euskaraespañol

Alzola eta Euskaltel, 2015eko Marketin Master Sarien irabazleak

Marketin Ekintza Osoaren Saria eta Marketin Ekintza Zehatzaren Saria jaso dute, hurrenez hurren

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/03

Irudia
Mikel Unanue Euskalteleko Marketin zuzendaria, Patxi Casal Alzolako CEO, Mikel Rentería WOPen sortzailea eta Dani ROS ROS.0-eko CEO

Marketin Master Sarien bigarren edizioan (PesMes 2015), besteak beste, Alzola Basque Water eta Euskaltel enpresak lehiatu dira, eta Marketin Ekintza Osoaren saria eta Marketin Ekintza Zehatzaren Saria irabazi dituzte, hurrenez hurren. Sariak Bizkaia Aretoko Mitxelena entzunaretoan banatu dira, UPV/EHUko irakasle Mª Soledad Aguirre eta Eva Emmanuel irakasleek zuzendu eta aurkezturiko ekitaldi batean.

Sariok Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterrean Graduatutakoen Elkarteak eta UPV/EHUko Enpresari Aplikatutako Ekonomiaren Institutuak sustatu dituzte; bi erakundeek Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean dute egoitza, Sarrikon. Marketin Master Sariekin, diziplina horretan nabarmendu diren euskal enpresa eta profesionalak saritu nahi dira.

Ekintza Osoaren Saria eta Marketin Ekintza Zehatzaren Saria

Alzola Basque Water enpresari Marketin Ekintza Osoaren Saria eman zioten, bere marka eta bere enpresa birsortu eta berriz sustatzeko izan duen gaitasunagatik; izan ere, 2013an hartzekodunen lehiaketara atera zen. Alabaina, arlo guztietan egindako marketin ahalegin handiari esker, eta diru gutxirekin baina sormen izugarriarekin, handik bi urtera 15 lanpostuei eutsi ahal izan diete, eta, horrez gain, beste zazpi sortu dituzte (eta beste batzuk ere sortuko dituzte etorkizunean).

Bestalde, Euskaltelek Marketin Ekintza Zehatz Onenaren Saria eraman zuen, bere zerbitzu berria sustatzeko abiatu duen "Wifi is in the Air; bizitza kalean gertatzen delako" kanpainagatik. Zerbitzu horrek, hain zuzen ere, datu kontsumorik gabeko wifia ematen die bezeroei.

Enpresa horiez gain, beste hauek ere saritarako aukeratu zituzten: Alboan, "Gatazkarik gabeko teknologia" kanpainagatik; Flow, Bilboko EMErako arkitektura eta branding proiektuagatik; Komunikatik, Getxo Kirolak enpresarako egindako online komunikazioaren eta sare sozialen proiektuagatik; eta Brand Factory enpresa, Bilboko Oftalmologiako Kirurgia Institutu Klinikorako (ICQQ) egindako branding eta birkokapen proiektuagatik.

Ekitaldian, halaber, 2014ko edizioan saritutako enpresak izan ziren: La SALVE Bilbao eta SupperStudio Packaging eta Branding Agentzia. Biak ala biak UPV/EHUko lizentziadunek eta hango Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterrean graduatutakoek zuzentzen dituzte. Sarien lehenengo edizioan lehiatu ziren enpresa guztien ordezkari, berriz, UPV/EHUko graduatu Mikel Rentería aritu zen, Walk on Proyect (WOP Band) proiektuaren sortzailea; ohorezko saria jaso zuen, Daniel Ros UPV/EHUko lizentziadunak zuzentzen duen ROS. 0 agentziarekin batera. Mikel Renteríak bertan zeuden guztiak hunkitu zituen, ikasbidea eman baitzien gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketa sustatzeko behar den jarrera positiboari, lanari eta konpromisoari buruz.

Marketin Master Sariak

Marketin Master Sariak 2014an sortu ziren, Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterra hasi zela 25 urte bete zirenean, eta datozen urteetan ere antolatuko dituzte. Sarion bidez, euskal enpresek eta erakundeek edo Masterreko ikasle ohi eta irakasleek marketinaren alorrean egiten duten lan ona aitortu, sustatu eta zabaldu nahi da: produktuen estrategia eta ekintza zehatz orijinalak eta eraginkorrak, banaketa eta/edo komunikazioa… Hau da, enpresa horien kanpaina eta ekintza onak saritu nahi dira: diru gutxirekin egiten direnak, merkaturako bidea jartzen dutenak, ikusleak hunkitzen dituztenak edo produktu edo marka bat arrakastatsu bihurtu eta emaitza bikainak ematen dituztenak.