euskaraespañol

9.294 ikaslek egingo dute Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUn

Lanbide Heziketako 500 eta nota hobetu nahi duten 800 ere aurkeztuko dira

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/02

Irudia

Asteazkenean, ekainak 4, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa bukatu duten 9.294 ikaslek Unibertsitatera sartzeko probak hasiko dituzte UPV/EHUn, iaz baino % 5,4 gehiagok. Igoerak hiru campusetan gertatu dira: Araban, % 8,3 gehitu da, Bizkaian % 3,1 eta Gipuzkoan % 7,9. Ikasleen % 54,4 emakumeak dira, eta % 46,6 gizonak. % 45,7 sare publikotik dator, eta % 54,3 pribatu edo kontzertatutik.

Hauei, Goi Mailako Heziketa Ziklo bat (Lanbide Heziketa) egin duten eta fase espezifikora bakarrik aurkeztuko diren beste 500 ikasle gehitu behar zaizkie. Gainera, probak aurreko urteetan edo erkidegotik kanpo egin zituzten 800 ikasle aurkeztuko dira nota hobetzeko. 2012an Azterketak bukatuko dira ostiralean, hilak 6.

Probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak nahi duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango dituzte. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera.

Unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 4an, asteazkena, 8:45ean hasiko dira eta 18:45ean bukatu. Bigarren egunean, osteguna, hilak 5, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta, hirugarren egunean, ostirala, 9:00etatik 15:00etara.

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/home/sartzeko-bideak