euskaraespañol

Manuel Carreiras

Elebiduna izateak egiatan al dakar kognizio abantailaren bat?

BCBLren zuzendari zientifikoa (Basque Center on Cognition, Brain and Language, Donostia)

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/27

Manuel Carreiras
Manuel Carreiras
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Zalantzarik gabe, elebiduna edo eleaniztuna izateak abantaila asko ematen ditu mundu global interkonektatu honetan. Hizkuntza bat baino gehiago menderatzen dituzten pertsonak gai dira beste hizkuntza batzuetako hiztunekin komunikatzeko, eta, beraz, bitartekaririk gabe zuzeneko sarbidea izateko beste ezagutza eta kultura batzuetara, edo lan aukera gehiagotara, beste onura askoren artean.

Arrazoi horiengatik guztiengatik esan daiteke hezkuntza eleaniztun goiztiar eta egokia ematea izan behar genukeela helburu, eta horixe bultzatu beharko litzatekeela. Baina, zer dio neurozientziak beste abantaila batzuez?

 

Elebitasunaren eragina

1960ko hamarkadan, ikertzaileek ez zuten begi onez hartzen elebitasuna. Are gehiago, arazo zeritzoten, tentuz kudeatu beharrekoa eskolan, bi hizkuntza ikasteak nahasmena eragin eta hezkuntza garapena kaltetu zezakeela uste baitzuten.

Alabaina, geroagoko ikerketek azaldu zuten elebitasunak aurkia eta ifrentzua zituela. Batetik, elebidunen ahozko trebetasunak elebakarrenak baino zertxobait okerragoak zirela ikusi zen. Esaterako, denbora gehiago behar zuten marrazki bat izendatzeko. Kontrara, elebidunak hobeak ziren garrantzirik gabeko informazioaren inhibizioan edo bi jardueren artean arreta aldatzean. Alegia, sistema exekutibo zentralari zegozkion egitekoetan. Efektu hori da, hain zuzen, «elebidunen abantaila».

 

Elebidunen abantaila

Azken urteetan ezin konta ahala esperimentu egin dira elebidunak eta elebakarrak sistema exekutibo zentralari dagozkion lanetan konparatzeko, esaterako, Simónen egitekoan edo Stroopen hitz eta koloreen testean. Azken horretan, parte hartzaileei hitz bat idatzita duten koloretako koadroak erakusten zaizkie, eta hitzaz ahaztu eta koadroaren kolorea esateko eskatze zaie. Alegia, erantzun zuzena emateko, erantzun automatikoa inhibitu behar dute, hots, ez dute hitza irakurri behar.

Guztiek behar dugu denbora gehiago –eta gehiagotan egiten dugu huts– hitz idatziak aipatzen duen kolorea ez datorrenean bat koadroaren kolorearekin (alegia, idatzitako hitza «gorria» bada, baina koadroa berdea). Kontua da esperimentu batzuek agerian utzi zutela denbora gehiago behar dutela eta huts gehiago egiten dituztela elebakarrek elebidunek baino baldintza inkongruentean (idatzitako hitza «gorria» bada, baina koadroa berdea), baldintza kongruentearekin alderatuta (idatzitako hitza «gorria» bada eta koadroa gorria).

Zergatik dira bizkorragoak elebidunak eta egiten dituzte haiek huts gutxiago elebakarrek baino, mota horretako lanetan? Elebidunek trebetasun horiek egunero lantzen dituzte bi hizkuntza erabiltzen dituztelako, horietako batean bestearen interferentziarik gabe hitz egiteko, bigarren hizkuntza inhibitzen baitute. Gainera, etengabe ari dira «txipa aldatzen» hizkuntza desberdinetako hiztunekin hitz egitean.

Alabaina, orain gutxi ikerketa enpiriko, berrikuspen eta metaanalisi (argitaratutako ikerketen ondorioen gaineko analisi estatistikoak) asko argitaratu dira, elebidunen ustezko abantaila zalantzan jarri dutenak. Horien arabera, immigrazioak edo estatus sozioekonomikoak ere azaldu ditzakete elebidunen emaitza hobeak.

