BCBL zentroak eta Euskara Institutuak 'Hiztegi proba' aplikazio abiarazi dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/02

Hitza euskara estandarrekoa den edo ez erabakitzeko online jokoa. Hori da Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutua  zentroen proposamen xumea eta mundu osoko euskal hiztunek "Hiztegi proba" jokoan http://hiztegia.bcbl.eu online aplikazioaren bidez parte har dezaten nahi dute.

Ikerketa honen xede nagusia euskadunen hiztegi maila neurtzea da, bai euskara ama-hizkuntza dutenena, bai euskara bigarren hizkuntza duten edo ikasten ari diren horiena ere, era horretan irakurleek euskarazko material idatzia nola deskodetu eta prozesatzen duten ulertu ahal izateko.

Orain dela gutxi Manuel Carreiras eta Jon Andoni Duñabeitia doktoreek osatzen duten BCBLko lan taldeak antzeko ekimen bat abiarazi zuen gaztelaniako hiztegiaren ezagutza nolakoa den ikertzeko asmoz, eta izan duen arrakasta ikusita ikertzaileek Pello Salaburu doktoreak zuzentzen duen Euskal Herriko Unibetsitateko Euskara Institutuarekin eta Marc Brysbaert doktorea buru duen Ganteko unibertsitateko (Belgika)  ikertzaile talde batekin batera proba horren euskarazko bertsio bat diseinatu dute euskal hiztun natibo eta ez natiboen datuak jasotzeko.

Aplikazioa dagoeneko plataforma higigarrietarako (tabletak eta interneterako konexioa duten telefonoak) eta ordenagailuetarako eskuragarri dago. Joko labur horretan erabiltzaileak pantailan agertzen zaion hitza euskaraz existitzen den edo ez erabaki beharko du. Proba egin ondoren, aplikazioak erabiltzaileak euskaraz ezagutzen duen hitzen ehunekoa ematen du. Horrez gain, aplikazioaren bidez ezagutzen ez diren hitzen esanahia ere zuzenean kontsulta daitezke.

Ikertzaileek Facebook eta Twitter (#hitzaedoez hashtagarekin) moduko sare sozialei esker jokoak hedapen handia izatea eta mundu osoko euskal hiztunengana iristea espero dute.

Hitz bakoitzari dagokion erreakzio denboraren emaitzak (hizki katea pantailan agertu denetik erabiltzaileak erantzun duen arte igaro den denbora) etengabe handitzen ari den datu base handi batera igarotzen dira, aste gutxi batzuen buruan euskarako 25.000 hitz baino gehiago irakurtzeko behar den batezbesteko denboraren estimazio hurbil bat egitea ahalbidetuko duena.

Proiektu honetako ikertzaile nagusietako bat Jon Andoni Duñabeitia da eta adierazten duenez, "aplikazio honek eskualde ezberdinetako eta hizkuntza soslai ezberdina duten dozenaka mila euskal hiztunek ezagutzen duten euskal hiztegiaren estimazio objektibo bat izatea ahalbidetuko digu". Informazio horri esker ikertzaileek hitzak euskaraz irakurtzearekin lotuta dauden mekanismo psikolinguistikoak ikertzeko balio handia duen materiala jasoko dute. Gainera, Duñabeitiak dioenez, "plataforma birtualak edozein lekutik erraz eskuratu daitezke, eta horrela Euskal Herrian dauden euskal hiztunengana zein munduko beste edozein lekutan daudenengana iristea posible da, esate baterako Ameriketan daudenengana".

BCBLko zuzendariak, Manuel Carreirasek, adierazi duenez, "euskal hiztun natibo eta ez natiboen zenbateko esanguratsu baten datuak jaso ondoren, hizkuntza horretan hitz solteak nola irakurtzen ditugun jakingo dugu, hartara burmuinak material idatziarekin nola lan egiten duen ondorioztatu ahal izateko".

Bestalde, Pello Salaburuk esan duenez, "euskararen gisako hizkuntza batek komunikabideetako teknologia berriekin bat egin duela" erakusten duen proposamen hau "hainbat ikerketa zentroen arteko elkarlanaren ondorioa da. Jokoaren bidez hiztunek haien hizkuntzaren lexikoari dagokionez duten ezagutza nolakoa den jakiteko gogoa piztuko dugu".

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa