euskaraespañol

Fernando Etxepare, Antonio Ezquerro eta Agustín Mendizabal Donostiako Orfeoia UPV/EHU XIII. Saria jaso dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/22

Irudia

Antonio Ezquerro eta Agustin Mendizabal ikertzaileek (ex aequo saria) eta Fernando Etxepare (In memoriam) Donostiako Orfeoia - UPV/EHU Saria jaso dute; aurten sariketaren hamahirugarren edizioa da. Ekitaldi Akademikoan UPV/EHUko Gipuzkoako Campusek errektoreorde Ana Arrietak eta Donostiako Orfeoiaren presidente José María Echarrik parte hartu dute. Ekitaldia amaitu eta gero, Donostiako Orfeoiak jendearentzat emanaldi irekia eskaini du, bere ohiko errepertorio tradizionaleko abestiekin.

Antonio Ezquerrok egin duen 'El maestro Nicolás Ledesma: un caso referencial vasco en el contexto del romanticismo musical pan-hispánico' lanagatik jaso du saria, eta Agustin Mendizabalek, 'Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazioa anbiguoa' izenburua duen lanagatik. Horrez gain, musika arloan egindako lana eta ibilbidea aintzatesteko saria Fernando Etxepareri (in memoriam) eman diote. Hau Esteban Elizondok jaso du.

FERNANDO ETXEPARE DIEZ
(Irun, 1938 - Irun, 2012)

Nahiz eta haren prestakuntza akademiko eta profesionalak musikarekin zerikusirik ez zuen, hori haren motibazio handiena izan zen. (Donostiako Perituen eta Industria Ingeniarien  Goi Eskolan egindako) peritu-argiketariaren ikasketek 60ko hamarkadaren hasieran Irungo Bidasoa portzelana lantegian lan egitera eraman zuten. Hor bere eskuzko gaitasuna eta gustu artistikoa aplikatzeko aukera izan zuen (askotan honako hau esaten zuen: "nire burua hobeto azaltzen dut, marrazten dudanean…"). Lantegiko dekorazio ataleko burua izan zen, eta haren ibilbide profesional  luzeak 1992ra arte iraun zuen.

Esan daiteke musika eta horrek berekin dakartzan balioak helarazteko zuen ilusioa etengabeak izan zirela haren bizitzan. Hamabost urte bete berri zituenean, lagunekin biltzen zen taldeak osatzeko; talde horiek Irungo kaleetatik zebiltzan Gabon-gau guztietan, Euskal Herriko aspaldiko ohiturari jarraiki, Olentzeroa abesteko. Akordeoia nagusi zen haren senide eta lagunen topaketetan.

Musika koralaren aldeko zaletasunak berehala zerbait iraunkorragoa ekarri zuen, eta Ametsa Abesbatza izeneko ahots baxuen taldea osatu zuen. Esan daiteke 1957tik Fernando Etxepareren eta Ametsa Abesbatzaren historiek bat egin zutela.

Zaletasun horrek Fernando musika ikasketetan sakontzera eraman zuen. Hasieran Donostiako Kontserbatorioan ikasi zuen, eta gero Abesbatzen Zuzendaritzako hainbat ikastaro egin zituen, horrela Ametsa Abesbatza Kultur Elkartean eta beste kultur esparru batzuetan garatzen zuen musika jakinduria aberastuta.

Musika Pedagogiako ikastaroak egin zituen Hungarian Z. Kodaly metodoaren bidez; "María Cateura" Musika Pedagogiako ikastaroak egin zituen Bartzelonan; Abesbatzak Bartzelonako Abesti Koralen Nazioarteko III. Egunean parte hartu ondoren, Fernando harremanetan jarri zen Enric Ribórekin, eta hori haren "maisu" bihurtu zen. Horrekin batera hainbat urtetan Santiago de Compostelako Nazioarteko Musika Ikastarora joan zen, eta artista asko ezagutu zituen, adibidez, Alicia De Larrocha, María Orán, Andrés Segovia eta Conchita Badía. San Fernandoko Arte Ederren Akademiaren titulua eskuratu zuen.

Lanean metodikoa eta nekaezina izanda, lan asko egin zituen obra koralen ikertzaile eta "berreskuratzaile" gisa leku askotan; adibidez, Antxietaren obrak Tarazonan. Halaber, aita Donostiaren ehun obra baino gehiago bildu zituen, Bidasoaren gunea aipatzen zutenak.