Hori gutxi balitz, elebidunen eta elebakarren arteko aldeak oso txikiak direla, eta ez aski sendoak, azaltzen dute. Eta, ondorioz, ezin daitekeela edozein desberdintasun baliatu elebidunen abantailaren ideiari eusteko. Beraz, egungo ebidentzia enpirikoarekin, ezin genezake ondorioztatu elebidunek abantaila dutenik. Onenean, aldea badago, txikia da, eta baldintza zehatz batzuetan gertatzen da.

 

Elebitasuna alzheimerraren aurka ona den iritzi zabaldua

Komunikabideetan maiz aipatu da elebitasunak ustez onura kognitibo handiak dakartzala; besteak beste, trebetasun kognitiboak hobetzen dituela.

Baina baieztapen funtsatua al da? Elebidunen abantailari eusten dioten esperimentuen arabera, elebidunek elebakarrek baino milisegundo gutxi batzuk lehenago ematen dute erantzun zuzena baldintza inkongruenteetan eta kongruenteetan. Alde hori kontuan hartuta elebitasuna, beste trebetasun kognitibo batzuk hobetzen dituela-eta, sustatu behar litzatekeela ondorioztatzea gehiegizkoa da. Hezkuntza elebiduna oso desiragarria da, baina beste arrazoi batzuengatik.

Asmo kritiko berarekin, garrantzizkoa da elebitasunak alzheimer motako dementzien agerpena atzeratzen duen ideiaz ohartaraztea. Elebitasunaren onura kognitiboak gaixotasun batzuen, esaterako, alzheimerraren, agerpena atzeratzearekin lotu izan dira (gutxi gorabehera, 4,1 urte geroago agertzen da elebidunetan), baita, zahartze osasuntsuaren ondorioz, narriadura txikiagoarekin ere. Ideia horren arabera, bizian bi hizkuntza erabiltzeak onura kognitiboak dakartza, eta osasungarria ere bada, erreserba kognitiboa areagotzen baitu. Are gehiago, zenbaiten arabera, horren eragina dementziaren aurka erabiltzen den edozein medikamentuk duena baino nabarmen handiagoa da.

Ebidentzia horiek atzera begirako ikerketa gutxi batzuetatik datoz –beste helburu baterako lortutako datuetan oinarritzen dira horiek–. Baina alderik topatu ez dituzten beste ikerketa batzuekin kontraesanean daude. Izan ere, elebidunetan dementzia 4,1 urte geroago agertzen zela argitaratu zuten ikertzaileek orain gutxi argitaratu duten beste ikerketa batean azaldu dutenaren arabera, intzidentzia tasa eta agerpen adina ia berberak dira elebidunetan eta elebakarretan (78,2 urterekin agertzen da elebakarretan, eta 79,8 urterekin elebidunetan).

Halaber, ikerketa prospektiboetan –parte hartzailearen bilakaera aztertzen dute hainbat urtez– ez da alderik topatu elebidunen eta elebakarren artean, dementziaren agerpenari dagokionez. Funtsean, ez dago ebidentzia argirik elebitasunak alzheimerraren aurrean babes efektua duenik esateko.

Honetara iritsita, nekez esan daiteke, ezin daitekeela ez esatearren, froga zientifiko zalantzagabeak daudela elebitasunak dakartzan onura kognitiboen gainean, edo dementziaren agerpena geroratzearen gainean. Esaten den bezala, deabrua xehetasunetan datza.

Beraz, zorrotz jokatu behar da, eta ez dira datuen efektuak handietsi behar, ez eta interpretazioa puztu ere. Hala, elebitasunak dementzian edo trebetasun kognitiboen gainean dituen eraginei buruzko itxaropen faltsuak ekidingo ditugu. Edonola ere, azpimarratu behar da elebitasuna desiragarria dela eta beste arrazoi batzuengatik sustatu behar litzatekeela, adibidez, mugak irekitzen dituelako eta aukera gehiago izateko bide delako bizi garen mundu global honetan.

The Conversation