euskaraespañol

María Molina Intxaustegi arkeologoak irabazi du V Premio Iberoamericano del Mar Cortes de Cádiz saria

Gaur egun Texasko Unibertsitateko ikertzaile gonbidatua da, eta Habanako ontziolei buruzko lana egin du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/24

Irudia

María Molina Intxaustegi ikertzaile donostiarrak irabazi du V Premio Iberoamericano del Mar Cortes de Cádiz saria. Cadizko Udalak eman dio, Habanako XVIII. mendeko errege ontziolei eta gudu portuei buruz eginiko lanagatik. Juan José Ortiz Quevedo alkateordea izan da epaimahaiburu, eta honako hauek izan ditu epaimahaikide: Juan M. Blanco-Traba Traba, Antonio Moreno Barberá, José Medialdea Vega eta José Cervera Pery. Bada, aho batez eman diote saria Molina Intxaustegiri, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko kideari. Orain, Texasko A&M Unibertsitatean (AEB) dihardu ikertzaile lanetan, gonbidatu gisa; hain zuzen, Institute of Nautical Archaeologyren egoitzan.

Historia lan horrek XVIII. mendea du ardatz, hau da, Espainia lehen mailako ontzigintzako potentzia izan zen garaia.Ikertzaileak azaldu duenez, "Espainiako monarkiak, beste indar kolonial handiek bezalaxe, ahalegin material, ekonomiko, diplomatiko eta humano izugarriak egin behar izan zituen, XVIII. mendeko funtsezko ozeano bideei irekita eusteko". Mende horretako hasierako urteetan, Erregeen Itsas Gudarostea errotik antolatu zen berriz, eta, garai hartan, Felipe V.aren, Fernando VI.aren eta Carlos III.aren erregealdien politikaren giltzarri bihurtu zen.

Saritutako monografiaren xede nagusia da, hain justu ere, Habanako ontziolarekin loturiko gertakariak aztertzea. Gertakari horiei esker, gerra portu hori Espainiako XVIII. mendeko gudu ontzitegi garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, baita penintsulakoak baino garrantzitsuago ere.Habanako ontziola portu hiriko industria instalazio handiena izan zen, eta hango itsasontziak ezagun egin ziren, kalitate oso onekoak zirelako eta asko irauten zutelako.Gainera, Espainiako ontzien herena ekoitzi zuen.

María Molina Intxaustegi UPV/EHUko Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko ikertzailea eta 'Euskal Herria eta Amerika: Lotura eta Harreman Atlantikoak' izeneko Euskal Unibertsitate Sistemaren Ikerketa Taldeko kidea da. Horrez gain, urpeko arkeologoa da eta Isla Grosa proiektuko kide (www.proyectoislagrosa.com). 2013ko irail eta abendu artean, Delta II kroskoaren indusketa eta dokumentazio lanetan parte hartu zuen (Cadizko badian dago Delta II). Gainera, INSUB urpeko ikerketarako kultura elkarteko kide aktiboa da, eta urpeko arkeologiaren arloan dihardu. Historian lizentziatu zen UPV/EHUn, eta 'Europa eta mundu atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea' unibertsitate arteko masterra ere egina du.