-
La EHU, entre las mejores universidades de Europa en estudios de ingeniería
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «El médico cura a veces, alivia a menudo y acompaña siempre»
-
Un estudio de Carlos Matute logra el segundo puesto mundial en el Top Altmetric de Nature
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Haciendo deporte en el polideportivo
Ismael Manterola Ispizua
Artista konprometitua versus sormenaren askatasun osoa
Artearen Historiako irakaslea
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 24/03/2017
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito
Artista modernoaren baitan beti egon da gizartearekin izan behar duen loturaren gaineko kezka. Ilustrazioaren garaikoak dira artearen funtzio pedagokikoaren gaineko eztabaidak. Abangoardiekin kezka hauek indarra hartu zuten, batez ere inpresionismoan hasitako ikerketa plastikoek jende arruntaren ulertezintasuna eragin zutenean.
Gizartea aldatzeko asmoa zuten arte mugimenduek arazo bati aurre egin behar izan zioten: nola azaldu jendeari beraiek egiten zutena, jendearen heziketa maila nahikoa ez zenean arte aldaketak ulertzeko? Horri gehitu behar diogu 20ko eta 30eko hamarkadetan masa kultura izeneko fenomenoa. Horren arabera, jende gehienera iristen ziren kultur adierazpenak oinarrizko maila batekoak ziren edo aisialdira mugatzen ziren. Goi mailako kulturan lerratutako arte plastikoen esperimentazioak ez zuen gehienetan masara iristea lortzen, planteamenduen zailtasunaren ondorioz edo erabiltzen zituzten bideak eta sareak ez zeudelako jende arruntaren esku.
Egoera horren aurrean, 30eko hamarkadan ia Europa guztian eztabaida interesgarria piztu zen arteen alorrean. Artista batzuen arabera, arte bakoitzaren baliabide espezifikoetan sakontzea ikerketa plastikoa zen, eta baita mundua, gizartea eta gizakia aldatzeko modua ere. Jarrera aurrerazale moduan ikusten zuten lan hori, aspalditik zeuden artearen botere guneen (Akademia, adibidez) eta gustu burges tradizionalaren kontra.
Aitzitik, beste artista talde batek uste zuen hizkuntza plastiko esperimentalek ez zituztela jendearen gogoak betetzen, ulertezinak zirelako eta elite intelektual batera besterik ez zirelako iristen. Horregatik, figurazio eguneratu batetik hurbil zeuden proposamenak hobesten zituzten, jendearengana heltzeko erraztasun handiagoa izango zutelakoan. Horrela, pixkanaka nagusitzen ari zen masa kultura azalekoaren alternatiba bilatu nahi zuten, batez ere mezu iraultzailez betetako arte publikoaren bidez (horma pintura, aldizkariak, antzerki edo musika herrikoia).
Eztabaida hauek Bigarren Mundu Gerraren ondoren jarraitu zuten. 50eko eta 60ko hamarkadetan abstrakzioa eta figurazioaren arteko eztabaidek indar handia hartu zuten, nahiz eta hego Euskal Herrian (Espainiaren testuinguru orokor baten barruan) Europako beste toki askotan baino istilutsuagoak izan. XX. mende hasieran bezalaxe, artista askok pentsatzen zuten arte figuratiboak jende arruntaren atxikimendua erraztu eta mezu argiak zabaltzeko balio zuela. Kontuan izan behar da garai hartan Espainia diktadura gogor baten menpe zegoela eta artista askok kultura borroka politikorako tresnatzat zutela. Premiazko egora politiko zail batean, ez zuten onartzen esperimentu plastikoetan barneratutako artearen autonomia. Horregatik askotan, abstrakzioak arte burgesa izatearen salaketa jaso zuen.
Bestalde, artista askok, 30eko hamarkadan gertatu zen bezala, artistaren askatasuna ezinbestekoa zela uste zuten, artearen garapena ziurtatzeko. Artista horientzat, jarrera abangoardista hutsak nahikoak ziren gizarte kontserbadorearen aurka zeudela adierazteko, eta militantzia plastikoa militantzia politikotzat zeukaten, sarritan beste mota batzuetako militantziak gehitzen bazituzten ere.
60ko hamarkadako Euskal Herriko Euskal Eskola Mugimenduan ondo ikusten da bi jarrera horien arteko tentsioa. Gipuzkoako GAUR, Bizkaiko EMEN eta Arabako ORAIN, hiru lurraldeetan bildu zituzten artisten taldeak baino gehiago ziren. Euskal Herriaren berpizte kultural baten proiektua ere bazen, teorian Nafarroako DENOK izenekoa gehitu behar zitzaielako eta Iruñean Euskal Unibertsitatea antolatzeko asmoa zegoelako.
Oteizaren ideien arabera, kultur berreskurapenak abangoardiatik etorri behar zuen. Euskal Herriaren "arima estetikoa" berreskuratuz gero, gizakiak gizartean integrazio maila erabatekoa lortuko luke, beraz ez litzateke egongo arazo handirik artista eta gizartearen ulertezintasunaren artean.
Baina Oteizarena ez zen ikuspuntu bakarra, eta artista eta taldeen arabera iritziak asko aldatzen ziren. Adibidez, Bizkaian EMEN taldean bildutako eragileek aurretik Estampa Popular izeneko taldean lan egin zuten, eta lanean jarraitu zuten EMEN taldean zeuden bitartean. Talde hauek Espainiako Partidu Komunistaren ingurukoak zirenez, arte herrikoi ulerterraz baten aldeko apustua egiten zuten. Beraien lanetan figurazio sinplifikatua eta grabatua erabiltzen zuten, merkea zelako eta irudia erraz biderkatzeko aukera ematen zuelako. Gainera, lanak erakusterako orduan, ohiko artearen zirkuituak baztertzen zituzten, herriarengana iristen ez zirelakoan edo elite intelektualera besterik ez zirelako iristen. Testuinguru horretan eztabaidak piztu ziren elitismoa eta herrikoitasunaren inguruan. Gipuzkoako eta Arabako taldeek garaikideak ziren hizkuntza plastikoa erabiltzen zuten artista gutxi batzuk biltzen zituzten bitartean, Bizkaian edozein artista onartzeko aukera nagusitu zuten, kontuan hartu gabe zein hizkuntza plastiko erabiltzen zuen, gerra aurreko figurazio modernoa izan edo abangoardiaren ondorengo abstrakzioa.
Jarrera asanbleario horiek gipuzkoarren eta arabarren zalantzak piztu zituzten, nahiago zutelako artista gutxiago izan, baina abangoardiarekin konpromiso garbia azaltzen zituztenak. Eztabaida hauek sartu behar ditugu Europa osoan eta indar handiz Espainian zabaldu ziren abstrakzioaren edo figurazioaren aldeko eztabaida orokorren testuinguruan.
70eko eta 80ko hamarkadara arte iraun zuten eztabaida horiek, nahiz eta, azken horren erdialdean, artearen beste kezka batzuek aspaldiko eztabaida honi gaina hartu. Posmodernitatean artearen autonomia nagusitu arren, Euskal Herriko artista gehienek sumatu zuten gizartearekin konpromiso mailaren bat mantentzearen beharra, beti ere ikerketa plastikoan baldintzarik jarri gabe.
Foto: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.