euskaraespañol

Eguneko irudia

Aldezleak urteko memoria aurkeztu du Klaustroaren aurrean

2014an 153 pertsonak jo zuten bere bulegora eta 164 aztergai landu ziren

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/26

Irudia

Gaur egin den Klaustroan, Euskal Herriko Unibertsitateko Aldezleak urteko memoria aurkeztu du. Txosten horretan, 2014an UPV/EHUko arartekoa den Aldezleak izan duen aktibitatea azaltzen da.

Guztira, 153 pertsonak jo dute bere bulegora (2013an 144 izan ziren, eta 2012an 86) eta landu diren aztergaiak 164 izan dira (2013an 137 izan ziren eta 2012an 97). Hau da, aztergaien kopurua % 19,7 igo da aurreko urtekoen aldean. Pertsonen eta aztergaien arteko diferentzia azaltzen da pertsona batek aztergai bat baino gehiago aurkeztu ahal izan dutelako; era berean pertsona batzuek elkarrekin aurkeztu ahal izan dute aztergai bat.

Aldezlearengana jo duten 153 pertsonetatik 82 emakumeak ziren, eta 71 gizonak. Aipatutako 164 aztergaietatik 35 euskaraz aurkeztu dira eta 129 gaztelaniaz.

Kolektiboka, ikasleek 68 gai aurkeztu dituzte; irakasle-ikertzaileek, 56, eta administrazio eta zerbitzuetako langileek, 14. Gainontzeko 26 aztergaiak unibertsitateko arazoei buruzkoak baziren ere, unibertsitatetik kanpoko pertsonek aurkeztu dituzte.

Campuska, unibertsitatean bertan sortutako arazoetatik 73 Bizkaiko Campusetik atera dira; 34, Gipuzkoako Campusetik eta 31, Arabako Campusetik.

Aztergaien kategoriari dagokionez, 83 kontsulta egon dira, 74 kexa,6 bitartekaritza eskaera eta jazarpen kexa espezifiko bat. Aldezlearen txostenak adierazten du balizko jazarpen kasu hori "oinarririk gabekoa zen, argi eta garbi". Beraz ez zen inolako neurririk hartu.

Arazoen gaiak ere ezberdinak dira kolektiboen arabera. Ikasleengan gairik jorratuenak irakasleek egindako ebaluazioa, irakaskuntzaren kudeaketa, matrikula egiteko sortutako arazoak, irakasleen portaera eta gradu edo master amaierako lanak. Irakasle-ikertzaileen artean, aztergai sarriak izan dira lankideekin sortutako gatazkak, irakaslanaren banaketa, eta plazei eta ordezkapen poltsei zegozkien kontuak. Administrazio eta zerbitzuetako langileen atalean, nabarmentzen den gaia da lanpostu hornikuntza eta lekualdatzeko lehiaketak.

Klaustroaren aurrean egin duen hitzaldian, Aldezleak itaundu du ea zein neurritan unibertsitate komunitateak aurrera egiten duen bere xedea izan beharko lukeen horretara: Aldezlea bera beharrezkoa ez izatea. Hori lortu ahal da soilik "denok lan egiten, egunez egun, funtzionamendu bikainaren alde, bai zerbitzuan bai harremanetan, funtzionamendu eraginkor, zuzen, atsegin, ireki, garden, bihoztunaren alde". Era berean, norabide egokian pausuak eman direla atzeman duela adierazi du, baina bere ardurapeko erakundearen ikuspegitik, pausu horiek handiagoak izan beharko zirela erantsi du.

Hain zuzen ere, unibertsitateko bizitzan mugarriak diren eta lehen urtetik kezka eman  dioten hiru gai aipatu ditu Aldezleak. Lehenengoa, agintariek eta zerbitzuek unibertsitateko kideek aurkeztutako idazki eta erreklamazioei erantzunik ez ematea. Jarrera hori gaitzetsi du gaur egun ere instantzia batzuek edo ez dutela erantzuten edo modu desegokian erantzuten dutela nabarmenduz. Bigarren arazoa da unibertsitateko agintari batzuen jarrera behar bezain erabakitzailea ez izatea: "gaur egun, gure bulegoa arduratzen zuten gai batzuei dagokienez, nahiz eta txikiak izan, pausu batzuk eman direla esan dezakegu". Azkenik, unibertsitateko kide batzuen behar ez bezalako jokabideen aurrean erantzukizuna eskatzeari dagokio. Arlo horretan ere "pausu batzuk eman dira, Aldezlearen bulegoaren ikuspuntutik, handiagoak izatea nahiko bagenuke ere".