euskaraespañol

Felipe Aurtenetxe eta Elena Usabiaga, Peña Ganchegui I. Saria

«Agian, arkitekturako ikasleek obrak sakonago aztertzeko denbora hartzen hasi beharko lukete berriro»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/10

Peña Ganchegui Saria euskal arkitekturako gazte nabarmenenak bereizteko helburuaz sortua izan da. Ganchegui Artxiboak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzarekin elkarlanean, antolatu du saria. Lehenengo edizio honetan PAUZARQeko Felipe Aurtenetxe y Elena Usabiaga sarituak izan dira. Biak UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren ikasleak izan dira.

Zer esan nahi du zuentzat Peña Ganchegi Sariak?

Lanean sasoi txarra duzunean eta zalantza ugari sortzen zaizkizunean, hau bezalako sari batek aurrera egiteko bultzada handia ematen dizu. Gure ustez, sari hau beharrezkoa da arkitektura gaztea indartzeko, eta, gainera, inguruko arkitekto gazteen arteko topaketa foro bihurtzeko bokazioa du. Ea bide luzea egiten duen.

Zer nabarmenduko zenuke Peña Ganchegiri buruz? Zer ikasi Peña Ganchegiri buruz? Arkitektura eta hirigintza eremuan / eremu pertsonalean?

Peña Ganchegik gaitasun handia zuen lekua irakurtzeko, existitzen den horrekin errespetuzko elkarrizketa eginez, izan ingurune naturalarekin nahiz eraikiarekin.Horrek zerikusia du, halaber, hark tokian tokikoari eta arkitektura tradizionalari buruz zuen ikuspegi bereziarekin.Gai zen arkitektura modernoaren printzipio abstraktu eta jeneralistak egokitzeko, bat etorriz arkitektura hori finkatuko zen ingurunearen egoera kulturalarekin. Gure iritziz, Peña Ganchegi arkitektura egiteko modu oso zuzen baten eredua da, bai esparru profesionalari bai pertsonalari dagokionez.

Zuen lan prozesua kontatu ahalko zenukete?

Normalean, proiektu berri bati ekiten diogunean, ez gara zuzenean proposamenak planteatzen hasten, baizik eta denbora ematen dugu gaiari buruz hausnartzen, hitz egiten, aldez aurreko ideiak trukatzen eta erreferentziak eta helburuak komentatzen.Hau da, ezer marrazten hasi aurretik, elkarrizketa fase abstraktuago bat igaro ohi dugu.Horrela, lehenengo proposamenei heltzen diegunerako, mugatuak eta adostuak izaten ditugu proiektuaren asmo orokorrak.

Zer pentsatzen duzue arkitektura lehiaketei buruz?

Proiektu oso interesgarriak agerian jartzeko modu bat dela esango genuke. Halere, lehiaketen oinarrietan planteatzen diren eskakizunak direla eta, jende asko parte hartu ezinik gelditzen da, hori ere egia da. Horrez gain, uste dugu zenbait kasutan alderdi jakin batzuk aztertu beharko liratekeela, hala nola epaimahaikideak, aurkeztu beharreko agiriak eta puntuazio irizpideak, proposamen onenak aukeratu ahal izateko, soil-soilik irizpide arkitektonikoetan oinarrituta. Guk, oraingoz, ez dugu askorik ustiatu bide hori; gehiago lan egin izan dugu eskala txikiagoko enkargu pribatuen bidez. Guretzat, profesionalki ekiteko modu ona izan da; izan ere, lan hauetan zuzenean ikasi eta kontrola ditzakezu proiektuaren alderdi guztiak, bai diseinu fasean bai obrako fasean.

Zeintzuk dira zuen erreferentziak? Arkitektura eremukoa ez den erreferentziaren bat?

Askotariko erreferentziak ditugu, hala arkitekturaren eremukoak nola beste esparru batzuetakoak. Azkenean, zure lanean guztiak eragiten du: egindako bidaiek, irakurketek, bisitek… Normalean, eskala txikiko proiektuei botatzen diegu begia, eta gure lan motaren antzekoa egiten duten obrak dituzten estudioei jarraitzen diegu. Horrez gain, arkitekturaren klasikotzat jo litezkeen beste garai bateko obrak bistatik ez galtzea gustatzen zaigu.

Egokia iruditzen al zaizue ikastegian jasotako hezkuntza? Zer nabarmenduko zenukete?

Gaur egun Eskolan jasotzen den heziketa aldatu egin da guk jaso genuenaren aldean. Azken urte hauetan, Eskola prestakuntza duala ezartzeko ahaleginetan ibili da, eta horrek aurrerabide handia ekarri du alde horretatik. Gure ustez, hobetzen jarraitzeko, prestakuntza bukatzean heldutasun edo kritika gaitasun arkitektoniko handiagoa lortzeko ahalegina egin beharko litzateke.

Biek irakatsi duzue Proiektuak irakasgaian. Zuek ikasi zenutenetik irakaskuntza aldatu al da? Eta ikasleek prestakuntza egokia al dute?

Oro har, proiektuetako irakaskuntza guk gure garaian Eskolan ezagutu genuenaren antzekoa da oraindik ere. Gaur egun, beharbada, irakasleek tutoretza lan handiagoa egiten dute ikasleekin; batez ere, gradu eta master amaierako proiektuari dagokionez. Alabaina, paradoxikoa badirudi ere, gogoan hartu behar genuke jarraipen pertsonalizatuago horren helburu nagusia izango litzatekeela ikasleek burujabetasun handiagoa edo analizatzeko eta bakarka erabakitzeko gaitasun handiagoa lortzea. Eta ez zaie garrantzirik kendu behar jendaurreko zuzenketei, sintesi eta hausnarketa ariketa garrantzitsua baitira ikasleentzat. Gaur egun, ikasleei gehiago eragiten diete argitalpen digitalek, informazio oso bisuala eta berehalakoa kontsumitzen dutelako. Agian, obrak sakonago aztertzeko denbora hartzen hasi beharko genuke berriro.

Zein aholku emango zeniokete lehen urteko ikasle bati? Eta bukatu berri bati?

Arkitekturan hasi berria bazara, jakin behar duzu karrera eta lanbide honek esfortzu eta ahalegin handia eskatzen duela eta horrek zure bizitzako alderdi askori eragiten diela. Halere, zaila izan arren, ahaleginak merezi du. Ikasketak bukatu berri badituzu, kontuan har ezazu hau etapa baten amaiera baino ez dela eta egunero-egunero ikasten eta trebatzen jarraitu behar duzula.