euskaraespañol

Gerra Zibilaren aurretik Euskadin filmaturiko azken filma argitara atera du Andoni Elezkano ikertzaileak

1936an eginiko Sinfonía vasca dokumentala aurkitu dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/05

Irudia

Antso Jakituna Fundazioaren (Vitalen Gizarte Ekintza) euskal kultura eta ikerketari buruzko aldizkariaren azken zenbakian argitaratu denez, 'Sinfonía vasca' (1936) filmaren kopia bat aurkitu dute. Gerra Zibilaren aurretik Euskadin filmatu zen azken filma da hori. UPV/EHUko Andoni Elezcano historiagile eta doktoregaiak dokumental horren kopia bat aurkitu du Espainiako Zinematekaren funtsetan. Dokumental hori 1936an filmatu eta estreinatu zen, Gerra Zibila hasi baino lehen, eta aspalditik uste zen galduta zegoela. Aurkikuntza hori bere doktorego-tesiaren testuinguruan egin da. Tesi hori UPV/EHUko Santiago de Pablo historiagilea ari da zuzentzen. Filmaren zuzendaria Adolf Trotz izan zen. Adolf Trotz alemaniarra zen, eta Espainian ezarri zuen bere bizilekua, naziengandik ihes egin ostean. Filmaren iraupena 16 minutuko da. Zinematografia-poema bat da, eta, filmean, euskal bizitzaren eta paisaien hainbat irudi erakusten dira, Jesús García Leoz nafarraren musikak lagunduta.

Gerraren aurreko Euskadiren irudiak dituen azken filma da. Horrez gain, lurralde horretan II. Errepublikan egindako eta kontserbatutako film gutxietako bat ere bada. Filma hiru euskal hiriburuetan eman zen gerraren aurretik, erbestean Frantzian, bai eta Euskadin ere trantsizioan, baina ezagutzen den kopia bakarra orduan desagertu zen. Inork ez zuen berriro horren berri izan, hainbat ikertzaile kopia hori aurkitzen saiatu baziren ere. Aurkitu den kopia Espainiako Zinematekaren funtsen parte izatera pasatu zen, hain zuzen ere laurogeigarren hamarkadan. Orduan, zinemateka horrek zinta-lote bat erosi zion antzinako Pax Films banaketa-etxearen jabeari, 16 milimetrokoak. Zinta horiek Madrilgo garaje batean biltegiratuta zituen.

Ezer gutxi jakin zen film horren edukiari buruz. Paradoxikoki, Euskadiko zinemaren historiari buruzko lehenengo ikerketak egiten hasi baino lehen desagertu zen. Horrela, film hau aurkitu izanari esker, Elezcanok horri buruzko lehenengo ikerketa monografikoa egin du. Ikerketa hori Antso Jakituna Fundazioaren aldizkarian argitaratu da. Ikerketa horretan, filma aztertzeaz gain, 'Sinfonía vasca' dokumentalak izan zuen ibilbide bitxiaren jarraipena egiten da. Izan ere, jatorrian interes komertzialak bakarrik izan bazituen ere, errepublikanoek eta frankistek politikoki erabili zuten gerra-garaian, eta EAJk erbestean. Aurkikuntza hori oinarri hartuta, Filmoteca Vasca/Euskadiko Filmategiak zintaren kopia bat lortzeko kudeaketak egin ditu, orain dela ia laurogei urte filmatu zen lekuan, Euskadin bertan, emateko asmoarekin.