euskaraespañol

Joxe Azurmendik eta Juan Garziak 2015eko Euskadi sariak lortu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/16

Juan Garzia eta Joxe Azurmendi
Juan Garzia eta Joxe Azurmendi, 2015eko Euskadi Sariak

Juan Garzia filologoak jaso du 2015ko Euskadi Itzulpen Saria, William Shakespeare-Sonetoak. Zeru horren infernuak (Azkarna) liburu-diskoagatik. Argitalpena UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sorturiko Mikel Laboa Katedra bultzatu dute. Halaber, Joxe Azurmendi Otaegi UPV/EHUko Filosofia Modernoko katedradunak ere jaso du Euskadi Saiakera Saria; hain zuzen, Historia, arraza, nazioa liburuagatik (Elkar).

William Shakespeare-Sonetoak. Zeru horren infernuak liburuko poemak Juan Garziak euskaratu ditu, ingelesetik zuzenean. Epaimahai-kideek azpimarratu dute: "Poemen egitura eta errima gordetzen ditu, euskaraz ere ematen ditu, horretarako, euskal tradiziotik hartuz, hizkuntzarekin -Shakespeare bera berearekin aritu bezala- jokoan; jolasean baino gehiago, jokoan, indarrez, tradizioa eta berrikuntza maisuki erabiliz, berrikuntzak tradiziotik ateraz".

Garzia literatura-itzultzaileak aspalditik jardun du buru-belarri Shakespeareren sonetoak euskarara egokitzeko ahaleginean. Hogei bat urtez landu eta orraztu ditu, behin eta berriro,154 sonetoak eta beste hainbeste argibide iruzkin ere gehitu, irakurleari bidea errazteko.

Juan Garzia Garmendia (Legazpi, Gipuzkoa, 1955) euskal idazlea, euskalaria eta itzultzailea da. Filologia ikasi ondoren, irakasle aritu da urte askoan. UPV/EHUko Euskara Zerbitzuan lan egin zuen, eta Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bildumaz arduratzen da. 2013an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen.

William Shakespeare-Sonetoak. Zeru horren infernuak liburu-diskoaren edizioan, Koldobika Jauregi arduratu da irudiez eta diseinuaz, eta Joxan Goikoetxea musikaz, grabazioaz eta argitalpenaz. Aztarna argitaletxeak kaleratu zuen proiektua Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzaz.. Disko-liburuan abeslariek ere parte hartu dute hala nola Amaia Azkue, Paco Ibañez, Petti eta Mikel Urdagarin, zeinek Shakespeareren sonetoei ahotsa jarri dieten.

Joxe Azurmendi, Euskadi Saiakera Saria

Aurtengo edizioan, Joxe Azurmendi UPV/EHUko Filosofia Modernoan katedradunak ere jaso du 2015eko Euskadi Saria, Saiakera modalitatean. Epaimahai-kideen esanetan, "Azurmendiren liburuak Europan egun ‘doxa' den nazioalismo zibikoaren ideia aztertzen eta kritikatzen du, bere iturri nagusietako batera joaz: Renan-en lanera. Hala, beste Europa bat pentsatzeko atea zabaltzen digu. Obraren dokumentazio lan sakonak biziki aberasten du nazionalismoaren inguruko egungo gogoeta hori, eta sarritan falta zaion berme akademikoa ekartzen dio."

Azurmendiren lanak bi talde nagusitan bana daitezke: poesia eta saiakera. Lehenengo generoa gazte denboran landu zuen, eta sasoi hartako da Hitz berdeak (EFA, 1971) poema-liburua. Poesia soziala idatzi zuen, baina genero nagusia jorratu duena saiakera izan da. Lehenengo saio–lana Jakin aldizkarian sinatu zuen: "Kultura proletarioaz" (1973) izenburuarekin. Ordutik aurrera hamaika entsegu argitaratu ditu —bai artikuluak bai liburuak, hala nola Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1994), Demokratak eta biolentoak (Elkar, 1997), Oraingo gazte eroak (Luma, 1998), Hizkuntza eta talde nortasuna(UPV/EHU, 1999), Espainiaren arimaz (Elkar, 2006) eta Azken egunak Gadiagarekin (Elkar, 2009)— non zegamarrak gaur egongo gaiaz eta kezkaz hausnartu izan dituen, estilo zirikatzaile eta polemista erabiliz. Izan ere, gaur egungo euskal saiogile gorena dela esan daiteke.

Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) Arantzazuko Frantziskotarrenean ikasi zuen, eta ordenan sartu zen. Oliten eta Arantzazun ikasten jarraitu ondoren, Euskal Herritik kanpo, Filosofia ikasi zuen Alemanian, eta Teologia Erroman. 80ko hamarkadan frantziskotarren ordenatik irten eta UPV/EHUn irakasle hasi zen. Doktorego-tesia José María Arizmendiarrieta Arrasateko kooperatibismo-mugimenduaren sortzailearen filosofiari buruz egin zuen (1984), eta UPV/EHUko Filosofia Modernoko katedraduna da izan 2014an jubilatu arte.