135 odol emate, hiru campusetan

Atzo egin zen Unibertsitate Osasuntsuen Espainiako Sarearen eguna ‘#erronka5mila: emate bakoitza, hiru bizitza gehiago’ lelopean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/09

Odol emaile batzuk. Argazkia: UPV/EHU.

Atzo egin zen Unibertsitate Osasuntsuen Espainiako Sarearen eguna, ‘#erronka5mila: emate bakoitza, hiru bizitza gehiago’ lelopean. UPV/EHUko hiru campusek eta ikasleek ekimenari laguntzeko dena eman zuten. Egun batzuk lehenagotik, UPV/EHUren sora sozialek eta beste kontu eta orrialde batzuek ere tinko sustatu zuten ekimena, ahal den eta lagun gehiagorengana heltzeko. Azpimarratzekoa izan da Medikuntza eta Erizaintzako boluntarioek egindako lan eskerga fakultate ezberdinetako odol emaileak erakartzeko.

Antolatzaileek erronkako parte-hartzaile guztiak eskertu dituzte, ikasle boluntarioak, osasun arloko langileak eta odola eman zuten lagun guztiak. Guztiei eskerrak 135 odol emate lortu dira, 55 Bizkaian, 48 Gipuzkoan eta 32 Araban. Gainera, odol emaile berriak izan dira horietatik 74, ekimenaren erronketako bat bete da hala.

“Pertsona guzti horien eskuzabaltasuna eta prestutasuna eskertu behar da, horiei guztiei esker bizitzak salbatuko baitira. Gainera, egunez egun solidarioagoa den unibertsitatea eraikitzen laguntzen dute. Ekimena arrakastatsutzat jo genezake, zalantzarik gabe”, baieztatu du Txelo Ruizek, UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

#erronka5mila: emate bakoitza, hiru bizitza gehiago. MILA ESKER!

Gogoan izan ikasturte osoan zehar hiru campusetan eman ahal izango dela odola.