null

Moto zaleentzako kasko berritzaile bat merkaturatzeko proiektu batek lortu du GECEM masterreko sari nagusia

Azken teknologien baliabideei esker sortutako produktu erosoago eta seguruago bat da

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/05

Arlo ezberdinetako zazpi ikaslez osatutako taldeak (ingeniaritza arloko bost ikasle, ekonomia arloko bat eta soziologo batez osatutakoak), GECEM Masterrak bere ikasleen artean enpresa proiektu berritzaileei urtero ematen dien saria lortu du.  Berrikuntza kasu honetan ez dagokio produktuari -moto zaleentzako kasko bat-, baizik eta bere lehiakortasunaren eta balio erantsiaren abantailari (erosotasunari eta garbitasunari eta segurtasun maila handiagoari dagokiona), ordenagailuz egindako simulazio tekniken bitartez eta material nahiz ehun berri eta inteligenteen erabileraren bitartez lortutakoa hain zuzen.

GECEM (Enpresen Lehiakortasunerako  MBA Executive Kudeaketa Masterra) UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Enpresa-Antolaketa Sailak, Ingeniari, Ekonomista eta Abokatuen elkargoek, CEBEKek eta APDen Iparreko Ordezkaritzak sustatutako gradu ondoko ikastaroa da, Iberdrolak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesturik. GECEM Masterra Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimen aitzindaria da, matrikulatutako ikasleei beren ogibideetako kudeaketan eta zuzendaritza arloko zereginetan era erraz eta praktikoan sakontzeko aukera ematen diena. Masterra zortzi moduluz osatuta dago, eta bakoitzaren ardura enpresa-kudeaketan eta irakaskuntzan esperientzia zabal-zabala duten profesionalen esku dago, aholkulariak, unibertsitate-irakasleak, teknologia zentroetako profesionalak eta enpresetako goi-kargudunak tarteko direla.

CSH-Cool & Safe Helmet izenez aurkeztu da proiektua, kaskoen fabrikaziorako abantaila handiak ekarriko lituzkeen enpresa bat proposatzen duena: tenperatura iraunkor eta egokia mantentzen duena, zarata eta bibrazio maila murriztuko lukeena, arinagoa eta iraupen luzeagoko kaskoak egingo lituzkeena eta guzti honi kolpeen aurrean segurtasun maila handiagoa izango lukeena. Modu honetan, gidatzea seguruagoa eta erosoagoa egingo litzateke eta moto gidariak gainera, gaur egun pairatzen duten aireztapen eta zarataren arazoak saihestuko lituzke.

Kasko berritzaile hau fabrikatzeko GECEM Masterraren urteko saria irabazi duen taldeak, Kevlar, beirazko eta karbonozko ehunezko xaflekin osatutako estalkiz egindako kaskoa proposatzen du, tricomposite  materialak erabiliz eta elementu Finitoen tekniken bitartez diseinatutakoa (ordenagailuzko simulazioetan ingeniaritzan erabiltzen den zenbakizko teknika, edozein elementuk jasan ditzakeen baldintza aldakorrak modu birtual batez aztertzea ahalbidetzen duena). Material honen beste abantaila berri bat, denboraren pasa arren ere, bere ezaugarriak mantendu egiten direla da, merkatuan dauden gaur eguneko gainontzeko kaskoen aurrean, non bere erabilera, bost urte ingurura mugatuta aurkitzen baita.

Elementu Finitoen teknikaren bitartez era berean, dentsitate altua duen poliestireno hedatua (EPS) eta aireztapenaren zirkulazioa hobetuko lukeen geometria berritzailea erabiliko litzateke babeserako barne estalkiaren fabrikazioan. Barne-babes eta kanpoko estalkiaren hobekuntza hau lortzeko, jario konputazionaleko mekanikaren teknikan oinarritutako airezko tunelen simulazioen erabilera proposatzen du proiektuak bere fabrikazioan, zenbait abantaila ekarriz: babes maila handiena lortzea; azken produktuaren arintasuna (1.350 gramo ingurukoa), eta zarata nahiz bibrazio desatseginak eragiten dituzten oztopo aerodinamikoen murrizketa.

