euskaraespañol

Eduardo González Pérez-Yarza Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuntzaren Akademiako kide numerario hautatu dute

Hura hartzeko hitzaldiaren izenburua 'El niño crónicamente enfermo' izango da

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/26

Eduardo Gonzalez Perez

Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuntzaren Errege Akademiak Euskal Herriko Unibertsitateko Pediatriako irakasle titularra eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko burua den Eduardo González Pérez-Yarza kide numerario hautatuko du 2013-14 ikasturtea inauguratzeko bileraren eremuan. Bilera ekainaren 27an, arratsaldeko 18:30ean, egingo da, Bilboko Sociedad Bilbaína delakoaren Areto Frantziarrean. Kide berria hartzeko hitzaldiaren izenburua 'El niño crónicamente enfermo' izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuntzaren Errege Akademiako kidea eta UPV/EHUko Otorrinolaringologiako irakasle titularra den Francisco Santaolalla Montoya doktoreak erantzungo dio.

Hautaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuntzaren Errege Akademiak González Pérez-Yarza irakasleak ikerketan, arretan, irakaskuntzan eta kudeaketan duen ibilbide luzeari egindako aintzatespena da; pediatriaren eremuan duen curriculum luzeak ibilbide hori bermatzen du. Akademia horren 44 urteetan beste pediatra batek -Santos Sanz doktorea, hain zuzen- baino ez du jaso aintzatespen hori.

Eduardo González Pérez-Yarza Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Pediatriako espezialista eta UPV/EHUko Medikuntzako doktorea da, eta bere lana garatu du Donostia Unibertsitate Ospitalean 1975etik gaur egunera arte, mediku-ondoko, atalburu eta Pediatria Zerbitzuko buru gisa. Haur Pneumologiaren gaztelaniazko lehenengo tratatua eta beste irakaskuntza liburu batzuetan 50 kapitulu baino gehiago idazteaz gain, Pediatriako Zainketa Intentsiboen Atala sortu, eta Pediatriako Pneumologia Atala abiarazi zuen. Pediatriako Pneumologiako Espainiako Sozietateko presidentea eta 'Anales de Pediatría' aldizkariko argitaratzaileen burua izan da azken 13 urteetan.

Kide berria CIBERreko Arnas Eritasunetako (Carlos III Institutua, Madril), PiCAko (Farmacogenomics in Pediatric Asthma, Utrechko Unibertsitatea, Holanda), Global Athma Networkeko (Zeelanda Berria), ERABAKI taldeko (UPV/EHU) eta BioDonostia Osasun Ikerketako Institutuko (Arnas Infekzioen eta Mikrobioen aurkako Erresistentziaren Taldea) ikertzailea da.

Haur Pneumologiaren bi tratatu idazteaz gain, 17 doktorego-tesi zuzendu, eta 43 ikerketa proiektutan parte hartu du. Horren ondorioz, 167 argitalpen, nazioko eta nazioarteko biltzar eta bileretan aurkeztutako 218 lan eta jardunaldi eta mintegietako 165 lan sortu ditu. Eduardo González Pérez-Yarzak hainbat sari jaso ditu haren lanbide ibilbide luzean.