euskaraespañol

Sare sozialak campusa

Iraia Muñoa-Hoyos, Manu Araolaza, Irune Calzado, Mikel Albizuri, Nerea Subiran

Zer ari da gertatzen giza ugalkortasunarekin?

Fisiologia Saileko Giza Ugalkortasunaren ikerketa-taldeko ikertzaileak

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 26/03/2026

Argazkian ezkerretik hasita: Irune Calzado, Mikel Albizuri, Aimar Arredondo, Nerea Subiran, Manu Araolaza, Iraia Muñoa. | Foto: Egoi Markaida. EHU.
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Gaur egun, antzutasuna 186 milioi pertsonari eragiten dien garrantzi handiko arazo mediko eta soziala bihurtu da. Antzutasuna ugalketa-sistemako gaixotasun bat da, zeinetan 12 hilabetez edo gehiagoz antisorgailurik erabili gabe sexu-harremanak izan ondoren haurdunaldi klinikoa lortzeko ezintasuna gertatzen den. Osasunaren Munduko Erakundeak (OMEk) berriki emandako datuen arabera, munduko 6 pertsonatik batek, gutxi gorabehera, antzutasuna jasaten du bere bizitzako uneren batean. Zehazki, mundu mailan antzutasunaren prebalentzia % 17,5 ingurukoa da eta datozen hamarkadetan progresiboki handituko dela aurreikusten da. Duela gutxi arte, bikotearen ernal ezintasunaren ardura biologiko eta sozial ia guztia emakumeen gain jartzen bazen ere, gero eta gehiago aitortzen da faktore maskulinoak gaixotasun honetan jokatzen duen paper garrantzitsua. Ikerketa berrien arabera, kasuen % 20an, gutxi gorabehera, antzutasuna gizonari bakarrik egozten zaio, eta beste % 30-40an, berriz, faktore maskulinoa eta femeninoa konbinatuta izaten da jatorria. Faktore maskulinoetan zentratuz, datu hauek gizonen inplikazioa kasu guztien % 50 ingurukoa dela adierazten dute. Horregatik, gizonezkoen ugalkortasuna aztertzea ezinbestekoa da.

Egun, gizonaren haziaren kalitatea aztertzeko eskura dagoen tresna nagusia seminograma edo semenaren analisia da, eta hau OMEk ezarritako gomendioen arabera egiten da semen laginaren alderdi makroskopikoak (bolumena, pHa, likidotzea, biskositatea, kolorea), zein mikroskopikoak (espermatozoideen kontzentrazioa, mugikortasuna, bizitasuna, morfologia) ebaluatuz. Hala ere, tresna honek muga batzuk ditu; semen lagin osasuntsua aurkezten duten gizonen % 20-30ak ez dira gai haurdunaldia modu naturalean nahiz laguntza bidezko ugalketa-tratamenduen bidez amaitzeko. Horrek agerian uzten du, batetik, gizakion ugalketa-eraginkortasuna hobetzeko premia, eta bestetik, ugalkortasun-gaitasunaren beherakada horren jatorrian egon daitezkeen kausa nagusiak identifikatzeko beharra. Premisa horiek funtsezkoak dira gaixotasun honen etorkizuneko prebentzio- zein tratamendu-estrategiak garatu ahal izateko.

Azken hamarkadetan, bestalde, gero eta ikerketa gehiago ari dira adierazten, gizonezkoen ugalkortasunean ingurumen faktoreek eta bizi ohiturek modu nabarmenean eragiten dutela. Faktore horien artean gehien nabarmendu direnak hurrengoak dira: dieta, ariketa fisikoa, obesitatea, tabakismoa, faktore psikologikoak (hala nola, estresa), kutsatzaileak, faktore mutagenikoak eta faktore genetikoak. Hortaz, badirudi faktore horiek guztiek nolabaiteko eragina izan dezaketela espermatogenesian. Ikerketa batzuek adierazi dutenez, oro har, biztanleria osoan semenaren kalitatearen jaitsiera handia gertatu da, baita adinagatik semen kalitatea optimoa izan beharko lukeen gazteetan ere, arazoaren larritasuna nabarmenduz.

Horren harira, paradoxikoa da datu kezkagarri horien aurrean, mundu mailan gutxi direla unibertsitateko ikasleak ardatz hartuta bizi estilo ezberdinek gazteen semenaren kalitatean duten eragina aztertzen duten ikerketak. Izan ere, unibertsitateko etapa gazteen bizitzako trantsizio-aldia da, non ingurune berri bat, autonomia handiagoa eta erabaki indibidualak hartzeko momentua nahasten diren, era berean, bizitza osoan mantenduko diren bizi ohituren patroiak ezarriz. Horietan aipagarria da, penintsulako hego-ekialdean egindako ikerketa-proiektu batean (Murtziako eta Almeriako Unibertsitateetako ikasleetan hain zuzen ere), dieta eta giza haziaren kalitatearen arteko lotura aztertu zela. Proiektu horretan ikusi zen, gazteen artean semenaren kalitatea % 38 jaitsi zela hamarkada baten buruan (2001-2002tik 2010-2011ra). Horretaz gain, parte-hartzaileen % 40ak gutxienez parametro seminal batean alterazioak zituen (morfologia eta mugikortasunean batez ere), eta % 15ean lagin seminalaren adierazle guztiak ezarritako balore normalen azpitik ageri ziren.

Dena den, bizi estilo eta semenaren kalitatearen emaitzak, espermatozoideen biomarkatzaile espezifikoekin lotzeko saiakerak egin dituzten oso ikerketa gutxi daude gaur egun. Erlazio hori ikertzea, esaterako, oso baliagarria izango litzateke kalitate seminalaren adierazle diagnostiko/prognostiko berriak identifikatzeko. Beraz azken ikasturteetan EHUko Giza Ugalkortasun Taldetik ikerketa proiektu berri bat abiarazi dugu EHUko komunitatearen kalitate seminalaren ezaugarri epidemiologiko eta molekularren karakterizazioa burutzeko. Proiektu honen helburu nagusia, EHUko komunitatearen kalitate seminalaren ezaugarri molekularrak, parte-hartzaileen bizi-ohiturekin erlazionatzeko aukera aztertzea da. Honek etorkizuneko prebentzio edota terapia-estrategiak garatzen lagunduko du eta semen kalitate baxua duten gizonen tratamendu pertsonalizatuaren oinarriak finkatzeko abiapuntua zehaztuko du.

Gure ikerketa-taldeak urteak daramatza gizonezkoen antzutasunean parte hartzen duten mekanismo molekularrak aztertzen, batez ere, “-omika” teknika aurreratuak erabiltzen ditugu espermatozoideen funtzionamendu egokirako ezinbestekoak diren ezaugarri morfologiko eta molekularrak identifikatzeko. Azken finean, ernaltze-ahalmen handiena duten espermatozoideen biomarkatzaileak identifikatzea bilatzen dugu, lagundutako ugalketa-laborategietan aplikatu eta haurdunaldi-tasak hobetzen laguntzeko.