euskaraespañol

UPV/EHUk eraikin publikoak energiaren aldetik zaharberritzeko Europako proiektuan parte hartzen du

Helburua energiaren kontsumo eraginkorra lortzea da, teknologia berritzaile, eskuragarri edo moldagarrien bidez

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/13

Irudia
Errektoretzaren eraikinak pilotuan parte hartzen du

Europar Batasunaren energia eraginkortasunari buruzko 2010/31 Zuzentarauak adierazi du 2020rako Europak bere energia kontsumoa % 20 murriztu beharko duela eta kontsumitutako energia osoaren % 20k jatorri berriztagarria izango duela. Eraikinek Europak erabiltzen duen energia osoaren % 40 inguru kontsumitzen dute. Horregatik, helburua 2020an energia kontsumo ia nulua daukaten eraikinak lortzea da. UPV/EHU prozesu horretan murgilduta dago, A2PBEER proiektuan parte hartuta. UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoen Sailak, ENEDI Ikerketa Taldearen bidez, Leioa udalerrian dagoen Errektoretzaren eraikinaren zaharberrikuntza zuzentzen du.

A2PBEER proiektuaren helburua irtenbide berritzaileen bidez energiaren aldetik eraginkorrak eta iraunkorrak diren eraikinak lortzea da. Europar Batasunaren ikerketarako, garapen teknologikorako eta erakusketarako 7. esparru programak finantzatzen du proiektua, eta 6,5 milioi euroko zuzkidura dauka; horietatik 1,16 milioi euro UPV/EHUko Errektoretzaren eraikina zaharberritzeko erabiliko dira. Programak lau urteko iraupena du, eta bertan Europako 20 erakunde eta administrazio publikok osatutako partzuergoak parte hartzen du, erabilgarriak, eskuragarriak, moldagarriak eta bizitegikoak ez diren eraikinetan energia kontsumoa % 50etik gora murrizteko gai diren teknologiak elkarrekin garatzeko asmoz.

Proiektuan parte hartzeko hautatu diren eraikin pilotuak UPV/EHUko Errektoretzaren eraikina, Malmöko (Suedia) Zientzia Museoa eta Ankarako (Turkia) Bokazio Eskola dira. Horiek guztiak eraikin publikoak dira, nahiz eta hainbat erabilera izan. UPV/EHUko Errektoretzaren eraikinak zerbitzuetako lokalak, bulegoak eta lan egiteko tokiak barne hartzen ditu; Malmöko Zientzia Museoa, aldiz, kultur etxea da, eta Ankarako Bokazio Eskola lo-eraikina. Horietako bakoitza Europako klima arlo nagusietako batean dago: zona ozeanikoa (Bizkaia), zona kontinentala (Malmö), zona mediterraneoa (Ankara).

A2PBEER programak arreta jartzen du eraikin publikoen zaharberrikuntzan, Europan bizitegikoak ez diren eraikinen % 30 publikoak baitira eta gainerakoek baino energia kontsumo handiagoa baitaukate. Zaharberrikuntzaren ondoren, hiru eraikin pilotuek energia kontsumo ia nulua daukan eraikinaren ereduarekin antz handiagoa izango dute.

Zaharberritzea, kopiatu ahal izateko

Errektoretzaren eraikina Bizkaiko Campusean (Leioa-Erandio gunea) dago, eta 70eko hamarkadaren hasieran eraiki zen. 110x22 metroko oinplano estuko diseinua dauka, bere gehieneko garaiera 18 metrokoa da, eta bi eta lau arteko solairuak ditu. Egitura, sabaia eta zoruak hormigoi aurrefabrikatuzkoak dira. Eraikin hori hautatu da, beste batzuek antzeko eraikuntza baitaukate. Beraz, irtenbideak beste higiezin horietan kopiatu ahalko lirateke.

Proiektua 2013ko irailean abiarazi zen. Unera arte Errektoretzaren eraikinaren benetako energia kontsumoa eta barnealdeko erosotasun maila neurtu dira, sentsoreen bidez. Aldi berean, energia kontsumo eraginkorra lortzeari begira hori zaharberritzeko asmoz gauzatuko den estrategia diseinatu da. Eraikuntza irtenbideek pasiboki jardungo dute estalkiaren, fatxadaren eta leihoen gainean; eta aktiboki, berriz, berokuntza eta hozte sistemako instalazioen eta argiztapenaren gainean. Zaharberrikuntza obrak egin eta gero, berriro ere eraikina monitarizatuko dute, lortutako energia aurrezkia eta erosotasuna baloratzeko.

Eraikina zaharberritzeko estrategiak sabaian ohiko panel isolatzaileak eta fatxadan huts-panelak erabiltzea aurreikusi du, eraikinak beroa gal ez dezan. Gainera, leiho adimendunak instalatuko dira, neguan (eguzkiko beroa hartzen dute) edo udan (eguzki erradiaziotik babesten dute) eguzki erradiazioa doitzea ahalbidetzen dutenak. Lanpara fluoreszenteek emandako barnealdeko argiztapenaren ordez, eraikinaren sabaian hartzen den eta, zuntz optikoaren bidez, eraikinaren barnealdera garraiatzen den argi naturala eta LED argiztapena batzen dituen sistema ezarriko da. Berokuntza/hozte sistemak xurgatzeko eguzki sistema termiko biltzailea erabiliko du. Horren bidez, neguan ur beroa eta udan ur hotza lor daiteke berokuntza edo hozte sistemarako, une bakoitzeko beharrizanen arabera.

ENEDI taldea

A2PBEER proiektua Errektoretzaren eraikinean teknikoki garatzeaz arduratzen den taldea Luis del Portillo, Aitor Erkoreka eta Koldo Martin irakasleek osatzen dute. Horiek eta beste 15 irakaslek ENEDI (Energia Eraikuntzan) taldea osatzen dute, José María Sala Lizarraga katedradunak zuzentzen duena. Taldea 2005ean sortu zen, 2007an UPV/EHUko Ikerketa Talde izendatu zuten, eta 2011n, aldiz, Talde Finkatu. ENEDIren ikerketa ildoek eraikinetako energia eraginkortasuna aztertzen dute, bai eraikinaren itxiturari bai instalazioei dagokienez.