Baina Fernandoren balio handia haren giza kalitatean oinarritzen zen, batez ere, eta, horri esker, haren inguruan taldea osatu zen, denborak aurrera egin ahala gehitzen joan dena.

Hainbat proiekturen sustatzailea

- Irungo abesbatza askoren sortzailea eta zuzendaria: Ametsa, San Marcial ikastetxea, Ametsa Haur Abesbatza, Enara Abesbatza eta Betiko Ametsa.

- Kulturaren eta didaktikaren aldeko kezka ez zen musikara mugatzen. Ametsa Abesbatzan kultur programazio paraleloa sustatu zuen "Ametsaren dirdirak" proiektuaren bidez; proiektu horrek hainbat gai (sukaldaritza, artea…) lantzen zituen, pertsona garrantzitsuen laguntzaz, hitzaldietan eta kontzertuetan.

- Haren babespean kontzertu pedagogikoak sustatu ziren Irunen, eskola-ume guztien artean hedatuta.

- Irungo gazteen musika prestakuntza errazteak kezkatuta, irakasle aztertzaileak Iruneraino hurbiltzen lagundu zuen, eta hori Irun hiriko Udal Musika Kontserbatorioa abiaraztearen jatorria izan zen, haren aitzindari nagusia izan zela. Halaber, jarraian Irunen osatu zen Udal Musika Fundazioko zuzendari kudeatzailea izan zen. Proiektu horretatik aurrera kultura musikalak izan duen une gorena geldiezina izan da.

- Haren harreman artistikoak garrantzitsuak izan ziren "Tolosako Abesbatzen Lehiaketa"ren lehenengo urratsetan. Horrela, lehiaketa horren lehenengo sustatzaileak izan ziren Ceberio anaiak Ametsa Abesbatzarekin batera joan ziren atzerriko bidaietako batzuetan, eta gai horietan eskarmentua zuten pertsonekin harremanetan jartzen ziren.

- Musika munduko inplikazio handiaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal Autonomia Erkidegoko Musikaren lehenengo Aholku Kontseiluko kidea izan zen.

- Epaimahaikide jardun zuen Tolosa, Donostia, Praga eta Jilavako (Txekiar Errepublika), besteak beste, abesbatzen lehiaketetan.

-  Irunera musikari ospetsuak (Narciso Yepes, Nicanor Zabaleta, Victoria de los Angeles, María Bayo, Ainhoa Arteta …) protagonista zituzten kontzertuak erakartzeko moduko trebetasun artistikoa zeukan.

- Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteak sustatutako beste proiektu garrantzitsu bat Bidasoako Abesbatzen Jaialdia da, 2006an abiarazi zena eta urtero egiten dena, Bidasoaren urek ukitzen dituzten ibaiak eta lurrek iradoki dituzten obrak berreskuratu eta sustatzeko asmoz; izan ere, abesti asko daude euskaraz eta gaztelaniaz, Bidasoa ibaiari buruzko testuak dituztenak.

Pedagogoa

Prestakuntzaren aldeko kezka zuela jakinda, hainbat jardueratan zuzendari edo irakasle jarduteko eskatu zioten:

Gipuzkoako Aldundiko Haurrentzako Musika Pedagogiako ikastaroak, Donostiako Kontserbatorioko Musika Koraleko ikastaroa, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko Abesbatzen Zuzendaritzako irakaslea, Donostiako Irakasleen Elizbarrutiko Unibertsitate Eskolako musika irakaslea, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen barneko Musika eskolan ikastaroko hizlaria.

Balio berrien sustatzailea

1956-57 ikasturtean Irunen geratzen zen abesbatza bakarrak agur esan zuen Arte Ederren antzokian: Fernando Larruquert zuzentzen zuen "Alaiki" abesbatza zen. Abesbatza horren agurrean haren zuzendariak Fernando Etxepare zuzendari zuen Ametsa abesbatzaren aurkezpena iragarri zuen.

Ahots batzuen abesbatza xumea zen Ametsarekin ibilbide koral luzea abiarazi zuen, eta garai hartan horrek beste abesbatza asko sortzea eragin zuen, abesbatza horiek eskualdean tradizio koral handia garatu dutela.

Abesbatzen zuzendari askok, bakarlariek eta instrumentistek Ametsa abesbatzan hasi zuten beren ibilbidea.

