euskaraespañol

Eguneko irudia

Permakulturari buruzko hitzaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2014/02/11 Noiz arte: 2015/01/27, 16:00 - 14:17

Kokapena

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (Eibar)
Avenida Otaola. -20600- Eibar (Gipuzkoa)

Irudia

Deskribapena

Asteartean, otsailak 11, 16.00etan, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan, Permakulturari buruzko hitzaldi bat emango du Victor Barahona Permacultura Aralar izeneko proiektuaren sortzaileak.

Sarrera librea da.

Permakultura paisaiaren eta pertsonen arteko integrazio harmonikoa da, haiek janariz, energiaz, babesez eta bestelako premia ez materialei aurre egiteko baliabideez modu jasangarrian hornitzen dituena. Erantzunak eta bideak bilatzen ditu planeta honetan bizimodu jasangarriagoa izan dezagun, eta honako alderdi hauek barne hartzen ditu: ekonomia, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, uren tratamendu naturala, gizarte harremanak edo komunitate garapena. Egun 120 herrialdetan baino gehiagotan ari dira permakulturako proiektuak gauzatzen eta horiek garapen jasangarriaren erakusle biziak dira. Besteak beste, energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko sistemen erabilera bultzatzen dute, horien eraginkortasuna agerian utziz. Horrek mundu mailan energia aurreztea ekarriko du; izan ere, energia distantzia handietan garraiatzea baztertzen baita eta energiaren ikuspegitik askeak diren erabiltzaileak sortzen baitira, jasangarriak eta epe ertainera amortizagarriak diren ereduak erabiliz, batez ere, kontuan izanda energiaren prezioak urtero igotzen direla. Horrela, bada, energia mota horiek gero eta erakargarriagoak dira, horien kostua murriztu egin baita energia gobernuaren diru laguntza gehigarririk gabe bideragarri egiteraino. Ondorioz, energia berriztagarrien enpresa berrien sorrera bultzatzen da, eta lan esparru horretan lan egiten duten biztanleen kopurua igo egiten da; izan ere, energia mota horietarako primarik egon ez arren, energia mota horiek norberaren kontsumorako erabiltzea aurrerapauso izugarria baita jasangarriagoa, eraginkorragoa, eta, askok uste dutenaren kontra, merkeagoa den energia eredu berri bat lortzeko.

Testuinguru horretan, ur bero sanitariorako eguzki energia termikoa, argindarra lortzeko eguzki energia fotovoltaikoa, energia mikroeolikoa, baita biomasatik eta biogasetik lortutako energia ere, sistema energetikoa jasangarri eta eraginkor egingo duten energia motak izango dira. Horrela, bada, biomasak orain arte baztertu diren baliabideak -esaterako, inausketen hondakinak- ustiatzeko aukera emango du, horiek bero energia bilakatzeko. Biogasak, bestalde, ur beltzetatik ateratzen den eta sukaldean erabil daitekeen metano gasa lortzeko aukera ematen digu. Satsari, konpostagarria izanik, aprobetxamendu handiagoa ateratzen zaio; izan ere, satsari energia sortzeko duen gaitasuna atera ondoren, kalitate hobeko konposta sortzen baita bertatik prozesuaren bukaeran.

Hitzaldi honetan 'permakultura', 'nekazaritza birsortzailea' eta 'HW librea' (bereziki 3D inprimagailuak eta horiek energia berriztagarrietan duten aplikazioa) bezalako kontzeptuak aipatu eta azalduko dira, hainbat adibiderekin. Guzti horien lotura Permacultura Aralar izeneko proiektuaren oinarria da. Bertan teknika horiek aplikatzen dira eta eskala txikian lan egiten da, giza eskalan, lan hori ahalik eta gehien zabaltzeko helburuarekin. Proiektuaren historia, bilakaera eta filosofia azalduko dira, azpiegituren garapena nabarmenduz, horren barruan sartzen baitira energia berriztagarriak.

Victor Barahona Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan ikasitakoa da eta 22 urte eman ditu industriako sektore ezberdinetan lanean, horietatik 15 urte telekomunikazioetan. Nazio Batasuneko 'Habitat II' goi-bileran eta ASPO-ren V. Topaketan (Lisboa 2005) parte hartu zuen. 1986 urtetik Permakulturan sartuta, Honen diseinuaren inguruan bi ikastaro ziurtatuak (PDC)egin ditu. Halaber, 2008 urtean 'Permacultura Aralar' proiektua abian jarri zuen.