euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskadi Lan Txostenak hobekuntza arina igartzen dio euskal ekonomiari 2. hiruhilekoan

UPV/EHUren azterketak, hala ere, bi dinamika kezkagarri azpimarratzen ditu: langabezian epe luzea daramaten pertsonen kopurua %58koa da eta kontratu mugagabeak %9ra jaitsi dira

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/05

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek, Sara de la Rica katedradunak koordinatuta, 2014ko bigarren hiruhilekoari buruzko Euskadi Lan Txostena argitaratu du, eta, bertan adierazten denez, epe horretan enplegu-lorpen tasa askoz hobea izan da lehenengo hiruhilekoarekin alderatuz gero. Hala, apiriletik ekainera bitartean 8.000 pertsonako laneratze garbia izan du lan-merkatuak, eta horrek, "euskal ekonomiaren hobekuntza arina erakusten du, lehenengo hiruhilekoan antzeman zen ahulezia kezkagarria apurtuz", aurreratzen du analisiak. Hain zuzen ere, urteko bigarren hiru hilabeteetan, 33.000 pertsona baino gehiagok galdu dute beraien lana Euskal Autonomia Elkargoan eta, aldiz, 41.000k lortu dute kontratu bat. Datu hau nabarmen desberdina da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, non enplegu galera garbia 13.000koa izan zen.

Euskadi Lan Txostena hiru hilabeterik behin prestatzen du Euskal Herriko Unibertsitateko BETS (Bilbao Economic Theory and Statistics) Prestakuntza eta Ikerketa Unitateak, Sara de la Rica katedradunak koordinatuta.

Txostenak bi atal ditu, bata estatikoa, Euskadin lan merkatuaren panorama aurkezten duena, eta bestea dinamikoa, azken hiruhileko lan trantsizioak aztertzen dituena, hau da, lana galdu eta aurkitu dutenen kopurua aztertzen duena, hain zuzen ere.

Halaber, ikerlanak, alde batetik, merkatura sartzen diren emakumeen kopurua handitu egin dela dio, hala, horietatik %50 baino gehiago emakumezkoa da jada; eta, beste alde batetik, kontratudun berrien bataz besteko adina jaitsi egin dela, hots, 35 urte baino gehiago duten lagunen eragina jaitsi egin da eta kolektibo gazteenenak igo egin dira.
Analisiak baditu beste puntu garrantzitsu batzuk ere: hezkuntza unibertsitarioa lana mantentzeko faktore aipagarria da datuen arabera, "lanean diharduten guztien artean  %38 suposatu arren, lana galdu dutenen artean goi mailako hezkuntza dutenak %25 dira bakarrik, nabarmen txikiagoa, beraz".

Epe luzeko langabezia

Datu ezkerronei dagokionez, arduratzekoa da, txostenaren arabera, epe luzean langabezian daudenen kolektiboa (urtebete langabezian daramaten lagunak), %43tik %58ra pasatu baitira azken urtean (2013ko ekainetik 2014ko ekainera). Txostenaren egileen ustez, "lanik gabe dauden lagun horiek ezingo dira irten egoera horretatik prestakuntzarako eta egokitzapenerako politika aktiboak ez badira sustatzen".

Bukatzeko, analisiaren arabera, kezkagarria da industria sektorearen garrantziaren jaitsiera, zerbitzuena gora doan bitartean; baita lan-kontratu mugagabeak gutxitu eta aldi batekoak handitzea ere. Hala, lan-kontratu berrien artean %9 baino ez dira mugagabeak. Egileek enpresariei ikuspegi motza izatea aurpegiratzen die: "Gure herriak helburutzat eduki beharko lukeen ezagutzaren gizarteak beharrezkoa du giza kapitala izatea, baina hori bateraezina da lan ezegonkorra eta eskasa baino ez eskaintzearekin".