Hona hemen zuzendari horietako batzuk:: M. Amantegui,  J.M. Tife (Andra Mari), Maite Tife (Enara), Salva Rallo (Easo), J. Aizpuru (Ametsa Gazte), Leticia Bergara (Ametsa Txiki-txikia, Ametsa Txiki, Orfeoi Txiki), Marisa Etxepare (Ametsa Txiki, Albada), Begoña Lasarte (Rentería), F. Etxepare Gómez (Ametsa), Belén Sierra, Iker Sánchez.

Bakarlariak, adibidez, Angel eta José Antonio Pazos anaiak, Jordi Freixa, Leticia Bergara eta abar izan dira. Halaber, honako instrumentista hauek aipatu behar dira: Esteban Landart (organoa), Angel Maeztu, Javier Pérez de Azpeitia eta Marta Uruñuela (pianoa), eta Iñaki Etxepare (biolontxeloa).

Esker ona

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ohorezko bazkidea zen. Ametsa Abesbatzak eskuratutako arrakastak aintzatesteko, 1973an Ametsa Abesbatza Kultur Elkartearen Urrezko Domina eman zitzaion. 1982an, Euskal Jirak bultzatuta eta 28 herri elkarteren eta hamarnaka abesbatza, musikologo, parroki, kontserbatorio eta kazetarik horrekin bat eginda, herri omenaldia egin zitzaion Fernando Etxepareri, Abesbatza sortu zenetik 25 urteak bete zirenean. Izokinaren Kofradiak tronuratu zuen, Martín Berasategirekin eta Iñurrategi anaiekin batera.

Haren heriotza ezustean gertatu zen, eta giza balio oso sakonak zituen pertsona maite hori gure bizitzatik desagertu zen. Orain haren ondare musikal handia daukagu esku artean, eta, horri esker, horrekin emandako une askoren oroitzapen gozoa geratzen zaigu.

 

ANTONIO EZQUERRO ESTEBAN
(Zaragoza, 1964)

Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) ikertzaile zientifikoa da, Bartzelonako Zientzia Historikoen eta Musikologiaren Atalean ("Milà i Fontanals" erakundea). Halaber, 1999tik Espainiako RISMko (Répertoire International des Sources Musicales) presidentea eta haren nazioarteko Praesidiumeko kidea da. Talde hori irabazi-asmorik gabeko kultur elkartea da, iturri musikalen (inprimakiak, eskuizkribuak, tratatu teorikoak...) katalogazioan eta azterlan kritikoan lan egiten duena, 34 herrialdetan ezarrita dagoena eta arloko nazioarteko erakunde garrantzitsuen (IMS: Nazioarteko Musikologia Elkartea; eta IAML: Liburutegi, Artxibategi eta Musika Dokumentazioko Zentroen Nazioarteko Elkartea) babesa duena.

Heziketa El Pilarreko Haurren Eskolanian, Zaragozako Musikako Goi Kontserbatorioan eta hiri horretako unibertsitatean (bertan lizentziatu zen) hartu ondoren, doktoregoa egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (1997), Aragoiko Barrokoko ahots musikari buruzko lan batekin. Lan horretan XVII. mendeko konposizio teknikei eta musikaren eta testuaren arteko harremanei buruzko azterlana egin zuen. Prestakuntza akademikoaren zeregin osagarriak egin zituen Munichen (Bayerische Staatsbibliothek, G. Haberkamp doktorea eta Ludwig-Maximilliams Universität, Th. Göllner doktorea) eta Frankfurt am Main-en (J. Schlichte doktorea, K. Keil doktorea).

CSICko Musikologia Ataleko ("Milà i Fontanals" erakundea) burua izan da 2000 eta 2010 bitartean. Espainiako musika historikoari buruzko hainbat ikerketa-lan argitaratu ditu bai Espainian bai atzerrian (hamabost liburu inguru eta ehun artikulu baino gehiago), iturri musikalen artxibogintzan eta katalogazioan espezializatuta. Barrokoko musikari, Espainiako pianismoari, eta XIX. eta XX. mendeen bitarteko musika erlijiosoari eta edizio musikalari buruzko testuak ere argitaratu ditu.