Beste elementu berri bat barneko estalki biguna izango litzateke, moto zaleen burura ondo egokituta, erosoagoa eta seguruagoa litzatekeena. Elementu honetarako, PCM deitzen den ehun inteligentea erabiliko litzateke, kanpo-tenperaturaren arabera, berotasuna xurgatu, gorde edo kanporatu dezakeena. Barneko estalki biguna nahiz ehuna, mikrokapsulatu tekniken bitartez fabrikatuko lirateke eta aireztapen efektua Peltier zelulez osatutako modulu termoelektriko batez, eguzki  izpiz elikatutako modulu txiki baten bitartez. Aireztapen efektu honek, energiaren erreserba egiteko ahalmen aukera du PCM ehunaren bitartez, eta honek kaskoaren bibrazio termikoa egonkortuko luke, erosotasuna eta tenperatura egoki eta iraunkor bat eskainiz.

CSH-Cool & Safe Helmet proiektu honen talde irabazlearen partaideak Ane Aranaz Aldamizetxebarria, Telekomunikazioa ingeniaria; David González Revilla, Enpresa Zientzietan diplomatua;  Roberto Oliva Fernández, Induatria Ingeniaria; Peru Prieta García, Informatika Ingeniaria; Iñigo Solchaga Pinillos, Industria Ingeniaria; Oskar Soto San Miguel, Industria Antolaketa Ingeniaria; eta Ander Urbina Diez, Soziologiako lizentziaduna dira. Bere Negozio Egitasmoak 50.000 aleren salmenta eta 24 milioi euroren fakturazioa aurre ikusten du jardueraren lehen lau urteren barruan eta irabaziak, hirugarren urtetik aurrera.

Beste proiektuak eta ikasleen ardura etikoa

CSH-Cool & Safe Helmet-ek GECEM Masterreko lehen saria eskuratu du beste hiru proiektu originalen artean lehia gogorra izan ondoren: iCare, haurtxoen bizi-konstanteak kontrolatzeko orkatilan jartzen den gailu bat fabrikatu eta saltzeko, bihotz-erritmoa, oxigenoaren saturazioa, tenperatura eta mugimendua ere neurtzen dituena hain zuen; Town-eye proiektua, hirietako aparkalekuetan plaza libreak aurkitzeko bilatzaile informatiko bati dagokiona ikusmen artifizialeko teknologiak erabiliz, hirigunetan mugitzeko aukerak hobetzeko helburuarekin; eta TELEsens proiektua, panpina baten tamaina duen sistema elektroniko inteligentea, umeen ipuinak girotzeko eta zenbait hitz eta esapideren bitartez, soinuak, doinuak, argiztapena eta kontakizunarekin lotura duten usainak sortzen dituena.

Bigarren urtez jarraian, Masterreko parte hartzaileek "Juramentu Hipokratikoa" egin dute, enpresa kudeaketaren irizpide etikoak  jasotzen dituena. Finantza krisi globalak eragindako hainbat iruzurren aurrean, subprime hipoteken kasua izan zen bezala, GECEM Masterrak negozio munduan modu etiko batez jokatzeko ardura izateko akordio bat sustatu du bere ikasleen artean.

Orain arte antolatu diren 17 edizioetan, gradu ondoko 436 ikasle inguruk parte hartu dute MBA Executive GECEM Masterrean, enpresetako etorkizuneko goi-kargudunei jarduera-esparru desberdinetan erabakiak hartzeko behar duten ezagutza eta esperientziaz hornitzea izanik bere helburu nagusia.

Gradu ondoko ikastaro honen XVII. edizioari dagokion diploma eta sari banaketa ekitaldia egingo da Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Bilboko egoitzan Carlos Fuentenebro dekano berriaren presidentziapean. Bertan izango dira, Pablo Díaz de Basurto, Masterraren zuzendaria, eta Javier López GECEMat-eko ordezkari bezala, aurreko edizioetako ikasleak biltzen dituen MBA Executive GECEM elkartekoa.

Masterrak 15 hilabetetan banatutako 500 eskola-orduko iraupena du eta beste 100 proiektuaren garapenean, zeregin exekutiboetan edo zuzendaritza karguetan lan egiten edo egingo duten goi-titulazioko profesionalei zuzenduta dago Masterra. Graduatuei prestakuntza akademikoan argitu gabe geratu zaizkien alderdiak argitzeko aukera ematea da helburu nagusia, baita ezaguerak trukatzea eta beren ikusmoldea aberastea ere, beti ere enpresen lehiakortasunari begira. Hitz gutxitan esanda, xedea, geroko exekutiboei erabakiak hartzeko ezaguerak eta esperientzia ematea da eta MBA Executive Masterrak, zerotik hasita, enpresa proiektu bat garatzeko aukera eskaintzen die.