euskaraespañol

Fisioterapia biriketako ebakuntza egin dieten gaixoentzat

Arnas ariketek murriztu egiten dituzte ebakuntzaren ondoko arazoak eta biriketako erresekzioaren ondoko ospitaleko egonaldia

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/15

Irudia
Ana Rodríguez, UPV/EHUko ikertzailea.

UPV/EHUko ikertzaile Ana Rodríguezek lehenengoz ebaluatu ditu biriketako ebakuntza baten ondoko arnas ariketen fisioterapia programa bat aplikatzearen ondorioak. Ariketa programak nabarmen murrizten du ebakuntzaren ondoko arazoen tasa; halaber, ospitaleko egonaldia bi egun laburtzen du, ebakuntzaren ondoren gaixoa bizkorrago berreskuratzea dakarrelako. Biriketako erresekzio baten ondoren (ebakuntza mingarrienetako bat da), arnasaren fisioterapiak min hori kontrolatzen eta birika ahalmena areagotzen ere irakasten du.

Orain arte, ebakuntza baino lehenagoko arnas fisioterapiak biriketako erresekzio ebakuntzetan duen eragina aztertu izan da; alabaina, ez zekiten arnas ariketetan oinarrituriko programa batek zer-nolako eragina izan zezakeen birika segmentu bat, lobulu bat, bi lobulu edo birika oso bat kendu dioten pertsona baten susperraldian. Ikerketa egiteko, Ana Rodíguezek Nafarroako Ospitale Multzoko bi gaixo talderen emaitzak erkatu zituen (guztira 237renak). Kontrol taldea 2006/07 urteetako 114 gaixok osatu zuten, eta ez zuten fisioterapia tratamendurik izan ebakuntzaren ondoren; talde esperimentala, bestalde, 2009/10 urteetako 123 gaixok osatu zuten, eta laguntza izan zuten (arnas fisioterapia); zehazki, 20 minutuko saioak egunero, ebakuntzaren biharamunetik ospitaleko alta hartu zuten arte.

Halako ebakuntza kirurgikoetan, birikak kolapsatuta egon behar du; hots, airea ateratzen zaio, eta berriz sartzen, ebakuntza amaitu ondoren. Halere, prozesu horretan organoak ez du arnas ahalmen betea berreskuratzen. Gutxitzea ebakuntza egin den birikan gertatzen da batez ere, baina bestean ere eragiten du.

Ebakuntzaren ondoko arnas fisioterapiaren xedea da, lehenengo eta behin, lagungarri izatea biek espantsio ahalmena berreskura dezaten, eta, ondoren, muki jarioak ez metatzea bronkio zuhaitzean eta albeolo distaletan. Hala, ebakuntzaren ondoko arazoak saihesten dira; esate baterako, arnas ahalmena galtzea eta atelaktasiak agertzea (albeolo batzuk kolapsatzea; oso ohikoa da kirurgiaren ondotik). Ikerketak dio kontrol taldeko 114 pertsonetatik % 30,70ek arazoak izan zituela; talde esperimentalean (123 gaixo), berriz, tasa hori nabarmen murriztu zen % 17,89raino.

Mugitzea atseden hartzea baino eraginkorragoa da

Fisioterapia programa honetan zetzan: 20 minutuko tratamendu saioak egunero, birikak berriz zabaltzeko, jariakinak errazago drainatzeko eta arnasari eta jarrerari lotutako gorabehera biomekanikoak zuzentzeko. "Ebakuntzaren biharamunean logelan sartzen zarenean, pertsonak tresnak, zundak eta pleura drainatzeak ditu inguruan. Hasiera bateko balorazioa egin eta ariketekin lanean hasi behar da. Gaixoaren joera da arnasa leuna egitea, eztulik eta hasperenik egin gabe; izan ere, arnasa hartzen duen bakoitzean mina hartzen du, nahiz eta medikuek sendagaien bidez mina egoki kontrolatu" azaldu du Ana Rodríguezek.

Minari aurre egiteko aktibatzen dituen defentsa mekanismoekin batera, ebakuntza egin dioten pertsonak mugikortasuna murriztu eta atseden hartu ohi du; alabaina, osatzeko estrategia onena mugitzea da. "Hori dela eta –azaldu du ikertzaileak–, taldeak harekin lanean dihardu, osatzeko prozesuan inplikazio aktiboa izateak duen garrantzia azaltzeko eta berehala ariketak egiten, jesartzen eta ibiltzen hasi behar duela esateko; izan ere, ariketa fisikoak berak laguntzen eta bizkortzen du berreskuratze prozesua".

Ebakuntzaren ondoko arnas fisioterapiako ariketen xedea da aire jario eta bolumen ezberdinak sortzea, biriken bentilazio ahalmena handitzeko. Pizgarri bolumetrikoa erabiltzen da: tresna enboloduna da, biriketan sartu den aire kopurua markatzen duena. Gainera, eztul efektiboa entrenatzen da, metatutako jariakinak errazago kanporatzeko. Batez ere, pertsona hezten da, berreskuratze prozesuan partaidetza aktiboa izan dezan. "Gaixook eginiko lana eskertzen dute, eta, gainera, badakite ikasitako fisioterapia ariketak oso lagungarri izango zaizkiela etxera itzultzean" baieztatu du Ana Rodríguez fisioterapeutak.

Egileaz

Ana Rodríguez Larrad (Arrasate, 1974) Fisioterapian diplomatua (Gimbernat Unibertsitate Eskola, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), Osasun Publikoan masterra (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Fisioterapian graduatua (Salamancako Unibertsitatea) da. Evaluación de un programa de fisioterapia respiratoria en pacientes sometidos a resección pulmonar izeneko tesia egin du UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean, eta Carlos Abecia Inchaurregui eta Jesús Seco Calvo irakasleak izan ditu zuzendari. Gaur egun, irakasle dabil UPV/EHUko Fisioterapiako Graduan.

Erreferentzia bibliografikoak

Rodriguez-Larrad A, Lascurain-Aguirrebena I, Abecia-Inchaurregi LC, Seco J.Perioperative physiotherapy in patients undergoing lung cancer resection.doi: 10.1093/icvts/ivu126.

Albistaren argazkia: Mikel Mtz de Trespuentes -UPV/EHU

Galeriaren argazkia: Polygon / CC BY-NC-ND