Nazioko eta atzerriko (bereziki, Alemaniako) hainbat ikerketa-proiektutan parte hartzen du, Musikologiako hamahiru doktorego-tesi zuzendu ditu (gehi hainbat unibertsitatetan bideratzen ari diren beste hamabi), eta graduondokoko ikastaroak (doktoregoa eta masterra) eman ohi ditu, Espainia, Alemania, Austria, Italia, Venezuela, Mexiko, Peru eta Brasilgo ikerketa zentroek eta unibertsitateek gonbidatuta. Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Musika Masterreko Batzorde Akademikoko kidea da, eta gaur egun irakasle dihardu Salamancako Unibertsitateko, UNIA (Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatea, Granadako eta Oviedoko Unibertsitateen multzoa), VIU (Valencian International University, on line bidezkoa), ESMUC (Escola Superior de Música de Catalunya, Bartzelona) eta Alacanteko "Óscar Esplá" Musikako Goi Kontserbatorioko masterretan, azken horretan irakasle espezialista ere jarduten duela. 

Kantu Gregoriano, Erritmo eta Paleografiako eta Musikologiako irakaslea izan da Bartzelonako Lizeoaren Musikako Goi Kontserbatorioan, eta Teoria Musikaleko irakasle jardun du Darocako Aspaldiko Musikaren Nazioarteko ikastaroetan. Institut d'Estudis Ilerdencs (Lleidako Aldundia) erakundeko "Emili Pujol" Musikologia Saria jaso du. Ikerketa-proiektu bat zuzendu du, Bartzelonako katedraleko aspaldiko kapera musikaletik etorrita, Kataluniako Liburutegian kontserbatzen ziren iturri dokumentalen azterlana egiteko, eta gaur egun Kataluniako Generalitat-ak aspaldiko Aragoiko Koroako ondare historiko-musikala aztertzeko aintzatetsitako "Grup de Recerca" bateko burua da. Halaber, Ministerioak Espainiako lehenengo musikologia eta, batez ere, Felipe Pedrell eta Higinio Anglés aztertzeko finantzatzen duen proiektu batean parte hartzen du. 2011n Ernest Lluch Fundazioaren musika ondarearen ikerketa-beka eskuratu zuen, (Fernando VII.arekin eta Bordelen eta Parisen Errege Kaperako maisua izan zen) Francisco Andreví konpositore katalanaren obra aztertzeko.

Anuario Musical (CSICko Musikologiaren Aldizkaria) aldizkariko idazkaria da -gaur egun zuzendaria izateko proposatu dute-. Zientzia horren Espainiako aldizkako argitalpen dekanoa da, eta orain dela gutxi "Scopus" nazioarteko erreferentziaren datu-basean sartu da. Ad Parnassum. A Journal of Eighteenth- and Nineteenth-Century Instrumental Music (Ut Orpheus Edizioni, Bolonia, Italia) eta MODUS (Escola de Música de la Universidade do Estado de Minas Gerais, Brasil) aldizkarietako Aholku Kontseiluko kidea da, eta CSICko Monumentos de la Música Española argitalpen bildumako zuzendaria da.

Nicolás Ledesmaren obraren alde duen interesa ia hogeita hamar urte sortu zen, Aragoiko (Zaragoza eta Calatayud) musika artxiboen katalogazio- eta azterlan-lanen ondorioz, irakasle horrek bertan lan egin zuela (Euskal Autonomia Erkidegoan bertakotu da zuzenbide osoz eta Bilboko Udalaren aintzatespena izanda).

Saritutako El maestro Nicolás Ledesma: un caso referencial vasco en el contexto del romanticismo musical pan-hispánico lanean, haren irakasle lan luzearen, peritutza teknikoaren eta irakaslanaren bidez EAEko komunitate osoan jarduera filarmonikoak bultzatzen lagundu zuen konpositore polifazetiko horren obra aztertu du.

Jesús Guridiren birraitona zen eta horrengandik abiatuta eskola sortu zuten beste musikari batzuentzako eredua izan zen musikari horren ekoizpen musikalaren garrantzia gorabehera, gaur egunera arte ez zegoen EAEko musika akademikoan eta zibilean aitzindaria izan zen musikari horren pertsona eta ekoizpen artistikoa nabarmentzen zituen azterlan musikologiko gogoetatsurik. "Bere ahots eta koru errepertorioarekin, zortzikoekin, ganbera eta orkestra konposizioekin eta organorako edo pianorako konposizioekin, bere inguruneko musika proiektatzen jakin zuen (Bilboko elkartegintza erlijioso eta zibil berriak ematen zizkion foro eta plataformetatik aurrera), bere garaian nagusi zen erromantizismo berantiarretik goranzko euskal nazionalismo baterantz".

