipuak egiteko orduan, eta horrek ondorioak dituela datu metrikoetan oinarritutako ikerketa-emaitzen ebaluazioan. Hezkuntzari dagokionez, egoerari buruzko analisi hau egin zen: "Adierazi zen zenbait neurri kuantitatibo egokiak direla ikerketen ebaluazioa egiteko, baina arriskua zegoela ebaluatzaileek beren ebaluazio-prozesuan datu metrikoak neurrigabe erabiltzeko" (54. or). Badirudi hori dela, zehazki, hemen dugun arazoa. Izan ere, datu metrikoak soilik kontuan hartu eta ebaluatzaile gisa gure eginkizuna errazteko joeran eror gaitezke.
Hezkuntzaren arloko ikerketa – eta Gizarte Zientzien eta Humanitateen beste arlo batzuetakoa – garrantzi handikoa da gizartearentzat, baina sarritan datu metrikoen bidez neurtzen zailagoak diren liburuetan eta liburuetako kapituluetan argitaratzen dira. Ikerketa hori, askotan, akademikoa ez den irakurlego bati begira egiten da, eta txosten moduan argitaratzen da, ez aldizkariko artikulu moduan. Ebaluazioa beharrezkoa da, eta lagungarria, noski, arlo hauetan ikerketaren kalitatea hobetzeko, baina eztabaidatu beharko genuke ebaluazioak nola har dezakeen kontuan jakintzagaien aniztasuna, eta zer egin beharko litzatekeen irizpide metriko soilen erabilerak ebaluazio hori hainbeste baldintzatu ez dezan.
Fotos: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
