euskaraespañol

Vitalino Valcárcel irakasleak omenaldia jaso du erretiroagatik

Ekitaldian bere oroimenean 71 adituk parte hartu duten Anejos de Veleia aldizkariaren ale bat eman zitzaion

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/30

Irudia

Vitalino Valcárcel katedradunaren erretiroa dela eta, UPV/EHUko Ikasketa Klasikoen saileko Latindar Filologia arloak omenaldia egin zion Letren Fakultateko Areto Nagusian. Euskara errektoreorde Jon Zarate, Letren Fakultateko dekano Iñaki Bazán, Ikasketa Klasikoen saileko Juan Santos eta omenaldiaren antolatzaile eta irakasle Iñigo Ruiz egon ziren presidentetza-mahaian Valcárcel irakaslearekin batera.

Jon Zaratek, UPV/EHUko errektorearen izenean, Valcárcel irakasleari eskerrak eman zizkion Unibertsitateari emandako urteengatik; hala, Letren Fakultatearen sorkuntzan izandako papera aitortu zion, baita Biblioteka bat ezerezetik eraikitzeko egindako lana ere, irakasle erretiratuak zentroa garatzeko ezinbesteko tresna  bezala ulertu zuena.

Bestalde, Iñigo Ruizek, ekitaldiaren antolatzaileak eta publikatutako alearen koordinatzaileak, goratu zuen bere irakaslearen ibilbide akademikoa, baita "hamaika ikastaro, jardunaldi eta hitzaldi antolatzeko egindako lana ere, zeintzuetan presente eduki zituen bigarren hezkuntzako irakasleak. Lan guzti horrek asko lagundu digu; batetik, kemena eman digu horren faltan geunden guztioi; eta, bestetik, ikasketa hauek duten prestutasuna gogarazi zigun, zeintzuk, askotan, axolagabetasunarekin eta mesprezuarekin erabiltzen diren".

Nabarmenki hunkitua, Vitalino Valcárcelek eskerrak eman zizkion omenaldiagatik fakultateko Areto Nagusian bildutakoei, senitartekoei, lagunei eta lankideei, bai UPV/EHUkoei, bai Espainiako eta atzerriko unibertsitateetakoei, hala nola Anejos de Veleiaren edizio honetan  parte hartu duten 71 irakasleei. Azken hauen artean aipa daitezke nazioarteko ospea duten Walter Berschin, Francesco Stella, Cristina Pimentel, Arnaldo do Espiritu Santo, Pablo Farmhouse Alberto, Jaime Siles, la propia Carmen Codoñer, José Martínez Gázquez, José Mª Maestre, José M. Díaz de Bustamante, Juan Gil, Marc Mayer, Aires Nascimento edo Eustaquio Sánchez Salor.

Oviedoko Unibertsitatean ibili ondoren, Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Filologia Klasikoan, eta bertan egin zuen doktorego tesia, 'La Vita Dominici Silensis de Grimaldo. Edición crítica, estudio y traducción' titulupean eta Carmen Codoñerren zuzendaritzapean. Valcárcel aitabitxia izan zen Carmen Codoñer UPV/EHUren doktore honoris causa izendatzeko ekitaldian, eta Codoñer bera egon zen atzoko ekitaldian. Bere arloko aldizkari askoren erredakzio batzordekide ere izan da Vitalino Varcárcel, eta nazioartean ospea lortu duten liburuak eta artikuluak argitaratu ditu.