Lan hori EAEko panorama musikalean eta kulturalean duen postu nabarmena, haren aztarna jaso zuten Latinoamerikako urruneko lurretaraino hedatzen dena, berreskuratzen saiatzen da. "Lanak haren partiturak berriro argitaratzen eta kontzertuetan eta grabazioetan interpretatzen laguntzen badu -horretarako Donostiako Orfeoia engranaje ezin hobea izan daiteke, zalantzarik gabe-, lan horrek, memoria kolektiboa agerrarazteko zeregina -baterakoa eta guztiontzakoa- abiarazi ez ezik, bikaina den baina unera arte ia ahaztuta egon den euskal ondare musikala ezagutzera eman, bultzatu eta biztanleei helarazteko balio ere izango du".

 

AGUSTÍN MENDIZABAL ITURRIA
(Oiartzun, 1967)

Nafarroako Unibertsitateko industria ingeniaria da, Elektrizitatearen espezialitatean. Gaur egun Mekanoplastikako Bulego Teknikoan lan egiten du.

Musikarako zaletasunak Juanito Arozenarekin eta Koldo Bravorekin txistu ikasketak egitera bultzatu zuen. Oiartzungo Lartaun Txistulari Taldeko kidea izan zen hainbat urtetan. Halaber, oboe ikasketak egin zituen Alfredo Rodriguezekin Donostiako Musikako Goi Kontserbatorioan, eta kantua ikasi zuen, Herminia Laborde, Almudena Ortega eta Maria Mendizabalekin. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak eta Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak antolatutako Abesbatzen Zuzendaritzako ikastaroak egin zituen (1985 eta 1996 bitartean).

Gipuzkoa Kamara Abesbatza, Andra Mari eta Donostiako Orfeoiko, besteak beste, abeslaria izan da, Oiartzungo Lartaun Abesbatzako zuzendaria izan zen 1989 eta 1998 bitartean eta Hondarribiko Xatz Eskifaiakoa 1999 eta 2001 bitartean. Lehenengo saria eskuratu zuen Arrigorriagako Abesbatzen Txapelketan (2001).

Txistulari aldizkarian argitaratutako Txistua Oiartzunen (I): lehen aipamenetatik XIX. mende bukaera arte artikuluaren egilekidea da, eta hainbat argitalpenetan argitaratutako bertsoari eta kantuari buruzko hainbat artikuluren egilea da: Berdabioren bertso-doinuen inguruan: musika eta prosodia uztartuz (Euskaltzaindia), Berdabioren bertso doinuak (Patziku Perurenaren Goizuetan bada gizon bat liburuaren barnean), Luis del Puerto, espartingile kantaria (Oarso)...

Oiartzungo Soinuenea Fundazioaren (zuzendaria: Juan Mari Beltran) laguntzaz Doinutegi. Patrimonio cultural: portadores de tradición musical. Recopilación de registros sonoros vivos. Ensayo en el nordeste de Gipuzkoa obran parte hartu du. Gaur egun Oiartzualdea eskualdeko kantutegi bat prestatzen ari da.

Saritutako Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazio anbiguoa lanaren xedea Iparraldeko kantari batzuei oraindik entzun ahal zaien intonazio modu berezi bat (lanean "intonazio anbiguoa" deitzen zaio) aztertzea izan da. "Batzuek "tonu laurdenak" eta beste batzuek "eztitua" deitzen duten kantatzeko modu horrek egiturarik duen ala garrantzirik gabeko fenomeno kaotikoa den aztertu, eta haren esanahi kulturala zehaztu nahi izan dut. Horretarako, aurretik beste ikertzaile batzuek egin dituzten hipotesiak hartu ditut kontuan, eta mundu osoko antzeko fenomenoak azaldu ditut. Ondoren, metodo zientifikoa erabilita eta semiologia musikalean oinarrituta, kontuaren mamian sakondu dut. Horrela, intonazio hori agertzen duten disko batzuen transkripzio musikalak, melogramak (doinuaren grafikak) eta abar egin ditut, baita deskribapen estatistikoa eta egokitasun analisia ere. Hipotesi bat egin dut, intonazio anbiguoa erabiliz abesten duten hiru abeslari-informantek egiaztatu behar izan dutena". Ikerketa horretatik ondorioztatu da fenomeno horrek balio kultural eta musikal oso garrantzitsuak dituela eta, hori ulertzeko, ezinbestekoa dela haren inguruan dagoen kulturaren mundu-ikuskera ezagutzea.

Intonazio modu horren jatorriari buruzko hipotesia ere garatu du. Lanaren bidez, Iparraldeko herri kantu tradizionalaren alde oso garrantzitsu batzuk ere nabarmendu dira.