euskaraespañol

UPV/EHU eta Google elkarlanean arituko dira Marketing Digitala ikastaroan

2.700 plaza eskainiko dira ikasleak ekintzailetzan eta negozio propioen sorkuntzan prestatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/18

UPV/EHUk eta Google-ek Marketing Digitalari buruzko ikastaro baten antolakuntzan kolaboratu dute. Lankidetza hori Amerikako Estatu Batuetako enpresak abian jarri duen Actívate programaren baitan kokatzen da. Ekimenak, halaber, ondorengo hauen parte hartzea ere badu: Industria, Energia eta Turismo Ministerioa, Emplegua eta Gizarte Segurantzako Ministerioa, Red.es eta  beste 12 unibertsitate publiko.

Ikastaroak ekintzailetzan eta negozio propioen sorkuntzan prestatu nahi ditu ikasleak. Hala, irakatsiko dira mundu profesionalari aurre egiteko zer-nolako ezagutzak diren beharrezkoak edo lan merkaturako prestatzeko zeintzuk diren nahitaezko gakoak.

"Proposatzen dena Marketin Digitalaren alorrean gazte titulatuen prestakuntza garatzea da, enplegu bilaketaren prozesuan lagungarri gerta daitekeen bitarteko bat eskainiz. Hortaz, pertsona hauek lan merkatuan izango dituzten aukerak hobetzea dugu xede nagusi. Arlo guztietako tituludunei zuzendurik dago, mugarik gabe. Hala, 2.700 plaza eskainiko dira ikasleak ekintzailetzan eta negozio propioen sorkuntzan prestatzeko", argitu du Maite Zelaiak, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak.

Negozio bati ekiteko orduan, erakunde adituenek sortutako tresnak eta aholkuak helaraziko zaizkie ikasleei; enpresarentzako egitasmoa nola sortu erakutsiko zaie; ezagutu beharreko legezko eta administrazioko izapideak jakinaraziko; networking-aren  garrantzia azpimarratuko; lortu daitekeen finantziazioaren gaineko informazioa emango; eta, azkenik, ekintzaileek abian jarritako proiektuen nondik norakoak azalduko zaizkie, zer-nolako oztopoak gainditu behar izan dituzten eta nola egin duten aurrera. Gainera, ikasleari ekintzaile izateko prest dagoen adieraziko zaio. Horretarako, negoziorako ideia balioztatuko da, kudeatzeko gaitasuna ebaluatuko da…

Zuzeneko eta online ikastaroak
Marketing Digitalaren ikastaroak, besteak beste, ondorengo ezagutza hauetan prestatuko ditu ikasleak: SEO (ingelesez Search Engine Optimization, bilatzaileen lehen posizioetan agertzeko web orriak optimizatzeko sistema bat), SEM (ingelesez Search Engine Marketing, Interneten erabiltzen den marketin tresna bat, zeinaren bidez web orriek ikuspena lortzen duten bilatzaileetan), E-Commerce eta sare sozialetan eta mugikorretan marketina. Zuzeneko ikastaroa izango da eta doakoa, bost egunetan zehar emango dena. Bukatzean IAB-ren (Internet Advertising Bureau) ziurtagiria lortuko du ikaleak. Gainera, zuzeneko ikastaroetara joan ezin direnentzako online formatuan izango den beste bat ere antolatuko da.
Bestalde, Google-en Actívate ekimenak online ikastaro zerrenda zabala eta anitza eskainiko du hurrengo asteetan. Hala, besteak beste, ondorengoetan eman ahal izango da izena: datuen azterketa,  cloud computing eta merkataritza elektronikoa. Ikastaro horiei beste batzuk ere gehituko zaizkie 2014an zehar. Online ikastaro horiek, besteak beste, Red.es-ekin eta EOI-rekin (Industria Antolakuntzaren Eskola) lankidetzan antolatu dira. Modulu guztiak gainditu ostean, EOIren ziurtagiria emango zaio ikasleari.

Marketing Digitala ikastaroaren egutegia:

Maiatzaren 5etik 9ra.  Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Areto Nagusian.
Maiatzaren 26tik 30era. Donostia. Ignacio Maria Barriola zentroa.
Ekainaren 23tik 27ra.  Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Areto Nagusian.
Irailaren 15etik 19ra. Donostia. Ignacio Maria Barriola zentroa.
Urriaren  6tik 10era. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Areto Nagusian.
Azaroaren  10etik 14ra. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Areto Nagusian.
Abenduaren 1etik 5era.  Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Areto Nagusian.